2022 API. 04 - 14:13h Jazzaldiak egun bat gehiago izango du eta Mulatu Astatkek bat egin du programazioarekin Ethio-jazz estiloaren «aita», Mulatu Astatke 78 urteko etiopiarra, uztailaren 21ean arituko da Zurriolako hondartzako Keler Gunea eszenatokian. Doako kontzertua eskainiko du bertan. Mulatu Astatkek ospe handia izan zuen 70ko hamarkadan. (JAZZALDIA) NAIZ Donostiako Jazzaldiak egun bat gehitu dio bere 57. edizioari. Hala, uztailaren 20etik 25era musikak Zurriolako hondartza hartuko du. Era berean, antolakuntzak iragarri du Mulatu Astatke etiopiarrak bat egin duela programazioarekin. Bibrafonista eta perkusionistak Donostiako Jazzaldian lehen aldiz joko du. Ethio-Jazzaren «aitak» doako kontzertua eskainiko du Zurriola hondartzako Keler Gunean, uztailaren 21ean, 20:45ean. Astatket-ek 78 urte ditu ethio-jazz estiloa jotzen aitzindarietako bat izan zen, jazza eta musika latinoa Etiopiako musika tradizionala nahastuz. Londreseko Trinity Laban musika eta dantza kontserbatorioan ikasi zuen klarinetea, pianoa eta armonia jotzen. Bostoneko Berklee College of Music unibertsitatean doktoratu bat lortzen zuen lehen afrikarra bilakatu zen. Ordutik jazz musikako artista ospetsuenekin aritu da, tartean Duke Ellington. 2004. urtean Either/Orchestra taldearekin kolaborazio bat hasi zuen, orain arte mantentzen dena. Taldearekin zein bakarlari bezala eskaintzen ditu kontzertuak, baita beste artistekin elkarlanak egiten ere. Simple Minds, uztailaren 20an Bestalde, jaialdiari egun bat gehitzearekin batera, egitarauan izan diren aldaketen berri eman dute. Lehen 21ean hastekoa zenez, egun horretan izan behar zuen Simple Minds taldearen kontzertua aurreko egunera pasa dute, leku eta ordu berean. Uztailaren 20an, 20.45ean, Keler Gunea inauguratuko du. Simplen Mindsen atzetik jo behar zuen Curtis Harding, berriz, 21eko datan mantenduko da eta Mulatu Astatkeren atzetik joko du, 23.30ean.