GAIAK

Hirietatik kanpo hazitako pertsonek nabigazio espazial hobea dute

Ikerketa baten arabera, hirietan hazi izanak, bereziki era koadrikulatuan diseinatutako zentro urbanoetan, funtzio kognitiboari eragin diezaioke, nabigazio espaziala kaskartuz. Antolamendu irregularragoa zuten guneetan hazitako pertsonak espazialki hobeto nabigatzeko gai ziren.

Bartzelona, era koadrikulatuan egituratutako kaleekin. (FIABCI | EUROPA PRESS)

‘Nature’ aldizkariak asteazken honetan argitaratu duen ikerketa batek jakinarazi duenez, hirietatik kanpo hazitako pertsonak hobeto moldatzen dira espazialki nabigatzeko orduan hirietan, bereziki laukika antolatutakoetan, hazitako pertsonak baino.

Hori horrela, ikerketak ondorioztatu du diseinu urbanoak, kale eta inguruaren antolaketa karratuarekin, garunaren funtzionamenduari eta funtzio kognitiboari eragin diezaiokeela.

Ikerketan parte hartu duten Antoine Coutrot, Michael Hornberger eta Hugo Spiers adituek azaldu dute hazi garen inguruaren ezaugarri kultural eta geografikoek gure osasun kognitibo eta mentalari eragiten diotela. Hala ere, ikerlariek ohartarazi dute oraindik ez dakitela zahartzaroan zenbaterainoko eragina duen inguruneak gaitasun kognitiboengan.

Ikerketa burutzeko, Coutrotek, Hornbergerrek eta Spiersek 38 herrialdetako 397.162 pertsonaren nabigazio espazialeko gaitasunak neurtu zituzten bi bideo-jokotan ezarritako froga baten bidez.

Konkretuki, esperimentuaren egileek mapa bat aurkeztu zioten parte hartzaileei. Mapa honetan hasierako kokapen bat eta hainbat puntutako beste kokapen batzuk agertzen ziren. Esperimentuaren bidez ondorioztatu zuten hiri egituratuagoetan hazitako pertsonek, errendimendu hobea zutela antolamendu erregularra duten jokoetan.

Alabaina, antolamendu irregularragoa zuten guneetan hazitako pertsonak espazialki hobeto nabigatzeko gai zirela ohartu ziren ikertzaileak. Hau da, bideojokoko maila konplexuagoetan hobeto moldatzen zirela.

Ikerketaren emaitzek ondorioztatu dutenez, pertsona bat hazi den inguruak, kaleen egiturek bereziki, bere nabigatzeko gaitasunari eragin diezaioke. Era berean, ikerketak ziurtatu du pertsonak hobeto orientatzen direla hazi diren inguruekiko estrukturalki antzekoak diren guneetan.