2022 EKA. 03 - 15:20h Tximino baztangaren kasu berri bat antzeman dute eta guztira zazpi dira Hego Euskal Herrian Lakuako Gobernuko Osasun sailak tximino baztangaren beste kasu detektatu du ostiral honetan. Ostegunean Nafarroan konfirmatutako kasuarekin, guztira zazpi dira Hego Euskal Herrian identifikatu dituzten infekzioak. Tximinoaren baztangaren birala erakusten duen irudia. (Cynthia S. GOLDSMITH | AFP) NAIZ Dagoeneko zazpi dira Hego Euskal Herrian atzeman diren tximino baztanga kasuak, Osakidetzak ostiral honetan Bizkaian beste kutsatze baten berri izan duela jakinarazi ondoren. Haietako bat ere ez dute ospitaleratu behar izan eta etxean isolatuta daude. Zazpi gizonezko dira, hiru Bizkaikoak, bi Arabakoak, bat Gipuzkoakoa eta atzo konfirmatu zen Nafarroako beste bat. Osasun sailak zehaztu duenez, guztiek izan dituzte sintoma arinak; etxean bakartzeko eskatu zaie eta jarraipen anbulatorioa egin die Osakidetzak. Gainera, nabarmendu du gaur arte Mikrobiologiako Zentro Nazional espainiarrak egiaztatutako kasu guztiek lotura epidemiologikoa izan dutela Euskal Herritik kanpoko beste kasu batzuekin. Azaldu duenez, tximino baztangaren gaixotasuna oso ezohikoa da, eta, normalean, sukarra, mialgia, adenopatiak (gongoilen hantura) eta esku eta aurpegiko erupzioa eragiten ditu, barizelaren oso antzera. Pasa den maiatzaren 15ean, Erresuma Batuak alerta jo zuen, 4 kasu detektatu baitziren; alerta gainerako osasun sistemetara iritsi zen, Alerta eta Erantzun Goiztiarren Sistemari esker. Alerta jo zenetik, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasungintza-sistemako profesionalei ‘monkeypox’ekin bateragarriak diren sintomak dauzkaten pertsonak aurkituz gero zer urratsi jarraitu adierazi diete.