2022 MAR. 08 - 07:55h Neomak taldea, pandero eta irrintzien bitartez ahalduntzen Panderoa, perkusioa, ahotsak, irrintzia… Zazpi emakume gaztek osatutako Neomak musika taldeak bere egunerokoan erabiltzen dituen tresnak dira, baina bereizgarri batekin: ahalduntzeko tresna gisa, «bai musikalki, baita pertsonalki ere». Goian: Eneritz Aulestia, Amets Ormaetxea, Garazi Otaegi eta Leire Etxezarreta. Behean: Maria Lasa, Irati Gutierrez eta Alaitz Eskudero. (NAIZ) Joseba Salbador Goikoetxea Neomak taldeak urte bat baino ez duen arren, bere partaideek denbora asko daramate musika munduan. «Hasieran trikitixa txapelketetan ibiltzen ginen, bikoteka, eta 2014an Sorgiñak taldearen inguruan elkartu ginen. Kepa Junkerak emakume panderojoleak behar zituen eta Gipuzkoako trikitixa eskoletan aritu zen bila. Horrela sortu zen Sorgiñak taldea», esan du Eneritz Aulestiak. Modu horretan, bost urte pasatu zituzten mundu osoan zehar kontzertuak emanez eta bi disko ere atera zituzten, 2018ko amaieran Kepa Junkerak ezbeharra izan zuen arte. «Penintsula osoan ibili gara eta munduan zehar ere bai: Washington, Krakovia, Danimarka, Alemania, Frantzia, Portugal, Maroko…». Amets Ormaetxeak azaldu duenez, «bidaia horietan hasi ginen ikusten eta ikasten beste herrialdeetan panderoa nola jotzen zuten eta horrek gure ikuspegia zabaltzen lagundu zigun». Bere iritziz, Euskal Herrian panderoaren irudia beti trikitixarekin lotu izan da, «eta horrek mugatu egin du urte askoan instrumentu honen potentziala. Aldiz, gure bidaietan, ikusi dugunean beste herrialdeetan ere panderoa jotzen dutela, eta beste formatu batzuetan, ikuspegia aldatzeko lagundu izan digu». Bi urte geldirik egon ostean, iaz berriro elkartzen hasi ziren. «Konfinamendua pasa ostean Arrasateko jaialdi batetik deitu gintuzten denok batera zerbait puntuala egiteko, eta hala egin genuen, erromeria moduan eta oraindik ere Sorgiñak izenarekin», kontatu dute. Kontua hor geratuko zela uste bazuten ere, Nafarroako Trikitixa Jaialditik deitu zieten. «Hiru pieza jo behar genituen eta pixka bat gehixeago prestatzea pentsatu genuen. Horrela, pieza berriekin, aurreko etapa amaitutzat eman eta berri bat zabaltzea erabaki genuen, gure arteko harremana faltan botatzen genuela aprobetxatuz». Horrela sortu zen Neomak taldea; lehen emanaldia 2021eko urtarrilaren 30ean izan zuten, Altsasun. Harrezkeroztik, emanaldi asko izan dituzte. «Tartean pandemia egoeran jarraitu badugu ere, ezin gara kexatu eta emanaldi asko izan ditugu», esan du Leire Etxezarretak.Tradizioa eta berrikuntza Azken urte honetan, beraz, beren ibilbidea finkatzen eta garatzen joan dira, eta tradizioa zein berrikuntza nahastu dituzte naturaltasun osoz. «Sorgiñak taldetik Neomak-era garapen bat egon zen bezala, Neomak taldearen baitan ere garapen bat izan da, nahiz eta urtebete besterik ez den igaro. Baina hasieratik argi izan dugu tradizioa eta berrikuntza uztartu nahi genituela», azaldu dute. «Alde batetik, tradizioaren iturritik edaten dugu. Guk umetatik jaso izan duguna hori da, trikitixa eta panderoa, hemen beti jo izan den moduan. Baina bestetik, argi izan dugu gu ez garela hori bakarrik. Izan ere, nahiz eta trikitixa jo, musika mota desberdinak entzuten ditugu eta estilo horiek gure musikarekin uztartzeko apustua egin dugu», gaineratu du Eneritz Aulestiak. Estetikoki ere gauza berriak proposatu nahi dituzte Neomak taldeko kideek. «Panderojole baten irudia beti estetika zehatz batekin lotu izan da, baina guk horrekin puskatu nahi izan