GAIAK

EHUk eskatu ditu 2021ean EAEn erregistratutako patenteen ia erdiak

Eva Ferreirak, EHUko errektoreak, azaldu du iaz Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako EAEko Sareak erregistratu zituen patenteen «ia erdiak» Euskal Herriko Unibertsitateak eskatutakoak izan zirela.

Ezkerretik eskuinera: Inmaculada Arostegui, Ikerketaren arloko errektoreordea, Eva Ferreira errektorea, eta Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea. (Fernando Gomez | UPV/EHU)

EHUk 2021ean Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako EAEko Sareak erregistratu zituen patenteen «ia erdiak» eskatu zituela jakinarazi du ostegun honetan Eva Ferreirak, EHUko errektoreak. Guztira, 2021ean 103 patente erregistratu ziren EHUren izenean, 2020an baino 25 gehiago. Ostegun honetan Bilboko Bizkaia Aretoan ospatu den ‘Jakintzaren transferentzia UPV/EHU-Gizartea’ txostenaren aurkezpenean plazaratu du datua Ferreirak.

Era berean, EHUk gizartera transferitutako ustiapen lizentzia kopurua ere hazi zen iaz, 27 izan baitziren 2020ko 18 lizentzien aldean. Patenteen kasuan ez bezala, lizentzien bidez hirugarrenek ere unibertsitateak sortutako asmakuntza edo teknologia bat merkatuan erabili dezakete. Hori horrela, asmatutako teknologien %34 enpresei transferitu zien unibertsitateak merkatuan ustiatzeko eta aberastasuna sortzeko asmoz.

Enpresen ildotik jarraituz, Ferreirak azaldu du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren ostetik, spin-off enpresen, unibertsitatearen ekintzailetzatik sortzen direnen, sorkuntzako Estatu espainiarreko sailkapenek bigarren postuan kokatzen dela EHU: «2021ean, euskal unibertsitate publikoak 12 spin-off enpresa sortu, eta 10 milioi euro fakturatu zituen, erakunde, elkarte eta enpresekin egindako kontratuen bidez».

Hala ere, 2021eko kontratuak 2020koak baino merkeagoak izan ziren. Hau da, 2020an EHUk 1.166 kontratu sinatu eta 11.3 milioi euro poltsikoratu zituen. Iaz, aldiz, 10 milioi euroko diru sarrerak izan zituen 1.300 kontraturen truke.

Kontratuen lan esparruaren inguruan galdetutakoan, Guillermo Quindosek, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak, azaldu du enpresa eta erakundeekin sinatutako kontratuen ia heren bat ingeniaritza eskola eta arkitekturaren alorrean gorpuztu zirela. Bestalde, biomedikuntza eta farmaziaren arloan ere kontratuak sinatu zirela esplikatu du. Hala ere, EHU unibertsitate «jeneralista» dela gogorarazi du eta, hortaz, kontratuak sortzen dituzten esparruen artean aniztasun handia dagoela baieztatu du.

Jarraian, Quindosek esplikatu du enpresa kontratatzaile gehienak Euskal Herrikoak diren arren, mundu osoan zehar dituela bezeroak EHUk. Adibidez, bezeroen artean enpresa txinatar eta arabiar «nahiko bitxi eta potenteak» dituztela aitortu du Quindosek baina, konfidentzialtasun kontratuak argudiotzat erabiliz, ez ditu enpresen izenak esan.

Dibulgazio zientifikoa

Bestalde, dibulgazio zientifikoaren inguruko datuak ere eskaini dituzte ostegun goizeko emanaldian. Ferreirak azaldu duenez, EHU «lehenengoa izan da edukien ekarpenean The Conversion plataforman, 2021.urtean». Zehazki, unibertsitateak 2.050.000 irakurketa izan zituen plataforman.

Hortaz gain, komunikabideak ere erabili ditu unibertsitateak gizartean dibulgazio zientifikoa sustatzeko. Hori horrela, joan den urtean 682 informazio ekintza (prentsaurrekoak, prentsa oharrak, deialdiak…) antolatu eta 12.292 inpaktu izan zituen idatzizko eta ikus-entzunezko hedabideetan. Online euskarrietan, ostera, 26.913 inpaktu izan zituen unibertsitate publikoak.