2022 MAR. 20 - 00:00h Emakumeak eta jarduera fisikoa Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto Training Gaur, emakumeen jardunari eta Salto-ren helburu sozialari (gizartean jarduera fisiko osasuntsu eta bideratua areagotzea) erreparatuko diegu. Jakina denez, jarduera fisikoari buruzko ikerketa, hausnarketa eta debateetan sarritan ondorioztatzen da bideratutako jarduera fisikoak gizakian onurak dituela (aurreko asteko artikuluan, Unai Jorge Fernandezek aipatua). Horien artean, emakumearen fisiologia dela eta, onura fisiologikoei buruz jardungo dugu eta horretarako jarduera fisikoak izan behar dituen berezitasunei buruz. Jarduera fisikoan emakumeek duten erantzukizuna hiru faktoreren menpe dago: gorputzaren tamaina, gorputzaren osaera eta sistema endokrinoa. Emakumeek odol bolumen txikiagoa dute, globulu gorri gutxiago izanik, eta, ondorioz, oxigenoa garraiatzeko gaitasun txikiagoa (VO2max = Gehienezko oxigeno kontsumoa %15-30 baxuagoa). Bestetik, bihotzaren tamaina oro har txikiagoa da, bihotz-maiztasuna areagotuz odol bolumen bera garraiatzeko. Amaitzeko, gorputz txikiagoa izateaz gain, masa muskular absolutua eta ehunekoa baxuagoa da, gantz-ehuna altuagoa izanik. Horri guztiari emakumeak ugalketa prozesuan bere gorputzean jasaten dituen aldaketa hormonalak gehitu beharko genizkioke, baina beste artikulu batean jardungo dugu horri buruz. Emakumearen fisiologiaren berezitasunak ezagutu ondoren, jarduera fisiko bideratua planteatu beharko genuke, eta atal honetan garrantzi ikaragarria du indar lanak eta HIIT entrenamenduak (intentsitate handiko tarteen entrenamendua). Masa muskularraren galera ekiditeko eta proteinen sintesia areagotzeko, indar lana ezinbestekoa da, estimulu egokiekin, ariketa zuzenekin eta jarraipen logiko batekin eginik. Horrez gain, VO2max balioak areagotzeko eta esfortzu handiak jasateko gaitasuna hobetzeko, HIIT sistemarekin egindako lan kardiobaskularra estimulu aproposena da, masa muskularra handitzeaz gain, tentsio arteriala jaisten duelako eta efizientzia kardiobaskularra hobetzen duelako. Laburbilduz, bereziki emakumeentzat indar lanak garrantzi handia du, erantzun fisiologikoa hobetzen baitu, betiere jarduera fisiko bideratua eta bakoitzaren berezitasunei egokitua izanik.