dugu. Eta zazpi laguneko taldea izateak ahalbidetzen digu panderojole tradizionalaren irudia haustea», nabarmendu du Amets Ormaetxeak. Ildo horretan, Galizian edo Asturiasen dauden emakumezko panderojole taldeen irudia ekarri dute gogora, garai batean Euskal Herrian existitu zena baina gaur egun galdua dagoena (ezagutzen diren argazki bakarrak 1915-1920 ingurukoak dira, Urkiolako erromerian). Geroztik, panderojole ezagunak izan dira, baina beti bakarka eta trikitilari edo albokari gizonezkoei lotuta; horien artean ezagunenak, Maurizia Aldeiturriaga, Primi Erostarbe eta Nati Bilbao. Noemak taldearen ekarpena, beraz, azken urteetako irudi hori puskatzea izan da, talde irudia berreskuratuz eta panderojoleari erabateko autonomia emanez, «ez beste instrumentu baten laguntzaile bezala». Aulestiak esan duenez, «Asturiasen eta Galizian, adibidez, panderojoleak ez dira beste edozerekin lotzen. Agian horregatik mantendu dute formatu hori eta hemen galdu egin da, urte askoan trikitixari lotu zaiolako». Ariketa askatzailea Irudia ez ezik, musika arloan ere askoz aukera gehiago eskaintzen die zazpi laguneko taldea izateak. «Formatu hori bereizgarri bat da eta aukera ematen digu beste puntu bat emateko gure musikari, koralagoa edo banda moduan. Hortaz, ez dugu behar beste instrumentu organikorik. Pandero eta perkusioari gure ahotsak gehitu eta ez dugu besterik behar», gaineratu dute. «Agian, konturatu gabe, gure barrenean nahi hori daukagu, panderoa trikitixatik askatzea eta bera bakarrik instrumentu osatua dela eta gauza zoragarriak egin ditzakegula aldarrikatzea». Ideia horretan sakonduz, panderoaren ahalduntze edo askatze horrek musika estiloan ere ahalduntze moduko bat ekarri diela nabarmendu dute, eta ez hori bakarrik, pertsonalki ere «liberazioa» ekarri diela diote. «Kontziente izan gabe ere, Neomak taldeko kideok egin dugun ariketa zera izan da: askatu gaitezen gu musikari bezala, baina baita pertsona bezala ere, beldurrik izan gabe. Mentalitate aldaketa bat», esan dute Eneritzek eta Ametsek. Panderoaz eta ahotsaz gain, Neomak taldean irrintziak ere berebiziko garrantzia dauka. Eneritz Aulestiaren iritziz, gainera, «irrintzia oso elementu indartsua da eta ahalduntzeko tresna bihurtzen dela esan genezake, indarra ematen digu. Irrintzi batekin hitzik esaten ez duzun arren, pila bat esan dezakezu. Eta Neomak taldeak erakutsi nahi duena hori da, hain justu, tradizioaren bitartez emakumeon ahalduntzea ere lor dezakegula. Gure guda-oihua dela esan dezakegu». «Ilargi berriak lagun zaharren ondoan» Neomak taldearen izena grezieratik dator eta bere itzulpena «ilargi berriak» izango litzateke. Taldeko kideek diotenez, hasieran izen zerrenda luze bat prestatu zuten, gero hamar aukeratu zituzten eta, azkenean, hirutik hori aukeratu zuten. «Guk hasieratik bagenekien zein zen hitz horren esanahia, baina hemen ere denborarekin eta kontziente izan gabe konturatu gara oso ongi definitzen gaituela; hau da, orain arte zerbait izan garela, baina orain zerbait berriarekin gatozela». Grabatu berri duten bideoklipean, hain zuzen, «ilargi berriak» izeneko abestia grabatu dute, «eta hor gaineratzen dugu ‘lagun zaharren ondoan’ gatozela; hau da, lagun zaharrak garela baina zerbait berria eskaintzera gatozela». Bideoklip horren ondoren, taldeko kideen asmoa diskoa grabatzea da. «Martxoan sartuko gara diskoa grabatzera eta, dena ondo badoa, udaberrian kaleratzeko moduan izango gara». Maiatzetik aurrera, gainera, zuzenean ikusteko aukera izango dugu.