GAIAK

Osasun-galera pandemia garaian


Duela bi urteko martxoaren 14an alarma-egoera ezarri zen, covid 19ak pandemia moduan eztanda egin zuela-eta. Euri dezente egin du geroztik eta, jada, bi urte igaro dira. Hiru hilabetetik gorako konfinamendua pasatu genuen, gure etxean ‘isolaturik’. Gure egunerokotasuna zeharo aldatu zen, eta une hartan mundua gelditu zen. Guztiongan ikara zabaldu zen; gaixotasun berriak beldurtu egin gintuen. Gure osasunean jarri genuen arreta orduan.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) definitzen duenez, osasuna guztizko ongizate fisiko, mental eta soziala da eta ez gaitz edo gaixotasunik eza soilik. Erakunde horren arabera, lor daitekeen osasun mailarik handiena gizakion oinarrizko eskubideetako bat da, inongo bereizketarik egin gabe (arraza, erlijio, ideologia politiko, egoera ekonomiko edo sozial). Hortaz, argi dago covid 19ak gure osasun egoeran eragin handia izan duela. Arlo fisikoari erreparatuz, gaixotasuna pairatu dutenek badakite zein den honen indarra; batez ere, arnas aparatuan duen eragina. Buru-osasunari begiratuta, gure eguneroko bizitzan izan genituen aldaketek arazo psikologikoak ekarri dituzte. Sozialki, distantzia sozialaren eta gure aisialdia etetearen ondorioz ere majo sufritu dugu.

Covid 19ak, konfinamenduek eta murrizketek gure osasunean kalteak eragin dituzte. Jarrera sedentarioak areagotu dira, sofaren goxotasuna eta telelana direla medio. Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, jarduera fisikoa erreminta gisa hartuz bizimodu aktiboa izatea zenbait gaixotasuni (obesitatea, hipertentsio arteriala, 2 motako diabetesa...) aurre egiteko tresna moduan erabil dezakegu, eta, bide batez, sistema immunologikoa sendotzeko (covid-19ari aurre egiteko ezinbestekoa). Pandemiaren amaiera gero eta hurbilago dagoela ematen du eta bada garaia gure osasun egoera hobetzeko lanari ekiteko. Indar entrenamenduak eta entrenamendu kardiobaskularrak badute zeresana honetan guztian. Beste pandemia bat egonez gero, ez gaitzala lanak egin gabe harrapatu.