2022 MAR. 31 - 20:55h Zer eragin izan zuen konfinamenduak Bartzelonan, Estokolmon eta Vienan? Ikerketa batek konfinamenduan zehar eman ziren faktoreak kontuan izan ditu kalkulatzeko horiek urte osoan zehar mantendu izan balira zein modutan erangingo zuten biztanleen osasunarengan. Jarduera fisikoaren, zarata eta kutsaduraren beherakadak izan dira aztertutakoak. Jarduera fisikoaren beherakada orokortuak kalte egin zuen gure osasunean. NAIZ 2020ko martxoan covid-aren ondorioz ezarri zen konfinamenduak pertsonen osasunean izan zuen eragina hiri bakoitzean aplikatutako neurrien zurruntasunaren araberakoa izan zen, baina, oro har, guztietan airearen eta zarataren kutsadurak behera egin zuen. Alderantziz, jarduera fisikoa ere murriztu egin zen, eta honek osasunari kalte handiak ekarri zizkion.Murrizketek herritarren osasunari nola eragin zioten jakiteko eta etorkizunerako irakaspenak ateratzeko, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak (ISGlobal) ikerketa bat egin du Bartzelonan, Estokolmon (neurri arinagoak izan ziren) eta Vienan (bitarteko murrizketak) konfinamenduko neurriek osasunean izan zuten eraginari buruz.‘Environmental Pollution’ aldizkariak argitaratu duen ikerketak hiru hirietako kutsadurari, zaratari eta jarduera fisikoari buruzko datuak bildu zituen: pandemiaren aurretik, konfinamendu zorrotzenean eta ondorengo deskonfinamendu aldian.Jarduera fisikoa %95ean jaitsi zenLanaren lehen ondorioak berretsi zuen neurrien zurruntasun mailak zerikusi zuzena izan zuela. Hala, konfinamendu gogorrena izan zuen hiria, Bartzelona, izan zen jaitsiera handienak izan zituena kutsadura, zarata, jarduera fisiko eta berdeguneetarako bisiten pandemia aurreko parametroekin alderatuta.Zehazki, lehen konfinamenduan nitrogeno dioxidoaren (NO2) kontzentrazioak batez beste %50 jaitsi ziren, eguneroko zarata mailak 5 dezibelio (dB) murriztu ziren eta jarduera fisikoa %95 jaitsi zen.Aldi berean, Vienan, NO2-aren kutsadura %22 jaitsi zen, eguneko batez besteko zarata 1dB soilik murriztu zen eta jarduera fisikoa %76.Estokolmon, NO2 %9 jaitsi zen, eguneko batez besteko zarata 2dB gutxitu zen eta jarduera fisikoa %42 murriztu zen.Hiri bakoitzean pandemiaren aurreko etaparekin alderatuta izandako aldaketak kuantifikatu ondoren, ikertzaileek, datu eredu baten laguntzaz, konfinamendu neurriek urtebete osoan zehar hedatuz gero izango luketen inpaktua simulatu zuten.Azterketak agerian utzi zuen jarduera fisikoa dela osasunean eragin handiena duen faktorea.Horrela, Bartzelonan konfinamendu zorrotza urte oso batez hedatuz gero, iktus eta bihotzeko kasuak %10 handituko lirateke, eta depresio eta antsietate diagnostikoak %8 eta %12, jarduera fisikoaren jaitsiera orokorraren ondorioz.Vienan jarduera fisikoa urte oso batez murrizteak, era berean, iktus eta bihotzekoen urteko intzidentzia %5 handitzea eragin lezake, baita depresio eta antsietate diagnostikoetan %4ko eta %7ko igoerak ere.Estokolmon, jarduera fisikoaren mailan jaitsierarik txikiena izan zuen hirian, ereduak %3ko hazkundea kalkulatu zuen iktus eta bihotzekoetan, %2koa depresio diagnostikoetan eta %3koa antsietate kasuetan. Itxialdiaren alde positiboakDatuen irakurketa positiboa kutsadura atmosferikoan eta akustikoan izandako beherakadan dago; izan ere, ikerketaren arabera, lehen konfinamenduan izandako NO2-aren murrizketari urtebete osoan eutsi izan balitzaio, Bartzelonan bihotzekoen %5, iktusen %6 eta depresioen %11 ekidin ahal izango ziren.Vienan, kalkulatutako jaitsierak %1ekoa izango lirateke iktus eta bihotzekoetarako, eta %2 depresioetarako; eta Estokolmon depresio diagnostikoen %1 baino ez litzateke ekidingo.Bartzelonan zarata mailetan izandako hobekuntzek epe luzera izango luketen eragina kalkulatu da; hala, urteko bihotzekoen %4, iktusen %7 eta diagnostikatutako depresioen %4 saihestuko lirateke.Vienan %1 murriztu zitekeen bihotzekoen, iktusen eta depresioen intzidentzia, eta Estokolmon %2 murriztu ziren bihotzekoen eta depresioen diagnostikoak eta %4 iktusenak.«Hiru hirietan dauden aldeak gorabehera, errepikatzen den eredua da airearen eta zarataren kalitatea hobetzeak ekarriko lituzkeen osasun onurek ez luketela lortuko jarduera fisikoaren mailetan izandako beherakadaren ondorio guztiz negatiboak konpentsatzea», ondorioztatu du Sarah Koch ISGlobaleko ikertzaileak.