GAIAK

Hatortxu Rockeko bizipena aberastuko du NAIZ gune ikusgarri batek

Urtetako elkarlanari segida emanez, NAIZek eta Hatortxu Rockek akordioa sinatu dute, uztailaren 29 eta 30ean Atarrabian egingo den elkartasun jaialdiari begira. NAIZen izena eramango duen gune ikusgarrian arituko dira, besteak beste, Anari, Ibil Bedi eta Antton Telleria. Baita NAIZ Irratia ere.

NAIZeko eta Hatortxuko ordezkariak, NAIZen izena izango duen gunean.. (Iñigo URIZ | FOKU)

NAIZek eta Hatortxu Rockek azken urteetan lotutako akordioak segida izango du udako jaialdian. Elkarlan horren emaitza izango da NAIZek gune berde eta ikusgarri bat izango duela aurtengo zitan. Era berean, harpidedunek aukera bereziak izango dituzte sarrerak eskuratu ahal izateko.

Uztailaren 29 eta 30ean 30 talde igoko dira elkartasun jaialdiko oholtza ezberdinetara eta horietako hainbatek NAIZ guneko "Auzolana" eszenatokian eginen dute. Anari, Gilipojazz, La Mare, Sua eta Badalonian Sound ostiralean, eta Antton Telleria, Ibil Bedi, Zelanda, Hammond York, Lukiek eta Selektah Stepik larunbatean girotuko dute gunea.

Baina zuzeneko musika baino askoz gehiago izanen da NAIZ gunea. Azken bi urtetan pandemiak ekidin du Hatortxu Rock jaialdia antolatzea, eta udako edizioa hutsune hori betetzeko asmoarekin dator. Hori dela-eta, ahalegin berezia egin du antolakuntzak, bigarren espazio berri eta ikusgarri bat prestatuz. Zuhaitzez (eta itzalez) jositako belardi batean altxako da, bizipena aberasteko asmoz.

Bertan, eszenatokiaz gain, jaialdiko jantokia egonen da, baita eskaintza desberdina izango duen taberna bat, bi eguneko musika jaialdi batean beharrezkoak diren indarrak berreskuratzeko. Hatortxuko arropa denda ere gune honetan kokatuko da eta, guzti horiekin, bertatik zuzenean ariko den NAIZ Irratia ere bertan topatuko dugu.

NAIZen harpidedunentzako aukerak

NAIZ eta Hatortxuk sinatutako akordioaren baitan, era berean, NAIZeko harpidedunek eskaintza berezia jasoko dute sarrerak lortzeko. Sarrerak eta bonoak %25eko deskontuarekin erosteko aukera izanen dute. Hau da, ostiralerako edo larunbaterako sarrerak 22,5 euroko prezioan (30 beharrean) eta bonoak, 40 eurotan (55€ beharrean). Harpidedun bakoitzak, gehienez, lau sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Eta hori gutxi balitz, bi egunerako bonoak doan eskuratzeko aukera ere badute harpidedunek, lagun batek NAIZeko harpidetza eginda. Adibidez, L Gaztea/langabea harpidetzak hilean 3 euro besterik ez ditu balio. Argibide guztiak posta elektroniko bidez jaso zituzten ekainaren 7an.

Inongo dudarik gabe, zita berezia izango da Atarrabiak uztaileko azken asteburuan hartuko duena. Eta bertan izanen da NAIZ, entzun eta ikusi daitekeen guztia kontatu asmoz.