2022 EKA. 08 - 13:40h Soinu berri bat dakar Sonakayren ‘Suerte’ hirugarren lanak Sonakay taldeak bere hirugarren estudioko lana aurkeztu du asteazken honetan Oiartzunen, Mecca Recording Studios-en. Musikari apartek lagunduta eta Jaime Stinus ekoizleak akuilatuta, konfort gunetik atera eta soinu berrien bila abiatu dira. Ezin gusturago daude emaitzarekin. Sonakayko kideak, disko berria aurkezten, ekoizlearekin eta kolaboratzaile batzuekin, Oiartzungo Mecca estudioan. (Andoni CANELLADA | FOKU) Maider Iantzi ‘Suerte’ izena du Sonakayren hirugarren diskoak, halaxe sentitzen baitira. «Parte hartu duten musikariekin eta Jaime Stinus ekoizlearekin bizitako uneak izan dira prozesu honen guztiaren altxor nagusia», adierazi du Yoni Camacho taldeko abeslariak aurkezpenean. Oiartzungo Mecca Recording Studios-en grabatu dute lana, «oso gustura», eta bertan plazaratu dute, bi abesti zuzenean joz eta teaserra erakutsiz, baita pintxo goxoekin lagunartean topa eginez ere. Kontent sumatzen ziren denak. Stinusek ere aitortu du normalean disko bat amaitzen duenean ez duela entzun nahi izaten gutxienez hiru hilabetez, beti aurkitzen dizkiolako hobetzeko gauzak, baina oraingoan ezberdina izan da. «Oso pozik nago emaitzarekin, ohore bat da niretzat». Musika estudio dotorean egindako ekitaldian izan dira David Escudero, David Bernardez eta Jose Luis Jimenez taldekideak. Eta Luis Moreno ‘Pirata’ (haizeak) eta Karlos Aranzegi (bateria) kolaboratzaileak ere bai, izan duten goi mailako musikarien partaidetzaren erakusgarri. Albumean Iñaki Salvador (pianoa), Lutxo Neira (baxua), Bixente Martinez, Jaime Stinus (gitarrak), Ruben Perez (kongak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta) entzun daitezke. ‘Heroiak’-en euskal bertsioa Stinusek azaldu duenez, artista xaxatzea maite du, bere konfort tokitik ateratzea, sarri hor sortzen baita inspirazioa. Urtarrilean hasi ziren lanean eta Sonakaykoek ‘Al alba’ Luis Eduardo Auteren abestiaren euskal bertsioa egin zuten, Jon Martinen hitzekin. Orduan, ekoizleak nazioarteko eta belaunaldiarteko kantu baten bertsio batekin ausartzea proposatu zien, belaunaldi batzuentzat ereserki izan den abesti batekin alegia. Hortik jaio zen ‘Heroiak’ ederra, orain bi aste kaleratutako singlea, David Bowieren ‘Heroes’ kantuaren euskarazko bertsioa. «Maitasun kantu bat da bizi garen mundu zatitu eta zentzugabe honetan. Eta berriz heltzeko momentua zela iruditu zitzaigun», erran du ekoizleak. Hitzak Harkaitz Canorenak dira. Camachok aitortu du zalantza momentuak ere izan dituztela, «flamenkoak garenontzat gure konfort gunetik ateratzea ez delako erraza, baina une horietako bakoitzean erabaki zuzen bat egon da». Izugarri ikasi dutela azpimarratu du, eta aunitz betetzen dituela aurkitu duten soinu berriak. Stinusek egindako proposamenetako bat izan zen orain arte egiten zituzten moldaketa latinoak saihestu eta soul, groove, pop eta rock doinuko base erritmikoak probatzea. Aurkezpenean ‘Suerte’ diskoari izena ematen dion kantua eta ‘Hutsa nirea’ balada jo dituzte, eta ederra izan da. Euskaraz eta gaztelaniaz abesten jarraitzen du talde donostiarrak, baina oraingoan euskara da nagusi. Kantu originalen artean, Iker Laurobaren ‘Larumbata’ dago, besta gosea gailentzen ari den garaiotan martxarako gonbidapena egiten duena. Gainontzeko abestiak Camachorenak dira. Zuzenekoak Taldea buru-belarri ari da zuzenekoak prestatzen. Ekainaren 26an Sestaon joko dute, abuztuaren 26an Irunen, eta irailaren 4an Elorrion. Horretaz gain, ekainaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako kultur aniztasunaren ingurujko ekitaldi batean parte hartuko dute.