GAIAK

´Kirby and the Forgotten Land´ koloretsuak Nintendoko bola arrosaren abenturak berritu ditu

Digipen Europe Bilbao-ko ikasleek euskarazko bi bideojoko kaleratu dituztela ezagutu dugu. Bilboko Rocket League txapelketako jokaldi ikusgarriak ere izan ditugu hizpide.

Kirbi and forgotten land (Kirbi and Forgotten land)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Nintendozale amorratuak gara Game Erauntsian, beraz ezin genion Kiotokoen azken bideojoko handiari uko egin. Kirby and the Forgotten Land interesgarria orain aste batzuk estreinatuko zen Nintendo Switch kontsolan, eta ekarri dituen berritasunei buruz eztabaidatu dugu irratsaioan.

N handiaren bola arrosaren orain arteko abenturarik handiena da, zalantzarik gabe. Hiru dimentsioetara igaro da bete-betean —aurreko atal batzuk 3Detan zeuden arren, jokagarritasuna bi dimentsioetan geratzen zen—, Hal Laboratory estudioak eratutako frankiziari freskotasuna emanda. Transformazio berriak —eta hauek eboluzionatzeko aukera—, atal grafiko eder eta koloretsua nahiz erronka erraz baina dibertigarriak proposatzen ditu tituluak. Guretzako aproposa, beraz, baina akats nabarmenak ere badituela esan behar izan dugu.



Kirbyz gain, ohi bezala azken egunotako albisterik garrantzitsuenak errepasatu ditugu. Bideojokozaleok zoratzen hasita gaude jada. Ekainean sartzekotan gaude, eta E3 azokari agur esan behar izan badiogu ere, industriako enpresa handiek zein txikien elkarteek udako aurkezpen handiak iragartzeari ekin diote. Momentuz ziurtatu direnei buruz aritu gara, bertan ikusiko ditugunei buruz hitz eginda.

Tiro jokoen jarraitzaileek ezusteko handiak hartu dituzte, gainera: Bohemia Interactive txekiarrak Arma frankizia ezagunaren bi joko iragarri ditu… bat jarraian kaleratzeko. Arma 4 oraindik urrun geratzen da, baina Arma Reforger PC-ra eta Xbox-era iritsi da jada ezaugarri benetan interesgarriak aurkezteko. Horrez gain, Call of Duty geraezinaren aurtengo atalari buruzko xehetasunak eman ditu Activision-ek: Modern Warfare 2 maitatuaren berregitea izango da.

Askok ahaztu nahi dugun konfinamendu garai hartako gauza gogoangarri bat berpiztu egingo dela jakin dugu: Mediatonic estudioak Fall Guys ezaguna Switch, Xbox eta PlayStation 5era eramango ditu. Are garrantzitsuago, doako formatura igaroko da minijokoen obra. Game Erauntsiatik txapelketaren bat edo beste antolatzeko irrikitan gaude.

Orain urtebete irratsaio hau abiatu genuenean —zorionak guri!— denboraren okarina izan genuen hizpide. Beste batez, The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanari buruz hitz egiteko aukera izan dugu; izan ere, Nintendo 64ko lan honen jarraitzaileek PCko port natiboa eratzea lortu dute, hainbat berritasun gaineratuta.

Honen zain zeuden, badakigu: euskarazko bideojokoak aurkezteko aukera izan dugu beste batez. Ohitura bilakatzen ari da; guk behintzat horrela izatea nahi dugu. Oraingoan, Digipen Europe Bilbao ikastetxeko laugarren mailako ikasleengandik jasotako bi titulu txiki baina interesgarri kaleratu dira gure mintzairan: Shadow Racer eta Arclight Beat bereziei buruz ari gara.

Bukatzeko, Game Erauntsiak aurrez-aurreko txapelketetara itzultzeko aukera eduki du: Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Klikazank lehiaketan izan ginen prestaketa eta esatari lanak egiten. Gazte bilbotarrek Rocket League-n sekulako maila dutela erakutsi zuten, gu geu ere zur eta lur utzita.

Twitch-en zuzenean emandako saioa Youtuben ikus dezakezue: