2022 UZT. 04 - 06:30h Metallica bai, etxekoak ere bai Etxekoa balioan jartzeko beste adibide bat izan da Bilbao Bizkaia Rock Day. Kanpotik etorritakoek maila aparta eman badute ere, Niña Coyote eta Chico Tornadoren emanaldia bikaina izan da. Gainerakoan, betirako geratuko diren anekdota ugari izan dira. Metallicaren kontzertua San Mamesen. (Raúl BOGAJO | FOKU) Iker Gurrutxaga Ateak 15:00etan ireki behar zituzten San Mames estadioan, jendea pilatuta zegoen askoz ere lehenagotik. Kaos pixka bat ere bazen ikusleen artean, bakoitzak nora joan behar zuen oso argi ez zuelako, baina antolakuntzako langileek laguntzen zuten horretan. Urduritasuna nabari zen, izan ere 16:00etan puntual hasi behar zuten Niña Coyote eta Chico Tornadok eta 15:25ean ireki dituzte ateak azkenean. Gu ere ikuskizun zer nolako espazioa izango ote genuen kontzertua ikusteko, prentsa bi zatitan banatu dutelako antolatzaileek. Batzuk palkoko erosotasunean, argia, ura, interneterako sarbidea eta mahaiekin, eta, beste batzuk, harmailan eserita, ikusteko eta entzuteko primerako tokia, baina ur botilak 2 euro balio zituen. Bigarrenen multzoan ginen gu. Ehunka langile ikusten ziren atzera eta aurrera, gehienak gazteak eta, salbuespenak salbuespen, antolakuntza aldetik primeran joan da San Mameseko ekitaldia. Niña Coyote eta Chico Tornado Bikote donostiarra azken orduan batu zen kartelera The Regrettes taldeak beren bira bertan behera iragarri ostean. Zorionekoak euskal musikaren maitaleok. Izan ere, euskaraz entzun diren abesti bakarrak izan dira Bilbao Bizkaia Rock Day delakoan, tarteetako abestietan ere ez baita euskararik entzun. Horri batu behar zaio oholtzara igo den emakume bakarra Ursula Strong izan dela, eta igo bada igo da eta eman du eman beharrekoa. A zer nolako kontzertua eskaini duten Coyotek eta Tornadok hasieratik bukaeraraino. Hasiera ordua zintzo demonio errespetatuz ‘Eguzkiari itxoiten’ abestiaren riff indartsuekin hasi dute emanaldia, ‘Oh sunny silver’ instrumental jostariarekin jarraitzeko. Elkarren arteko konplizitatea erakutsi dute abesti horretan eta gozamena nabari zitzaien aurpegian. Koldo Soret batetik bestera mugituz zebilen, baina ez nahi beste, pedalerak lotzen zuelako hein batean. ‘Backintown’ abestiarekin elkar nola ulertzen duten argi eta garbi ikusi da eta abiadura eman diote kontzertuari. ‘Erleak’, ‘Mawi’, ‘Ariñau’ eta ‘Lainoa’ kantuak joz bukatu dute emanaldia. Tartean ‘Neu ta zeu’ kantuaren egur guztia ere sartu dute. Disko guztietatik laginen bat sartzeko baliatu dute San Mamesko oholtza eta, egiari zor, kanpoan geratu direnek ez dakite zer galdu duten. Sekulako kontzertua eman baitute Niña Coyotek eta Chico Tornadok, kanpora joan beharrik gabe, etxean ere ‘stadium rock’ delakoa egin dezakegula erakutsiz. Nothing But Thieves eta Weezerren ausentzia 17:00etan ziren hastekoak Nothing But Thieves talde britainiarrekoak, baina, bat-batean, ordutegian aldaketa izan dela esan dute, 17:30era arte atzeratuko zela kontzertua. Arrazoia, 20:00etan aritzekoa zen Weezer ez zela Bilboko emanaldira iritsiko, bidaian izandako arazo batzuk medio. Hala, Weezer ikustera joan direnei sarrera itzultzeko aukera eman diete, nahiz eta barruan egon. Nothing But Thieves atzerapen pixka batekin hasi da, publikoa oraindik ere hotz zegoela. Nabari zen bertaratuak bukaerako Metallica entzutera hurbildu direla. ‘Futureproof’ kantu gordinarekin ekin dute emanaldia eta hasieratik erakutsi du Conor Masonek ahotsean zer nolako erregistroa duen. ‘Is everybody going crazy’ abesti melodikoagoarekin jarraitu dute eta bide horretan aurrera ‘Real love song’ etorri da beranduxeago. Kuriositate gisara geratuko da Masonek tea edan duela kontzertuan, orduagatik izango zen, ohitura ingelesari eutsiz-edo. Lerro beretik jarraitu dute ‘Particles’ kantuarekin baina indarra sartu dute ‘Life's