2022 MAI. 12 - 06:05h Euskal herri musikako instrumentuen entziklopedia hasi du Juan Mari Beltranek Euskal Herriko musika tresnei buruzko entziklopedia osatzen hasi da Juan Mari Beltran Argiñena, hainbat kidek lagunduta. Bizirik iritsi zaiguna ulertzea eta alderdirik baliagarrienak hartzea da asmoa, herri kulturaren eta sormenaren ongarri izateko. Kontzertu batean ezagutaraziko dituzte, Donostian. Ander Barrenetxea eta Juan Mari Beltran, Oiartzungo Soinuenea museoan. (Andoni CANELLADA | FOKU) Maider Iantzi Nostalgiari aterik ireki gabe, Euskal Herriko musiken aberastasuna jaso eta ezagutaraztea da Soinuenea Fundazioak hasi duen entziklopediaren helburua. Herri musika bizia eta aldakorra dela ulertzen dute Juan Mari Beltran Argiñena eta bere lantaldeak, eta proiektu anbiziotsu hau sormenaren pizgarri izatea nahi dute. XX. mendean landa lanean ezagutu dituzten musikari eta ikerlarien testigantzak bildu eta askotariko dokumentazioarekin osatu dituzte, gaurko eta biharko musikariei oinarri bat eskaintzeko gogoz. Historia hau kontatzeko musika tresnez baliatu dira, objektu soilak baino aunitzez gehiago direla jakitun. Hotsarekin jostatzeko sortutako lanabesak dira; oinarri materiala izan arren, materiagabetzat dugun musika egiten dute. Sinbolo ere badira eta testuinguruaren arabera ospe eta erranahi desberdina izan dute eta eman diete joleei. Objektuon bidez kultura eta jendartea entzun daitezke, hortaz. “Soinu-tresnak euskal herri-musikan” entziklopedia Oiartzunen bizi den etxarriarraren urte luzetako ahaleginaren eta harekin aritu diren kideen fruitua da. Iñaki Eguren, Orkatz Arbelaitz, Itziar Navarro, Aitor Larrañaga eta Aingeru Berguices aipa daitezke lantalde horretan, baina jende gehiago sartuko da aurrerago. Entziklopediak argitalpen fisikoa izanen du, eta baita online bertsioa ere, Soinuenearen webgunean. Lehendabiziko liburukia, flautei eskainia, kalean da jada, hotsak aditzeko diskoarekin batera. Interneteko bertsioan ikus-entzunezkoak jarriko dituzte. Eta, lehen aipatu dugun herri musika zerbait bizia bezala ulertzeko moduari fidel, kontzertu berezi batean aurkeztuko dute lana. Luxuzko lagunak izanen ditu musikari, ikertzaile eta irakasleak gaur zortzi, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan estreinatuko duen zuzeneko emanaldian: Errege Belda (akordeoia), Ander Barrenetxea (ahotsa, atabala, danborra, panderoa eta perkusioak) eta Aitor Gabilondo (ahotsa, gitarra). Beltranek txistua eta danbolina, xirula eta ttunttuna, flautak eta txilibituak joko ditu. “Txulubite malabite” izeneko kontzertu honetan aerofono hauen bereizgarriak ezagutzeko aukera izanen da. Interesa duenak Donostia Kulturaren webgunean eskura ditzake sarrerak. Soinuenean Soinuenea-Herri Musikaren Txokoan egin dugu hitzordua Beltranekin. Bertan, Oiartzungo Ergoiengo paraje lasaietan, uztartzen ditu bizilekua eta lanlekua. 1965etik landa lanean dabil ikerlaria, Euskal Herriko bazterretako soinuak ezagutzen, eta harreman estua, kasik etxekoa egin du musikari aunitzekin. Bilketa horren uzta dago Soinuenean: ia 2.000 musika tresnaren bilduma, gurean erabilitakoak zein mundu zabaletik ekarriak, fonoteka, irudi artxiboa eta liburutegia, herri musiken erreferentzia gune bihurtua. Goiz sentitu zuen Beltranek musikarako grina. «Donostian jaio nintzen, baina gero Etxarri Aranatzen bizi izan nintzen 15 urte egin arte eta han hasi nintzen, 7 urterekin, txistua eta klarinetea ikasten. 11 urtetarako jada musika bandan eta txistu taldean jotzen nuen», oroitu du. 15 urterekin, Donostian, aitaren eskutik Goizaldi dantza taldean hasi zen eta Isidro Ansorenarekin jarraitu zuen txistua ikasten. Argia dantza taldean zela Urbeltz batu zitzaien, Jorge Oteiza ere sarri joaten zen entsegu eta emanaldietara, eta haiekin bertze modu batera ikusten hasi zen herri musika. «Orduan hasi ginen Maurizio Elizalde entzun eta emozionatzen, lehengo txalapartariak adituz berdin... Haiengana jo, haiekin ikasi, hori jendaurrean zabaltzen hasi, eta gero eta gehiago engantxatu ginen guretzat berriak ziren forma aberats horietara». Batera ibili zen Mauriziorekin eta Donostiako Kontserbatorioan zeharkako flauta ikasten. Hernaniko Musika Eskolan ia 50 urtez aritu da irakasle eta oraindik ere landa lanean jarraitzen du. «Material horrekin errepertorioa aberastu, jotzeko modua ere bai, eskoletan zabaldu... Dena