2022 MAI. 05 - 12:56h Delirium Tremensek «garai bateko espiritua gaur egunera ekarri» nahi izan du ‘Hordago’ diskoan Hiru hamarkada luzeko etenaldiaren ostean gogotsu eta hitzordu potenteekin (EH Zuzenean, Azkena Rock, Hatortxu Rock...) dator bueltan Mutrikuko Delirium Tremens talde ikonikoa. Zortzi kantaz osatutako disko berria ‘erditu’ dute, ‘Hordago’ izenekoa, «garai bateko espirituez» bustita. Txufu, Andoni eta Haritz, aurkezpenean. Patxi falta zen. (Monika DEL VALLE | FOKU) Amaia Ereñaga BILBO Bilboko Kafe Antzokian, 2019. urtean, taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruzari egin zitzaion omenaldirako berriz batu zirenean, Mutrikun egin zituzten entsegu haietan, han piztu zitzaien taula gainera itzultzeko gogoa. Eta ostegunean Kafe Antzokia bera aukeratu dute Delirium Tremens taldekoek ‘Hordago’ lan berria aurkezteko eta, bide batez, itzulerarako biraren argibideak emateko. Zortzi kantez osatuta, ‘Hordago’ (2022) Delirium Tremensek estudioan grabatu duten hirugarren diskoa da. Aurretik, ‘Ikusi eta ikasi’ (1989) eta ‘Hiru aeroplano’ (1990) grabatu zituzten, guztien memorian zintzilikatuta gelditu diren kantekin, ereserkiak bihurtu direnak urteen buruan. Sei urte eskasen buruan, 1991ean agur esan zuten. Itzulera honetan, Delirium Tremensen doinua hor dirau; letretan, agian, denboraren joana edo pasa den denbora –ez dira berdinak, noski– nabaritzen da. «Guk gaztetan pila bat entzun dugu Delirium Tremens eta saiatu naiz nolabait beraien nortasuna mantentzen eta garai horiek zeukaten bat-batekotasuna errespetatzen. Gaur egunera ekarri nahi izan dut soinua eta indartsu sona dezan, kapak egin gabe. Bapatekotasun hori eta garai bateko espiritua mantentzen saiatu naiz, baina gaur egunera ekarrita», aipatu du Haritz Harreguyk, beterano hauei batu zaien taldekide berriak. Talde desberdinetako aritutako gitarra-jotzailea, Harreguy teknikari eta ekoizlea ere bada eta Delirium Tremens taldearen soinu ‘berri’ honen arduraduna ere, produkzio kontuetan lagundu dielako. Hasieran mutrikuarrak bi kantekin joan zitzaien usurbildarrari Maukako estudioetara, eta grabazioetan eman zizkien ideia eta ekarpenak ikusirik, eta baita ere haien arteko ‘feeling-a’ oharturik, «Haritz, festara batuko al zara?» galdetu zioten. Etapa berri honetan Haritz Harreguyk laugarren Delirium Tremens kidea bihurtu da, Andoni Basterretxea (ahotsa eta gitarra), Patxi Irisarri (baxua) eta Juantxo Yurrita ‘Txufurekin’ (bateria) batera. Andoniren ahotsa, gitarraren nortasuna eta bateriaren indarra dira, nolabait, taldearen adierazgarriak bere ustez. Are gehiago: «Oso bateria jotzaile indartsua zen guretzat Txufu, bera zen garaiko taldeen artean ondo jotzen zutenetariko bat». Bertigoa eta gonbidapenak Maiatzaren 28an BEC-en duten hitzordua prestatzen ari dira buru-belarri –%75a salduta dago, aipatu dutenez– eta «potentea« izango dela iragarri dute. Hitzordu garrantzitsuak gero, jarraian: ekainaren 17ean Azkena Rocken, Gasteizen; uztailaren 1an EH Zuzenean, Irisarrin eta azkenekoa, mementoz, uztailaren 30ean Hatortxu Rocken parte hartuko dute. ‘Bertigorik’ sortu al die itzulera honek? «Oraintxe bertan ez, sekulako gogoa dugu», dio Andonik. «Hasieran bai, baina etengabe entsaiatzen ari gara murrizten joateko», aitortu du berriz Haritzek. ‘Errodajea’ egiten ari dira, ‘muskulua’ berreskuratzeko. Esaterako joan den astean Arantzako aterpean saio bat egin zuten (‘Aio’ kantaren bideoa bertan grabatu zuten) eta Ondarroan maiatzaren 14an beste bat emango dute. Gonbidapenak taldearen Facebook eta Instagram orrialdeetan eskura daitezke soilik, eta bertan 100 sarrera bikoitza zozketatuko dira. Nostalgiak eta indar berriak ‘Hordago’ diskoaren binilo dotorean kaleratu dute era berean: itsasoaren olatuak azalean, gorri koloreko binilo argia barnean... eta, bide batez, kanta berri batzuen hauen argibideak eskatu dizkiogu: ‘Hola tio’: «Kanta batzuk errazak eta beste batzuk buruari buelta ematekoak dira, eta hau erraza da. Bi lagun elkartzen dira, aspaldian ikusi gabe daude eta bizitzak bakoitza leku desberdinetara eraman ditu. Adinak aurrera egin ahala, denoi pasa zaigu. Galdetu egiten diozu: ‘Andrea, ondo?’. ‘Hil zen’, erantzun. Batzuetan hobe da galdera zuzenak ez botatzea». ‘Aio’: «Taberna askotan gertatzen da, denak mundua konpontzen ari garela».‘Ibaiak gara’: «Kanta honek kontatzen du batu ginenean izan genuen sentsazioa: Hemen gaude berriz, zenbat denbora pasatu den... eta ez gaude denok, batzuk nabaritzen da falta direla, urte guzti hauetan gauza asko falta izan ditugu. Hori kontatzen du, denok garela ibaiak eta iristen garenean itsasora dena bukatzen dela. Hori da dagoena».‘Banoa’: «Migrazioari buruzkoa da, Saharaz hegoaldekoak ‘putak’ pasatzen dituztelako. Saiatu nahiz horrelako baten buruan ipini eta bere bidaia kontatzen«.‘Hordago’: «Izan zen lehenengo kanta, gu batu eta aurrera jotzea hordago bat izan zen». Diskoko beste kanta batzuek ‘Urpean dantzan’, ‘Dela’ eta ‘Garuna’ dira, «sakonagoak», kantariaren hitzetan... Nostalgikoak akaso, joan den denboraren seinale. ‘Bela’, esaterako, «faltan duzun lagun bati buruzkoa, oroitzen zarelako zein ondo pasatzen zenuen garai batean ikusten hondartzan eguzkia ateratzen. Eta garai horiek pasa dira»... eta berriak datoz, taula gainean gainera.