coming in slow’ abestiarekin, gitarren efektuekin jolastuz eta beren soinu bereizgarria aurkeztuz. Hala, Conor Masonek gitarra lepotik zintzilikatu eta bukaerako txanpara pasa dira ‘Sorry’ kantua joz. Hala ere, gitarraren ordez, programatutako sintetizadore soinuak jotzeko hautua egin izan balu, asko irabaziko zukeen Nothing But Thieves taldearen emanaldiak. Soinuz bikain, bitik bi kontzertuetan ezin izan gara kexatu horretaz. The Hellacoptersen indarra eta jarrera Suediako rockari gorazarre egin die The Hellacopters taldekoek emanaldiak iraun duen 68 minutuetan. Dregen, taldeko gitarra jotzailea, hanka apurtu berritan igo da oholtzara eta horrek atentzioa eman digu guztioi, kasik taldea bazetorrela iragartzeko helikoptero soinuak baino gehiago. ‘Hopeless case of the kid denial’ abestiarekin asi dute emanaldia, soloz beteta eta sekulako indarrarekin. Segidan, riff itsaskorrak eta hard rock eta glam rockaren ukituak etorri dira. ‘Reap a Hurricane’ jo ostean, publikoa nabarmen berotuz joan da. San Mames betetzen zihoan eta nabari zen, batez ere pistan. ‘Eyes of the Oblivion’, azken diskoari izena ematen dion abestia etorri da segidan. Kantu pausatuagoa, baina indartsuagoa inondik ere. ‘Payin' the dues’ diskoko ‘Soulsellerrek’ erreleboa hartu dio, ordea, punk rockera eraman gaituztelarik. Hala ere, gutxi iraun du azkartasunak, berriz ere disko berrieneko balada bat jotzeko parada hartu baitute suediarrek. Beren garai loriatsuenera jo dute segidan eta ‘Toys and flavors’ abestia jo, 2002ko ‘High visibility’ diskokoa. Bost urte atzera egin dute berriz ere eta ‘Payin' the dues’ diskoko beste kantutzar bat eskaini, ‘You are nothing’. Hala ere, Eskandinaviako taldea direla garbi utzi dute, ‘By the grace of God’ kantuaren introan hara eraman gaituztelako zuzenean. Jarrera, gogoa eta ezusteko ederra izan dira gaurkoan The Hellacoptersekoekin, jendea zalantzati baitzen hasieran eta pozik bukatu dutenean. Metallica eta deabruarekin paktua Deabruarekin paktua egiten omen dute askok betiereko gaztetasuna eskuratzeko, bada, Metallica taldekoek halako zerbait egin dute. Kontzertua 22:00etan hasten bazen ere, pazientzia gutxi zuten dagoeneko estadiora iritsitako zaletuek, 10 minutu lehenagotik txistuka ari zirelako taldea noiz agertuko. Metallica 40 urteak ospatzen ari dira Europako bira batean eta COVID-19a dela eta Suitzan kontzertu bat bertan behera utzi zuten duela gutxi. Bilbokoa aurrera atera da, eta eskerrak, izan ere hasi eta buka sekulako showa eskaini dute kaliforniarrek. Gaurko 40.000 lagun espero ziren, ez ziren hainbeste izango azkenean, baina horrek ez zuen askorik axola. AC/DC taldearen ‘It's a Long Way to the Top (If You Wanna Rock 'n' Roll)’ kantuarekin egin dute gora dezibelioek eta Ennio Morriconeren ‘The ecstasy of gold’ abestiarekin denak kantari hasi dira pantaila handian ‘The Good, The Bad and The Ugly’ pelikulako pasartea proiektatzen ari ziren bitartean. Segidan taldekideak sartu dira eta jendartean zegoen oholtzan jotzen hasi behin James Hetfieldek «Are you ready?» ohikoa galdetu ostean. ‘Kill'Em all’ diskoko ‘Whiplash’, ‘Ride the lightning’-eko ‘Creeping death’ eta ‘Metallica’-ko ‘Enter Sandman’ abestiak jo dituzte segida-segidan. Publikoa guztiz errenditu zaio taldeari hasieratik, gaurkoan Hetfielden aginduetara egon direnak hasi et buka. ‘Harvester of Sorrow’ izan da segidan jo dutena, lau kanta eta ia ia abesti bakoitzan instrumentuak aldatuz ari ziren Hetfield, Hammett eta Trujillo. Orotara bakoitzak 7-8 gitarra eta baxu erabili dituztelarik. Atentzioa ematen duten gauzen artean, eszenografia erabat aldatu dutela Metallica zetorrenerako, 8 argi foku operadore zeuden beren mugimendu denak argiztatzeko eta gitarra eta baxuen efektuak ere teknikariek kudeatzen zituzten, bat salbu, aurrean eta soloak egiteko Hammettek prestatuta