2022 EKA. 09 - 13:10h GR 283, Idiazabal gaztaren ibilbide turistiko-gastronomikoa sortu dute Ordizian abiatzen den ibilbidea zirkularra da eta 96 kilometro osatzen ditu. Lakuako Turismo sailak sustatua, Idiazabal gaztaren inguruan sakondu asmoz, hiri eta landa eremuak bisitatzeaz gain, gune enblematikoak bisitatzeko proposamena egiten du: Mirandaola, Zerain edo Aralarreko artzainen etxolak. Idiazabal gaztaren nondik norakoak jasoko ditu GR 283 ibilbideak. (Andoni CANELLADA | FOKU) NAIZ Donostia Idiazabal gaztak bere ibilbide turistiko-gastronomiko propioa izango du aurrerantzean. Gipuzkoako barnealdetik 96 kilometroko ibilbide zirkularra diseinatu da eta «ondare garrantzitsua» barnebiltzen du: Ordiziako azoka, Segurako Erdi Aroko herria edo Arantzazuko santutegia, besteak beste.Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak ostegun honetan aurkeztu ditu Idiazabal gaztaren ibilbidea edo GR 283 deituriko ibilbide enblematiko hau bultzatzeko erabiliko dituen baliabide berriak.Ibilbidea Ordizian jaiotzen da, eta hiri, landa eta natura eremuetatik igarotzen da, nazioartean ezaguna den Idiazabal gaztan oinarrituta. «Gure gastronomiarekin, nazioartean ezaguna den gastronomiarekin eta gure historiarekin zerikusia duen gure ondarearen balioa nabarmentzeko balio dute, eta lurralde kohesiorako elementu indartsua dira», esan du.Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenari izena ematen dion Idiazabal herria, Zerain bezalako herri xarmangarriak, Legazpiko Mirandaola burdinola, turismo industrialaren ikurra; San Adriango tunela, Gizateriaren Munduko Ondarea dena; edo Aralar eta Aizkorriko artzainen etxolak dira bide honen beste leku erakargarri batzuk.GR 38 ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Inaziotar Bidea, Donejakue Bidea eta orain GR 283 Idiazabal Gaztaren Ibilbidea dira sustatu diren bide turistikoak zein gastronomikoak. Hurtadoren esanetan, hauek bultzatzeak «indartu egiten du jasangarritasun turistikoa sustatzeko ezarritako estrategia».