bat da: ikertzen aritzea, jotzea eta erakustea; diziplina horiek guztiek elkar elikatzen dute». Musika tresnen entziklopedia ere hor sartzen da. Bost liburuki proposatuko dituzte, CD banarekin. Lehen lan sakona Aita Donostiak egin zuen 1952an, eta 1996an “Soinu-tresnak euskal herri musikan” monografikoa argitaratu zuen Soinueneak. Handik CD-Rom interaktibo bat sortu zuten, musika tresnez irakurri, haiek entzun eta musikariak jotzen ikusteko aukera ematen zuena. Orain, hori bera egin nahi dute, baina sakonago. Musika tresnak hotsa sortzeko sistemaren arabera multzokatu dituzte. Hotsa sortzeko bibratzen duen materiala zein den kontuan harturik, honako taldeak bereizten dira: idiofonoak (tresnaren gorputza da bibratzen duena), menbranofonoak (mintza), kordofonoak (haria) eta aerofonoak (airea). Flautei buruzko lehen liburukiaren ondotik, bestelako aerofonoak biltzen dituen bigarren liburukia aterako dute aurten. Urtez urte ale bat ateratzen ahaleginduko dira: menbranofonoak, idiofonoak eta kordofonoak. Zabalduena, txistua Euskal herri musikan gehien zabaldutako musika tresna txistua da segur aski. Gaur egun ere ia gure lurralde eta eskualde guztietan daude txistulariak, Zuberoan salbu, han xirulariak baitira. Xirula, txistua bezala, esku bateko ahokodun flauta zuzena da, hiru zulokoa. Baina txistua baino laburragoa da eta doinu altuagoa ematen du. Horren ondorioz, berezitasun eta bizitasun handia du. Ez da informazio bera, adibidez, txistuari buruzkoa eta zikiratzaileen txilibituari buruzkoa, erabilera eta historia desberdinak direlako. «Zikiratzaileen txilibituaren inguruko material gehiena Euskal Herritik kanpo aurkitu dugu, XIX. mendean eraman zituztelako AEBetara, Londresera, Parisera, Berlinera...». Gustura ibiltzen da instrumentuak biltzen, «abenturan». Maiz bidaia aprobetxatzen du biltzeko. Bertze batzuetan, ikerketa baliatzen du bidaiatzeko. Ezagutu, baloratu, bizi «Jendeak ezagutu behar du herrian nolako musikak eta soinu-tresnak izan diren. Ezagutuz gero agian baloratuko ditu eta baloratzen baditu agian bizia emango diegu denon artean. Segi dezatela bizitzen, bizi behar badute; hori gure esku dago», aldarrikatu du. Soinuenea museoa ere horren bertze atal bat da. «Eskoletatik etortzen dira, buelta egiten dute eta ederra da nola hartzen duten ikustea, soinu-tresnak fisikoki ikustea, hotsak eta musika entzutea... Kontua guk ondo pasa eta hori transmititzea da. Garrantzitsua da jakitea zer gertatzen zen, nola girotzen zen gure herria eta jarduera. Bizitza musikarekin izaten zen». Zikiratzaileek txilibitua jotzen zuten herrira iristean, eta hala jakiten zuten herritarrek etorriak zirela. Bide batez, musika eskaintzen zuten. Oiartzungo Ergoien auzoan, Sarobe baserrikoak ote jotzen hasten zirenean ere musika entzuten zen. «Hau guztia ezagutzean nik haluzinatu nuen eta beste batzuk ere engantxatu dira. Gazte batzuk ere hala aritzen dira: tukututun, tukututun... txalaparta bat balitz bezala. Bizitzaren lagungarri eta osagarri dira soinu horiek. Beraiek hala egin zuten eta guk berdin egin behar dugu? Ez. Guk ikasi, ezagutu eta gurea egingo dugu. Berritzaileak izan dira Leon, Maurizio... Aurretik egina jaso eta eurena eskaini dute, bizi-bizi, fresko. Ezin da garbi-garbi mantendu, ukitu gabe, hil egingo litzateke», egin du gogoeta. ZUZENEAN, «TXULUBITE MALABITE» KONTZERTUAN “Soinu-tresnak euskal herri-musikan” entziklopediaren lehendabiziko alearekin batera datorren CDan oinarrituta, kontzertu bat prestatu dute Juan Mari Beltran, Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondok. «Txulubitak entzungo dira, lizar makilekin egindakoak, nola azala ateratzeko kantatzen zen. Gero urruti-urruti joango gara denboran eta Izturitzeko kobazuloan agertutako flauta baten kopia bat hartuko dugu, putrearen hego hezurrekin egindakoa. Kanaberaz egindako txilibituak joko ditugu. Xirula eta ttunttuna, zikiratzaileen txilibituak, Zuberoan ‘kerestuen xirula’ esaten zaienak. Okarinak ere bai», kontatu du Beltranek pasioz, entseatzeko lagunen zain dela. «Gure ikonografian asko agertzen da organo eramangarria: Gasteizen, Iruñean, Baionan... Hori ere joko dugu. Bukatzeko, gure nagusia hartuko dugu, txistua, eta geografian bidaiatuko dugu, ez baita berdin entzuten Alejandro Aldekoa Berrizkoa edo Maurizio Elizalde Arizkungoa». Pieza berri batekin borobilduko dute saioa.