2022 API. 24 - 00:00h Uda, estetika, pisua eta gantza UNAI JORGE FERNANDEZ - SALTO TRAINING Ekainaren 21ean emango diogu hasiera ofizialki udari. Horrekin batera, praka motzei, soinekoei, bainujantziei… hautsa kenduko diegu eta gure gorputza urteko beste urtaroetan baino ageriago utziko dugu. Sasoi horretan utzi ohi ditugu agerian urtean zehar arropen azpian gorde ditugun kezkak eta lotsak. Denok dugu ezagunen bat, urte osoan zehar bere osasunari erreparatu ez diona eta orain, uda gero eta gertuago dugunean, dieta magikoei eta hiru asteko entrenamendu ‘errutina’ miraritsuei heltzen diena. Gaur egun dugun bizi filosofiari jarraituz, emaitzak momentuan nahi ditugu, exijitu egiten ditugu. Sobran ditugun bi, bost edo hamabost kiloak lortzeko, urteetako ‘entrenamendua’ egin dugu, beharrezkoak ez diren produktuak kontsumituz eta aulkitik ozta-ozta mugituz. Nola lortuko dugu orain hiru astetan kilo horiek galtzea? Argi dago ezinezkoa dela, gorputzeko aldaketa orok denbora behar duelako. Gustuko gorpuzkera lortu ahal izateko ezinbesteko baldintza konstantzia da. Osasuntsu egoteko eta estetikoki geure burua ondo ikusteko (ia beti eskutik doaz), gure egunerokotasunean jarduera fisikoa eta elikadura ohitura osasuntsuak txertatu beharko genituzke, eta ez uda partean soilik, korrika eta presaka. Azken honek errebote efektua ekar dezake, beste kontraesan eta ondorio negatibo batzuez gain. Dena dela, gorputzaren pisua, bera bakarrik, ez da osasun ona izatearen adierazgarri. Horretarako, gorputzean dugun gantz kantitateari erreparatu beharko genioke. Gantza ezinbestekoa da bizitzeko (energia iturri, organoak babesteko, tenperatura mantentzeko…), baina neurrian, gantz gehiegi pilatzeak osasun arazoak dakartza eta. Gantza neurtzeko sistema ezberdinak daude; ezagunenak, larruazalaren tolesturen neurketa plikometroaren bitartez, bioinpedantzia baskulen bitartez edo zenbait formula matematiko erabiliz. Gantzaren neurketa pisuaren kontrola baino zehatzagoa da. Izan ere, milaka datu kontuan izanik, sexuaren eta adin tartearen araberako baremazioak egiten dira, norbanakoa sailkatu ahal izateko (pisu gutxiegi, pisu ideala, batez bestekoa, gainpisua edo obesitatea).