zeukan ‘wah’ pedala. ‘Wherever I may roam’ abestiarekin segi dute eta taldeko liderrak harmailako zaletuak agurtzeko baliatu du. Musikarien eta publikoaren hartu-emana etengabekoa izan da, oholtza horretarako propio prestatuta baitago, estadioan batetik bestera mugitzeko. Hori bai, hartu-eman hori, batez ere, urrezko eraztunekoekin izaten da. ‘S&M’ diskoari keinua egin diote segidan ‘No leaf clover’ abestiarekin eta hori bukatu orduko bigarren galdera nagusia: «Is the Metallica family here?». Metallica zaleek familia handi bat osatzen dutela esaten baita, eta gaurkoan ere hori argi ikusi da. ‘Sad but true’ abestia hustuta bukatu du Hetfieldek, belauniko lehenbizi eta bakarrik, etzanda eta hunkituta bukaeran. Momentu polita eta intimoa izan da. Gogokoeogia ez den ‘St. Anger’ diskoko abesti bat aurkeztu dute segidan, eta, gauzak diren bezala, publikoaren erantzuna ere hala moduzkoa izan da ‘Dirty window’ abestian. Orduan, Kirk Hammett, gitarra nagusia, bakarrik utzi dute oholtzan eta ‘Nothing else matters’ jotzeko unea iritsi da. Balada mitikoaren exekuzioa, ordea, ez da hain ona izan. Ez baladarena eta ezta abesti pausatuenena ere. Paradoxikoki, adinak abiadura jaitsi eta pausatutako abestietan hobeto moldatzea ekartzen die askori baina ez Metallicari, trash abestietan eman baitute onena gaurkoan. Proiekzio batzuk, atseden pixka bat, bateria doitu eta ‘For whom the bell tols’ klasikoaren txanda izan da. Egon da publikoan Su Ta Gar faltan bota duenik une horretan, gaurko egunerako telonero aproposa litzatekeela aipatuz. Izan ere, garaian, Eibarko taldeak Metallicaren abesti hau jotzen zuen zuzenean. Pirotekniaren unea iritsi da gero ‘Hardwired… to Self‐Destruct’ diskoko ‘Moth into flame’ kantua jo dutenean. Sua eta neoizko argiak nagusi. Berriz ere lehen urteetara egin du segidan taldeak, ‘Welcome Home (Sanitarium)’ eta ‘Seek & Destroy’ joz. Bigarrenarekin publikoa erabat lehertu da, nahiz eta soinu aldetik ez den abestirik onena izan. Hori bai, propio ‘Kill'Em all’ diskoko zikintasuna bilatuta zegoela nabari zen. Zuri-beltzeko irudiek jantzi dute eta, tartean, 2007ko emanaldiko sarrera jarri dute proiekzio batean. Oholtzatik joan dira, jendea oihuka jarri eta itzuleran azken hiru abestiak. ‘Metal militia’ 1982ko kantua ez genuen espero gaurkoan, Europako bira berri honetan azken egunetan ez baitute jo. Gainerako abestiak, ia denak, berdinak eta ordena berean jo dituzte. Hala, ‘One’ abestian berriz ere piroteknia eta gerra irudiak ikusi ahal izan ditugu. Emanaldia bukatzeko, ‘Master of puppets’ abesti mitikoa jo dute. Betirako gogoratuko diren uneak Abestia gorenean zela, ordea, akatsen bat egon eta betirako geratuko den anekdota horietako bat jazo da. Soinua joan da. Taldekideek beren kaskoetatik eta barruko soinutik entzuten jarraitzen zuten abestia, eta ez dira geratu, abestia osorik jo dute eta sekulako egurrean gainera. Gertu samar ginenok, entzuten genuen zerbait. Baina, halako batean ohartu da Hetfield akatsaz eta berriz ere falta zen zatia jo dute. Momentu historikoa izango da Metallicaren ibilbidean. Abestia bukatu ostean eskerrak emateko ordua, hainbat gauza jaurti dituzte oparitan eta banan-bana eskertu dute Bilbok eman dien harrera. Gaurko kontzertuan isilik samar egon da Trujillo, baxu-jotzailea, baina haren mezuarekin ere denok geratu gara. Izan ere, paper bat atera du poltsikotik, irakurri du eta «Gora Euskadi!» oihukatuz agurtu da. Laster itzuliko direla esan dute, eta jendeak gustura hartuko ditu, gaurkoan ez daudela batere zaharkituta erakutsi dutelako. Bi orduko show metaleroa. Hala, Metallicak sekulako jarrera eta eskaintza taularatu du gaurkoan, baina ea baliagarri den etxeko taldeei ere merezi duten balioa emateko, Niña Coyote eta Chico Tornado ez baitira atzera geratu Bilbao Bizka Rock Day honen lehendabiziko edizioan.