GAIAK

Mikel Urdangarin, ur zabaletara itzultzeko bidean

Planeta, ez atzera ez aurrera, ‘impasse’ une batean dagoela dirudienean, Mikel Urdangarinek bira bat bukatu (‘Izurdeen lekua’, 2020) eta anbizio handiko beste bati (‘25 Tour’) ekingo dio. Osagaiak? Bi disko, orkestra bat eta New York edo Okinawa bezalako hiriak

Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuaren irudia. (Gaizka PEÑAFIEL)

Noizean behin gure hondartzetara galduta iristen diren izurdeen ametsa eta desira itsasora onik itzultzea izaten da. Bestela, akabo bizitza eta askatasuna. Gutariko asko izurde horien antzera gabiltza garai pandemikootan, ufadaka haizea hartu eta burua uraren gainetik ezin eutsita, baina beti esperantzara lotuta.

Izurdeena, metafora bezala, indar handiko irudia da, irakurketa anitzekoa. Horren adibide, esaterako, Kirmen Uribek kaleratutako azken nobela (‘Izurdeen aurreko bizitza’, Susa); edo Mikel Urdangarinek berak 2020an argitaratutako ‘Izurdeen lekua’(Zart) disko biribila, geruzaz betea eta une, doinu eta hitz terapeutikoz bustia. Zornotzarrak urtarrilaren 28an emango dio bukaera Donostiako Victoria Eugenia antzokian diskoaren aurkezpen birari, hurrengo proiektuei heltzen dien bitartean.

Pandemia betean sortuta –«Itsasargiak bailiran hor azaldu ziren izurdeak» kantatzen du, konfinamendutik ateratzean izan genuen arrotz sentsazio hura islatuz–, ‘Izurdeen lekua’ diskoak zauriak ixten dituen musika jasotzen du, musikak duen gaitasunaren seinale: bai gizartearentzat, orokorrean, bai maila pertsonalean. «Utziozu bizitzari kulunka zaitzan», kantatzen digu Mikel Urdangarinek.

«25 tour» prestatzen

Aurten 25 urte, mende laurdena, beteko du  Mikel Urdangarinek musikagintzan. Data esanguratsua, bidegurutze baten iragarpena, beharbada. Bi aukera zituen Mikel Urdangarinek: atzera begiratzea –eta kaleratu duen ‘Haitzetan 1997-2022’, bere lehenengo diskoaren birmasterizazioa, hor koka daiteke– edo bide berriak urratzea.

Zein aukeratu? Zailena eta aberasgarriena, agian? Mundua hankaz gora dagoen arren, nazioarteko bira bat ‘kozinatzen’ ari baita zornotzarra, ‘25 tour’ izenekoa. Atzo Iruñean eman zuen kontzertuaren bezperan aurreratu zizkigun xehetasun batzuk telefonoz: «Urte polita izango da, saiatuko garelako hemendik kanpo ahalik eta gehien jotzen formatu desberdinetan, eta 25 urte hauetan bisitatu ahal izan ditudan zenbait tokitan errepikatzen. Egoera zaila da, mundu mailan zaila da oso, inoizko zailena, baina toki esanguratsuak barreiatuak daude nigan, zera berezia utzi dutenak, eta nahi nituzke berriz bisitatu. Eta berriak ere ezagutu».

Lehenengo kontzertua otsailaren 5ean izango du, Madrileko Caracol areto mitikoan. Maiatzean New Yorkeko Brooklyneko Jalopy Theather-en egongo da, eta urrian etxe orratzen hirira itzultzeko asmoa du. Madrilen beste hiruzpalau data, Bartzelonan beste pare bat, Edinburgora urrian joan nahi du –«bidaia aprobetxatuz saiatuko gara uharteetan, Irlandan eta Ingalaterran, biratxoa egiten»– eta udazken edo negurako Japonian bira egiteko tratuetan dabiltza, Okinawan zehazki...

Aldi berean, azken sei hilabeteotan proiektu berezi batean dabil buru-belarri Bilboko Orkestrarekin batera, lantalde ‘potente’ batek lagunduta: Bingen Mendizabal, konposizioak egiten; Koldo Uriarte, ekoizle lanetan eta Iker Sanchez, zuzendaritzan. Estreinaldia Bilboko Aste Nagusian izango da, kontzertu eta disko formatuan. Bira bat ere egon liteke. Batak, bakarlariak, aurten mende laurdena betetzen du musikagintzan; besteak, orkestrak, mende bat, biribila.

Pantailen aurrean

Egun batzuk lehenago, Errege egunaren bezperan zehazki, Mikel Urdangarin eta biok pantailaren aurrean gaude, hizketan, bakoitza bere etxetik. Konfinamendu garaian hain ohiko bihurtu genituen online hitzorduak berreskuratu behar izan ditugu omicron aldaerak gogor jo duenean. Musikaria pianoaren aurrean dago, etxeko egongelan, mintzatzen ari garen une horretan isolamenduaren azken egunean baitago. «Oso arina da, gripea bezalakoa, Gabon zaharra bakarrik pasatu behar izateko adinakoa baina. Ni fisikoki ongi nago. Halere, kutsatze masiboa da, ez dago familia bat kasuren bat ez daukana».

Erreportajetxo edo solasaldi hauen inguruko bizipenak, egia esan, pasatu ditugun Gabonen kronika kulturala bistaratzeko balio lezake: abenduaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian, ohi bezala, urteko azken kontzertua eman zuen Mikel Urdangarinek. Hitzordu berezia, pare bat ordu lagun artean; halere, beste batzuetan baino jende gutxiago gerturatu zitzaien.

