2022 OTS. 01 - 11:13h Neomak taldeak ‘Ilargi berriak‘ kantua aurkeztu du bideoklip batek lagunduta Kepa Junkeraren proiektuan sorginak izan zirenek sortu dute Neomak taldea. Urte batzuk elkarrekin aritu gabe egon ostean, iaz berriz ere batu eta 2022an ikusiko du argia beren lehendabiziko diskoak. Peru Atxa Estreinako kantua aurkeztu du Neomak talde gipuzkoarrak, ‘Ilargi berriak’ deiturikoa. Airaka zigiluaren azpian hasi dira grabatzen zazpi emakumeak beren trikiti doinuak, duela urte batzuk hasitako bideari eutsi eta beren proiektu propioa garatzeko asmotan. Lan berri hau Haritz Harreguyrekin grabatu dute eta masterizazioa Ultramarinos estudio entzutetsuan egin dute Victor Garciaren eskutik. Bideoklipean agertzen diren zazpiak dira taldea osatzen duten partaideak eta Bideolan izan da ikus-entzuneko piezaz arduratu dena. Lan handia egon da bideokliparen atzean eta horren adibide dira jantzien diseinuan aritutako Amaia Albes, estilismoko Maite Albes eta ile-apainketan eta makillaje kontuetan lagun izan dituzten Arima Ile-Apaindegia eta Nua Estetika Zentroa. Gorputz adierazpenaren zuzendaritza, berriz, Garazi Etxabururen eskutik joan da. Apiriletik aurrera hasiko da taldea beren debuteko diskoa aurkezten eta datozen hilabeteetan sare-sozialen bitartez iragarriko dituzte datak. Neomak Neomak taldea Gipuzkoako herri desberdinetako zazpi emakumek osatzen dute. Arrasateko Leire Etxezarreta, Amets Ormaetxea eta Irati Gutierrez, Asteasuko Garazi Otaegi, Eneritz Aulestia zarauztarra, Zizurkilgo Maria Lasa eta Alaitz Eskudero debarra dira zazpi kideak. Taldea duela urtebete sortu zen arren, lehenagotik ere elkarrekin aritu ziren duela hiru urte etendako Kepa Junkera & Sorginak proiektuan. Iaz, 2021ean, jaialdi batean jotzeko aukera proposatu zieten eta bertan zazpi gazteei berriz ere elkarrekin aurrera egiteko irrika sortu eta martxan jarri ziren proiektu berriarekin. Laster izango da lan horren fruitua kalean.