GAIAK

Doinu herrikoiak eta dantzagarriak biltzen dituen ‘Egon edo ez egon’ kaleratu du Tapiak

‘Egon edo ez egon’ diska berria aurkeztu du asteazken honetan Joseba Tapiak. Koldo Izagirrerenak dira letrak eta musika herrikoi eta dantzagarriak dakartza hamar kantuz osatutako lanak.

Koldo Izagirre eta Joseba Tapia, disko berriaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

‘Egon edo ez egon’ disko berria aurkeztu du astearte honetan Joseba Tapiak Donostian, musikariak berak sortutako Zakurraren Biolina ekoiztetxearen eskutik. Bakarkako bederatzigarren lana du musikari lasartearrak eta, oraingoan, soinu kromatikoarekin ausartu da, haurra zela bazter utzi zuen generora.

Trikitixak ez zuela ezertarako balio eta musika klasikora, kontenporaneora sartu nahi izan zuten Joseba Tapia bere bi osabak, eta bide horretatik ibili zen, eskala komatikoetan gora-behera, zazpi urte zituenetik 14 bete arte, harik eta ‘La Campanella’-ren partiturak, «gogorregia» Tapia gaztearentzat, klasikoaren bidea utzi eta trikitixarena hartzera bultzatu zuen arte.

Baina ez zen betirako eskala kromatikotik aldendu. Soinu honekin adiskidetu da Tapia ‘Egon edo ez egon’ disko berrian, trikitixarekin egin ezingo zituen kantuak sortzeko. «Nahiz eta, niretzako, hau ere trikitixa den», esan du. Eskala honen arabera egin ditu, Tapiak berak, kantu eta moldaketa guztiak.

Emaitza, metalezko lau instumentuk (hiru erabili izan ditu orain arte), tronpetak, saxoak, tronboiak eta helikoiak, lau hotsez osatutako «festa» bat, Big Band baten antzera. «Kaletik» ere badu diskoak, zenbait genero dantzagarri eta herrikoien eskutik: tartean dira cumbia, merenguea, pasodoblea edo tangoa. «Erritmo hauek oso baldarki iritsi zaizkigu askotan, baino oso herrikoiak dira», zehaztu du Tapiak.

Eta Big Band horretara lagun berri batzuk ekarri ditu Tapiak. Orkestra Et Incarnatus-ekin grabatu ditu hiru kantu, eta ohiko taldekideez gain, batu dira disko berrira, kasurako, Ion Celestino tronpetan, Xanti Etxeberria baxuan, Olaia Intziarte koroan eta Ramontxo Vega ‘Nerbioki Zirgariak’ kantuan helikoiarekin.

Letrak Izagirrerenak

Joseba Tapiak esan du bata bestearen «terrenoan» sartuta sortu dituztela kantuak Koldo Izagirrek eta berak. Baina segituan ukatu du esandakoa Izagirrek: «Letra batetik soinua, musika, sortzen duen artistari letradunak ezin dio ezer ukatu. Zirriborro batzuetatik kanta bat egiten duen artistagana bizi arteko zorra sortzen da».

‘Hemen dago’ kantuarena salbu, zeina Gordobil delako batek idatzi zuen 1949ko apirilaren 26 batean (Gernikako bonbardaketaren urteurrenean), diskoa osatzen duten hamar kantuen letrak Koldo Izagirreren testuekin eginak dira eta, horregatik, diskoak ere badakar idazlearen sinadura. Disko «bariatua» da idazlearen esanetan, eta umorea nagusitzen da proiektuan, nola letretan, «ironia eta gaiztakeria» agertzen baitute, hala musikan, dantzagarriak baitira doinuak.

Ageri da, Izagirreren esanetan, «malenkonia» ere zenbait kantuetan, ‘Gudazkenez‘en edo ‘Bizibarea’n, kasurako. Baita omenaldi bat ere emakume «garratzei», ‘Nerbioiko zirgariak’ abestian.

Autotunea non da?

Ongi merezia zukeen Joseba Tapiak sare sozialetako ‘troll’ titulua. Chill Mafia talde iruindarreko Beñat Rodrigo (‘Kiliki frexko’) eta Julen Goldarazena (‘Flakofonki’) konplize izan ditu disko berriaren ezohiko promozioan, Hiru Damatxo taldeak perpretatuta.

Kolaborazio arraro honen istorioa Chill Mafiak hasi zuen, “Barkhatu” izeneko kantuko errepikara Tapia eramanez: «Guapos como Solano, leyendas como Tapia» («Solano bezain guapoak, Tapia bezain legendak»). Esaldi horrek sare sozialetan ziria sartzera eraman ditu hiru musikariak.

Tapiak kontatu du aurretik ere Chill Mafiakoek jo zutela beregana, kantu batean parte hartzeko proposatzera, ezinezkoa izan bazen ere.

Bideo-segida baten bidez hasi zuten adar jotzea, Chill Mafia eta Joseba Tapia (‘Daddy Tapia’ gisa berriki bataiatua) azken honen diskoan kolaboratuko zutela ulertzera emanez. Txandal laranja-urdin koloreko batekin agertu zen lasartearra, letretan gaztelera eta, are, ingeles pixka bat sartzeko asmotan, autotunea probatzen. ‘Egon edo ez egon, that is the question’ kantuan.

Eta bideo bakoitzaren amaieran, data bat: 2021/11/20. Hain zuzen, Tapiak ‘AHT’ kantua publikatu zuen eguna. Autotunea ez da inondik agertu.

Kontzertu berezia

Apirilaren 28an aurkezpen kontzertu berezia emango du Joseba Tapiak Donostiako Victoria Eugenian. Disko berrian parte hartu duten guztiak oholtzara igoko direla iragarri du, eta sorpresaren bat edo beste egongo dela.