2022 API. 07 - 11:41h Psikologo euskaldunak saretu eta haien lana bultzatzeko asmoz, GuNETuz sortu dute UEUko Psikologia sailak GuNETuz ataria sortu du, «psikologo euskaldunak saretu, beraien lana euskaraz egiteko baliabideak eman eta gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko» helburuarekin. UEUk GuNETuz sikologo euskaldunen sarea aurkeztu du. (Jon URBE | FOKU) NAIZ GuNETuz atari berria aurkeztu dute gaur goizean. «Psikologo euskaldunak saretu, beraien lana euskaraz egiteko baliabideak eman eta gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko» helburuarekin jaio da. NAIZen argitaratutako artikulu honetan egin bezala, gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, hainbat atariz osatuta egonen da. Foroak hitz eta pitz aritzeko eta elkar ikusteko aukera emanen du, Albistegiak berrien bilduma bat osatuko du, Eskaintzak atalak ikastaro eta lan eskaintzak gerturatuko dizkie psikologo euskaldunei, Psikologia izenekoak, aldiz, argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak bilduko ditu, Parekidetasuna atalak, berriz, genero-parekidetasuna sustatzeko egun dauden webguneak, bideoak, esku-hartzeak eta bestelako baliabideak gerturatuko ditu eta Baliabideak izenekoak, euskarazko datu baseak, sare sozialak, webguneak, eta euska11raren erabilera tekniko eta egokirako tresnak jarriko ditu eskura. Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, proiektuaren garrantzia azpimarratu du: «UEUren egiteko garrantzitsuenetako bat da euskal komunitate zientifikoarentzat topaguneak sortzea. Aditu, ikertzaile, irakasle eta ikasle euskaldunak sakabanatuta egoten dira eta UEUrentzat ezinbestekoa da horiek guztiak elkar eragin dezaten guneak ematea elkarren berri izan, beharrak aztertu, eztabaidatu eta modu honetara proiektu berriak sortzeko baliatzeko». Horretaz gain, GuNETuz alorreko profesionalak euskalduntzeko akuilua izango dela azpimarratu du: «UEUn badaukagu erronka eta erantzukizuna lan mundua euskalduntzeko, euskara estandarizatzeko alor honetan ere. GuNETuz bide horretan pausu handi bat izango da, zalantzarik gabe». Luixa Reizabal irakasle, ikertzaile eta UEUko Psikologia sailburuaren esanetan, «ezinbestekoa» zen sarea osatzea: «Premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean. Maiz, osasunaz mintzo garenean, fokua soilik alderdi fisikoan jartzen dugu. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da halabeharrez osasuna ongizate fisikoa ez ezik, mentala eta soziala ere badela». Eneko Mendiluze sikologoa eta UEUko Psikologia sailburuak, aldiz, euskal gizarteari egingo dion «ekarpen esanguratsua» azpimarratu du: «Bilgunea izango da, psikologiarekin edo lotutako bestelako diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea, hain zuzen. Berdinki, euskaraz eta euskalduna izango da, euskara hutsean izango baita eta bertan euskaldunok hartuko dugulako parte. Gainera, euskararen erabilera zuzenerako baliabideak eskaintzen ditu. Bestalde, psikologia osatzen duten arlo ezberdinekin zerikusia duten ezagutzak hedatuko direnez webgunearen bitartez, dibulgaziorako aproposa da». Zentzu berean, Ana Novoa irakasle eta ikertzaileak GuNETuz «informala eta, aldi berean, formala» izango dela nabarmendu du: «Intuitibo eta erabilerraza izango da baita, profil desberdinetako psikologoengana iritsi ahal izateko. Azken batean, lankidetzan oinarrituta egingo da, unibertsitate, iker-talde, erakunde edota eragileen arteko elkarlana sustatzeko».