2022 API. 14 - 08:05h Bada miniaturazko mundu bat gure oinen azpian Ez diegu jaramonik egiten, baina, adi erreparatuz gero, miniaturazko mundu bat deskubrituko dugu hostoen artean: intsektuak, armiarmak, anelidoak… Ezagutza eta irudiak uztartuz, ornogabeen familian eta naturaren magian murgilduko gaitu ‘Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak’ liburuak. Kuruminoa liztor erraldoia da eta bost begi ditu. (Asier GOROSTIDI- Igor SARRALDE) Oihane Larretxea Animalia batzuk maitagarriak egiten zaizkigu, eta beste batzuek nazka eragiten digute. Basoan urtxintxa bat ikusiko bagenu, ziur asko argazki bat ateratzen saiatuko ginateke, baina, aldiz, sukaldean armiarma bat topatuko bagenu, erratzarekin uxatuko genuke. Maiz entzungo diogu ume bati «jirafa» edo «izurdea» erantzuten bere animalia faboritoagatik galdetzen zaionean, eta nekez aukeratuko du «inurria» edo «kakalardoa», umeen lehenengo abenturak harrien azpian eta hostoen artean bizi diren intsektuekin zerikusia izan arren. Nork ez du hatzez ornogabe bat harrapatu? Nor ez da izaki ñimiño hori gertutik ezagutzen saiatu? Gure oinen azpian bada miniaturazko mundu bat, begirada mikroskopikoarekin behatuz gero harrituta utziko gaituena. Izakioz inguratuta gaude, milioika daude gure baratzeetan, erreka zein mendietan, baina guztiz ezezagunak zaizkigu patxadaz begiratzera gelditzen ez garelako. Horiengana hurbildu, atxikitzen zaizkien mito asko deuseztatu eta zientzia fikzioa diruditen bitxikeriak zabaldu asmoz osatu dute Asier Gorostidi eta Igor Sarralde irudigileek ‘Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak’ (Erein) liburua, ugaztunekin 2020an abiatu zuten lanaren segida. Asier Gorostidi, ilustratzaileak egin ditu irudiak, Igor Sarralderekin batera. (Gorka RUBIO I FOKU) Proiektua abiatu zenean banaketa egitea izan zen zailena eta, behin ornodunak eta ornogabeak bereiztea erabakita, bigarren alearekin zein sartu eta zein kanpoan utzi deliberatzea izan da koska, milioika daude-eta. Intsektuak, araknidoak, krustazeoak, moluskuak eta anelidoak daude, besteak beste. Guztira, 70 inguru sartu dituzte bigarren ale honetan. Liburuaren xarma irudietan dago, baita espezie bakoitzeko informazioa emateko moduan ere. «Zientziaren eta naturaren logikak azaltzea da xedea, baina zientzia liburu batetik urrunduz. Faltan sumatzen genuen liburu bat egin dugu. Izan ere, animaliei buruzko liburu asko daude, baina teknikoak izaten dira, eta ez dira erraz irakurtzekoak. Kontsultarako izaten dira beste ezer baino gehiago», uste du Gorostidik. Bi egileen jatorria Arte Ederren Fakultatean dago, horrela ulertzen da irudiek duten distira. Akuarelez eta koloretako arkatzez eginak daude, teknika digitaletatik erabat urrunduta. Eta lau eskuren artean eginda egon arren, ezinezkoa da nork egin duen zein jakitea. Bata bestearen estilora hurbilduz egin dutela kontatzen dute, erdibide batean topo egin dutela, moduak uztartuz. Aurreko lanarekin alderatuta, oraingo honetan erronka animalia txikiok dituzten ezaugarri bereziak irudikatzea izan da, hala nola, kakarraldoen distirak, armiarmen iletxoak, ehunzangoen hankatxoak, tximeleten antenatxoak edo ezkatatxoak. «Animalia bat hain gertutik ikustean, begirada mikroskopikoarekin, konturatzen zara benetan nolakoak diren, eta gauza mordoa deskubritzen dituzu. Hori oso polita da», uste du Gorostidik. Zientzia fikzioa Oro har erakargarriak egiten ez zaizkigun izaki bizidunak badira ere, ornodunen familiak baino bitxikeria gehiago dituen taldea da ornogabeena. Bizirauteko dituzten estrategiak, emeak erakartzeko arren trikimailuak, edo ugaltzeko dituzten erak eta moduak; batzuk «sinesgaitzak» direla iritzi du Gorostidik. Ba al zenekien matxinsaltoak entzumen organoak hanketan dituela? Eta armiarmatxoak jaio eta handik gutxira hiltzen dela haien ama? Hosto zorri emeak gaitasuna du arrautzak bakarrik erruteko, arraren beharrik gabe, eta barraskiloak hilabeteak pasa ditzake elikatu gabe. Arkanbelea kakalardoak bost urte ematen ditu hildako enbor baten barnean larba itxurarekin eta heldua denean irteten da. Gero, hilabete eskas baino ez du iraungo bizirik. Ugaldu eta gero, marisorgin (Mantis religiosa) emeak arra jaten du, baina batzuetan ez du amaitu arte itxoiten; arrari burua moztu eta hura jaten hasten da, buru gabeko arrak ugaltzen segitzen duen bitartean… «Zientzia fikzioa dirudi, ezta?», dio. Pauma tximeleta arriskuan dagoenean hegoak zabaltzen ditu, harrapariak nahasteko. (A. GOROSTIDI-I. SARRALDE) Hamaika bitxikeria jaso dituzte, eta behin hasita bata bestearen atzetik irakurtzeko gogoa pizten zaio irakurleari. Bitxikerion bidez bi helburu bete nahiko lituzkete. Batetik, eduki zientifikoa memorian hobeto gordetzea. Gorostidi irakaslea da, eta esperientziak erakutsi dio halako datu xelebreak ematean ikasleek hobeto gogoratzen dituztela ikasi beharrekoak; are gehiago, informazioa partekatzeko interes handiagoa ere pizten du haiengan. Bestetik, animalia «politen eta itsusien arteko etiketak» ezabatzea dute xede. «Animalia guztiek sortzen dituzte onurak, eta denak dira beharrezkoak oreka mantentzeko. Eskorpioia arriskutsutzat dugu pozoia duelako, baina ez da joango zuri kalte egitera, eta, adibidez, kontatzen dugu nola eramaten dituzten kumeak bizkarrean. ‘B aldea’ erakusten saiatu gara, zeren animalia hauen itxura alde batera utzita, benetan dira harrigarriak. Duten itxura, kolorea, tamaina… naturan guztiak du azalpena».