2022 OTS. 28 - 12:41h “Arditik ardira”, herriko historia ezagutzeko jolas erraldoia Aiako historia idatzita gelditu da herriko dema-plazan. 836 baldosatan. Marrazki handiz osatutako 63 lauki erraldoiren bidez ehundu dute iragana eta oraina. Pertsonak, ofizioak, lekuak, gertaerak... Fitxarik eta dadorik gabeko “Arditik ardira, emaiozu bira” jolasa da, antzarak ardi bihurtuta. Arditik ardira jolasaren irudia. (Eli TXAPARTEGI) Testua eta argazkiak: Eli TXAPARTEGI Jolas bat. 63 laukiz osatutako zirkuitua. Ez da Antzara Jolasa, “Arditik ardira” baizik. Antzarak ardi bilakatu dira eta zubiak, berriz, errota. Hori bai, arauak berdinak dira eta helmugara lehen iristen denak irabazten du partida. Gainera, ez dago fitxarik, ezta dadorik ere. Izan ere, jokalariak dira piezak eta dadoen funtzioa, berriz, erdian kokatutako erruletaren esku dago. Nolanahi ere, aipatu bi jolasen arteko alderik handiena tamaina da, zalantzarik gabe. Baina baita kokapena ere. Aiakoa ez da mahai gainean kabitzen eta ezin da etxeko apaletan gorde kartoizko kaxa baten barruan: 13 metroko luzera eta 6 metroko zabalera du eta Aiako dema plazan kokatuta dago, Castelloko enpresa batek egindako baldosa erraldoiez osatuta. Tamaina, kokapena eta istorioak Alabaina, tamaina eta kokapena ez dira jolasaren berezitasun bakarrak, lauki bakoitzak istorio propioa biltzen baitu. Lauki bat, istorio bat; 63 lauki, 63 istorio; belaunaldiz belaunaldi herrian ehundutako historia osatzen duten 63 istorio. Hau da, 63 zertzelada historiko, herriko kontaketa kolektibo erabat berezia osatzeko. Pertsonak, ofizioak, lekuak, gertaerak... Lauki bakoitzak bere protagonista du. Jakina, protagonista bakoitzak data zehatza du, baina erdian kokatutako erruletak erabakiko ditu historiaren erritmoa zein norabidea, iraganaren eta orainaren arteko saltoak bat-batekoak izango direlako, kronologiaren logikari jaramonik egin gabe. Aiako Ardi Jolasa Laupauso estudioko diseinatzaile Asier Erguin eta Esti Lizarretak eta Eneko Sanz historialariak sortu eta diseinatu zuten 2019an. Herriko ondarea eta historia jaso eta ezagutaraztea zen proiektuaren helburua. Horretarako, noski, zenbait iturritara jo behar izan zuten jolasaren sortzaileek; batez ere, bitara. Batetik, herriko Udaleko artxiboetan gordetako dokumentuak aztertu zituzten eta, bestetik, herritarren memoriatik jasotako pasadizoak. Dokumentu erraldoia, plazan idatzita Lehen laukiak, jolasaren abiapuntuak, 2008. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuten Altxerriko haitzuloa irudikatzen du. Ondoren datoz, besteak beste, amona Juliana (gozokiak banatzen zituen asto gainean Aiara iritsi eta gero), Gabino Alustiza (alkate izan zen Errepublika garaian eta Gerra Zibilean atxilotu eta fusilatu zuten), Fermin Gilisagasti ainguragilea (Herbehereetan espioitza lanak egin ondoren, han ikasitako teknikak Aiako burdinoletan landu zituen); Leon Txiki aizkolari eta apustulari famatua (ezagunago egin zen Kortatu taldeko disko bateko azalean agertu ondoren); Jose Miguel Maiz korrikalaria... Baldosaz osatutako laukien tamainari esker, marrazki handiak egin ahal izan dira, ondoko paneletan azalpen interesgarriak dituzten irudiak. Izan ere, sortzaileek dioten bezala, «idazten ez dena galdu egiten da. Ardi Jolasean jaso dugun kontaketa hemen jasota dago dagoeneko, betiko. Aiako garai desberdinak islatzen dituen dokumentu handi moduko bat da». Eta dena 836 baldosatan bilduta.