2022 UZT. 01 - 19:20h Urtarriletik aurrera Venezian sartzeko ordainpeko erreserba bat egin beharko da Veneziako Udalak iragarri duenez, 2023ko urtarrilaren 16tik aurrera turistek 3 eta 10 euro bitarteko erreserba bat egin beharko dute kanalen hirian sartzeko. Udaletxeak turismo masiboa kontrolatzeko sistema gisa aurkeztu du neurria. Turistak Veneziako San Marcos plazan. (Tiziana FABI | AFP) NAIZ Veneziako Udalak ostiral honetan iragarri duenez, 2023ko urtarrilaren 16tik aurrera hiri italiarra bisitatu nahi duten turistek ordainpeko erreserba bat egin beharko dute. Erreserbak 3 eta 10 euro bitarteko kostua izango du, eta Udalak turismo masiboa kontrolatzeko sistema gisa aurkeztu du neurria. «Metodo konplexua da eta, ziur aski, ez du berehalakoan txalorik jasoko ezta adostasun elektoralik lortuko, baina etorkizuneko turismo ereduan mugarri bat ezarriko du», esplikatu du Simone Venturini Turismo zinegotziak prentsaurreko batean. Hori horrela, urtarrilaren 16tik aitzina, bisitariek internet bidezko sistema baten bidez egin beharko dute erreserba, zeina, zinegotziaren esanetan, «pare bat hilabete lehenago» egongo den ikusgai. Veneziako Aurrekontu zinegotzia den Michele Zuinek gehitu duenez, sarbidearen prezioa erreserbatik bisitara arte dagoen tartearen araberakoa izango da. Hau da, erreserba gero eta goizago egin, orduan eta merkeagoa izango da. Neurriaren bitartez, hirian eguneko egon daitezkeen turisten kopuru maximo bat ezarriko da, baina gehiago ordainduz gero, ez du axolako plaza gabe gelditu izana. Venezia «inoiz ez da itxiko», jakinarazi dute Udaletxetik. Venturinik azaldu duenez, erreserba sistema uneoro egongo da hobekuntza prozesuan, neurri aitzindaria izanik akatsak izan ditzake eta: «Sistema hau ezarriko duen munduko lehen hiria izanik (...) harroputza izango litzateke atzamarrak kliskatuz dena primeran aterako dela baieztatzea. Hobetzeko marjina izango den prozesu bat izango da». Dena den, hainbat salbuespenetan bisitariek ez dute erreserba hori egin beharko: hirian lotan geldituko diren turistek (hoteletan gau tasa ordaintzen dutelako), veneziarrek, Venezia eta bere uharteetako langileek, Venezian jaioek, ikasleek, Veneziako eraikinen jabeek, sei urtetik beherako umeek, aniztasun funtzionala duten pertsonek eta beraien laguntzaileek, Veneziako ospitaletara doazen pazienteek, armadako kideek, larrialdiko zerbitzuek, agintariek, administrazio publikoko langileak, Veneto eskualdeko herritarrek edo kirol emankizunetara doazen bisitariek. «Ez dugu dirurik atera nahi» Veneziako Udalak kontrolatzaile eta isun sistema bat ezarriko du bisitariek ordainpeko erreserba eginda dutela bermatzeko. Erreserbarik izan ezean, 300 euroko isun bat ordaindu beharko da. «Ez dugu dirurik atera nahi. Pertsona fluxu bidezkoagoak izateko metodo pizgarri bat da», ebatzi du Venturinik. Veneziak, Gizadiaren ondare izendatutako hiriak, bere ondare urbanistikoa babesteko neurriak hartu ditu azken urteetan, hala nola, gurutzaontzi handien zirkulazioa mugatzea edo uholdeen kontrako hesi sistema bat ezartzea. Orain, azken hamarkadetan hazi baino egin ez den turismoa mugatzen saiatuko da (5,5 milioi etorrera eta ia 13 milioi ostatu-gau erregistratu zituen 2019an, pandemiaren aurretik). Bitartean, bertako alde zaharreko biztanle kopuruak jaisten dihardu, 1950ean 175.000 biztanle zituen bitartean 50.000 biztanle izatera pasatu baita egun.