Beldurra, agian; kultur hitzorduek hori ere pairatu behar izan dute. Sei egunen buruan, abenduaren 29an, LABIk indarrean jarritako neurri murriztaile zorrotzaren ostean, Kafe Antzokiko arduradunek aretoaren itxiera iragarri zuten. Gutxienez urtarrilaren 28ra arte ez ditu ateak zabalduko; aurretik 18 hilabetez egon da itxita. Zama hori darama gainean.

Tartean, kutsatze masiboa; Urdangarin etxean, beste asko bezala, eta, urtarrilaren 6an, ‘askatasuna’ berreskuratuta, Jon Maiak Bilboko Arriaga antzokian eskaini zuen ‘Kantu bat gara’ disko-liburuaren lehenengo kontzertuan gonbidatu gisa igo zen oholtzara... hain justu, edukiera murrizketen neurriek zuzenean kolpatu zuten aurreneko ikuskizunaren protagonistarekin batera.  

Birusarekin bueltaka

Noria batean bezala, gora eta behera, horrela dabil kultura sektorea. Atzo, Iruñeko Zentral aretoan kontzertua eman zuen Urdangarinek, birako azken-aurrekoa; gero 28an, Victoria Eugenian, agur ‘Izurdeen lekua’ birari: «Iruñekoa murrizketa handiekin dator, eta gehiago da gure borondatea, keinu bat gure aldetik egiteko, benetan ekarri ahal digun onura baino. Ez digu merezi kontzertua egitea, hobea litzateke guretzat bertan behera uztea. Baina bira bukaera da eta hori errespetatu nahiko nuke», esan du bakarlariak.

Whatsapp bat jaso dugu hurrengo egunean: Victoria Eugeniako azken kontzerturako sarrerak agortu dira. Albiste ona... baina hobea izan zitekeen. Bi urte luze pandemiko hauek kulturarentzat birrintzaileak izan direlako. «Egoera ez da berdina izan denontzat, baina oro har kulturarentzat kaltea ukaezina da. Eta zein tamainakoa izan den ez dakit, baina kaltetuen artean egongo gara, ziur nago. Egun, Victoria Eugenian aforoan %60an ibiliko dira, baina guk hori ia hilabete lehenago salduta geneukan, eta hor ‘muskulua’ kentzen dizute. %40ari agur esatea, demagun, momentu honetan oso nekagarria egiten da eta min pixka bat egiten dizu, ez bakarrik poltsikoan», argitu digu.

Eta koronabirusak sortu duen egoerari buruz hitz egitera behartu dugu Urdangarin: «Nik ez dut birusari buruz asko pentsatu nahi. Nahiko nuke aurrera egitea, guk ez genukeelako nahi gure bizimodu hau edo bizitzeko era hau aldatu. Ni hartzen diren erabaki hauekin oso kritikoa naiz, eta kulturgileengan nola eragin duten benetan mingarria egiten zait. Ez dut esaten erabakiak arinki hartzen direnik, zeren uste dut ari direla legislatzen oso baldintza txarretan, baina sentsazioa daukat gurekin injustizia handi bat sortzen ari dela. Murrizketen kontuarekin oso kritikoa naiz baina, kritikoa izateaz aparte, gelditzen zaidan bakarra da nire jarrera... eta birritan kutsatu naiz, txertatuta nago, baina birus honekin beste era batera bizitzearen alde nago: errespetu guztiarekin, baina beldurrak ez diezagula agindu agintzen duen eran».   

Euskaraz sortu eta sinetsi

Luze hitz egin daiteke edozeri buruz musikari honekin. «Batzuetan pentsatzen dut ez garela herri aurreratu bat, moderno bat, nahiz eta aldameneko herriekin ez dakigun hobeto gauden. Garen baino hobeagoak izan gaitezkeela, hori argi daukat. Batzuetan anbizio falta ikusten dut, orokorrean». Anbizio falta, norengan? «Eragileongan, bai, ikusten dut anbizio handia, munduan jotzeko nahia, ez Euskal Herrian bakarrik –erantzun du–. Mundurako ikuspegi eta jarrera batekin gabiltza asko, eta batzuetan falta zaigu beste zenbaitek sinestea. Zeren oso inportantea da: norberak sinestea ez da nahikoa, behar duzu ere zure inguruak sinestea euskaraz sortzen denak mundurako balio duela. Hori da izan dezakegun anbiziorik handiena, eta bestalde errealitate bat da: Euskal Herria ez da Euskal Herria bakarrik, beste eszenatoki handiago baten parte eta ondare gara».

Udaberriak

«Birusean bezala, nik ez dut pentsatzen askotan nire ibilbidean. Hor indarra joaten da. Udaberriro aprobetxatu behar dugu loratzeko eta ahal bada lore ederragoak ateratzeko. Horrela ikusten dut bizitza, baina ez dut pentsatzen hainbeste zuhaitz horrek dituen korapiloetan».

Espiritualtasuna

«Orain beste puntu batetik hurbiltzen naiz kantuetara, eta bizi dudan harremana oso sakona da, ia erlijiosoa. Ez naiz fededuna, baina musikak ematen didan mundua erlijiotik gertu sentitzen dut, espiritualtasunetik ari naiz, musikak daukan ahalmenetik»

Enpatia

«Nik enpatiarekin begiratzen diot orain 25 urteko Mikel horri, eta ‘flipatzen’ dut nola gai izan zen kantu sorta bat egiteko [«Haitzetan», 1997], bospasei akorde nekizkielako gitarrarekin, baina urgentzia oso barruko bat neukan: egin behar nituen kantuak eta kantatu behar nituen».