2021 ABEN. 07 - 16:20h Haurrak txertatu? Zenbait datu zientifiko Izortze Santinen eskutik erabakia errazteko Haurren txertaketak sortu dituen kezkak eta zalantzak argitu nahian, Izortze Santin EHUko biologia eta biokimika molekularreko ikerlariak zenbait datu zientifiko eman ditu Twitter bidez, erabakia erraztu ahal izateko. Haur bat covid-19aren kontrako txertoaren lehen dosia jasotzen, Vienan. (Joe KLAMAR/AFP) NAIZ Lakuak astearte honetan iragarri du 5-11 urte arteko haurrak covid-19aren kontra txertatzen hasiko dela datorren abenduaren 15ean, Estatuko Osasun Publikoaren batzordeak argi berdea eman ondoren. Haurren txertaketak sortu dituen kezkak eta zalantzak argitu nahian, Izortze Santin EHUko biologia eta biokimika molekularreko ikerlariak zenbait datu zientifiko eman ditu Twitter bidez. Azaldu duenez, 5-11 urte haurrengan egindako Pfizer txertoaren entsegu klinikoan 2.268 haurretan (1.517k jaso zuten txertoa eta 751k plazeboa) inork ez zuen pairatu albo ondorio larririk, ezta AEBetan ere, non bost milioi haurrek baino gehiagok jaso duten covid-19aren aurkako txertoa. Entsegu klinikoan, soilik ohiko albo ondorio arinak pairatu zituzten aipatu adin tarteko umeek: sukarra, mina ziztadaren lekuan, nekea eta buruko nahiz giharretako mina. Batez ere 16 urtetik gorako nerabeengan atzeman diren miokarditis eta perikarditis kasu arraroak ez dira eman 5-11 urte bitarteko haurrengan. Bestalde, haurrei ere bi dositan banatuta ematen zaie pauta osoa, beraien kasuan, 10ug-takoa dosi bakoitzean, hau da, helduek jasotzen dutenaren herena. Eta covid-19aren aurkako eraginkortasuna %90,7koa da, Santinek Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroren (ECDC) txostena aipatuz argitu duenez. ⏩ #Pzifer txertoaren entsegu klinikoa umeetan:▪️Partehartzaileak: 2268 ume 5-11 urte bitartekoak: 1517 txertoa + 751 plazebo.▪️Txertoaren 2 dosi (10ug-takoa bakoitzak; helduei ematen zaigunaren 1/3) 21 egunetako tartearekin.▪️Eraginkortasuna #COVID19ekiditeko: %90.7 — Izortze (@Izorbaraka) December 6, 2021 Umeak txertatzeari esker, populazio osoan ematen den covid-19aren transmisioa gutxituko litzateke; estimazioen arabera, birusaren Rt-a %11 jaitsiko litzateke, Santinek azpimarratu duenez. ⏩ Umeen txertaketaren inpaktua pandemiaren bilakaeran:▪️Modelizazio-datuen arabera, umeen txertaketak populazio osoan ematen den transmisioa gutxiatuko luke.▪️Estimazioa: birusaren Rt-a %11a jeitsi.▪️Inpaktua zenbait neurri ez farmakologikoek eragiten dutenaren antzekoa. pic.twitter.com/EzSoqfB5l9 — Izortze (@Izorbaraka) December 6, 2021 Covid-19aren eragina haurrengan Oso ezohikoa da haurrek covid-19aren ondorioz gaixotasun larriak garatzea. Birusarengatik hiltzeko probabilitatea %0,003koa da, ZIUn ingresatzekoa %0,06koa eta ospitaleratua izateko arriskua %0,61. Baina, kasu: arrisku faktoreak zituzten umeetan ospitaleratua izateko arriskua 12 bider handiagoa da (%7,32) eta ZIUn ingresatzekoa 19 aldiz handiagoa (%1,14). ⏩ Zeintzuk dira arrisku faktore horiek?1️⃣ Prozesu onkologikoak2️⃣ Arnas aparatuko gaixotasunak, asma kasu3️⃣ Diabetesa 4️⃣ Bihotz gaixotasunak5️⃣ Gaixotasun neurologikoak‼️Arrisku faktoreek orohar ospitalizatua izateko arriskua x12 eta ZIU-an bukatzekoa x19 handitzen dute. — Izortze (@Izorbaraka) December 6, 2021 Covid-19aren ondorioz sindrome inflamatorio multisistemikoa garatu dezakete haurrek. Gaixotasun larria izan daiteke garaiz ez bada tratatzen eta, normalean, ZIUn ingresatzea eskatzen du, Izortze Santinek jaso duenez. Halere, kasu honetan ere gaixotasun hau garatzeko arriskua oso txikia da: AEBetako ikerketa baten arabera, 10.000 haurretan hiru (%0,03) gaixotu daitezke. Bestalde, koronabirusa izan duten umeen %4k epe luzeko sintomak izan ditzakete, hau da, gaixotasuna igarota lau astera ere nekea, kontzentrazio falta edo arnasteko arazoak izan ditzakete. Luzerako sintoma hauek sei hilabete baino gehiagoz ere luzatu daitezke. ⏩ Epe luzeko #COVID19 umeetan:▪️Zer da? Gaixotasuna pasa eta >4 aste sintomekin jarraitzea (nekea, buruko/giharretako mina, kontzentrazio falta, arnasteko arazoak...)▪️Hilabeteak iraun ditzake (>6 hilabete)▪️#COVID19 izan duten umeen %4 inguruk pairatzen du. — Izortze (@Izorbaraka) December 6, 2021 Pandemiak bestelako eraginak ere baditu umeengan. EHUko ikerlariak gogora ekarri duenez, «eguneroko interakzio sozialen eta hezkuntza aktibitateen etenaldiak antsietatea eta atsekabea eragin die», eta «berrogeialdiek eragina dute umeen hezkuntzan, bereziki pandemia aurretik ikasketekin arazoak zituzten umeetan».