2022 UZT. 13 - 15:09h Jone Mitxelena zientzialari barakaldarrak L’Oreal-Unesco saria jaso du Ikerbasqueko zientzialariaren Jone Mitxelenaren ikerketa bat saritu du L’Oreal-Unesco ‘For Women in Science’ programak, urtero 40 urtez azpiko emakume ikertzaileen punta-puntako lanak aitortzen dituenak. Jone Mitxelena Ikerbasqueko ikertzaile barakaldarra. (EHU) NAIZ Bilbo Jone Mitxelenak 37 urte ditu, Barakaldokoa da eta ‘Sare transkripzionalak epitelio-mesenkima trantsizioan eta metastasiaren garapena (TransEMeT)’ ikerketagatik jaso du L'Oreal-Unesco aintzatespena. Zientzian emakumeen punta-puntako jarduna ikustarazteko helburua duten sari hauek Bizitzaren Zientzien arloan zentratu dira aurten, eta aintzatetsitakoei 15.000 euroko laguntzak eman dizkiete. Mitxelenaren taldea egiten ari den ikerketaren xedea da kolon eta ondesteko minbizia gorputzeko toki urrun batera barreiatzen zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea, gaixotasun horrek eragindako heriotzaren zergati nagusia baita.Halaber, kolon eta ondesteko minbizia hirugarren minbizirik ohikoena eta munduan laugarren heriotza zergatia baita. Barakaldarraren eta bere taldearen lanaren ardatza da minbizi mota hori barreiatzean zerikusia duten mekanismo molekularrak argitzea, tratamendu eraginkorrak zuzentzeko oso garrantzitsua baita alderdi hori. Zehatzago esateko, haren proiektuaren xedea da metastasiaren garapenean parte hartzen duten adierazpen genikoa arautzeko mekanismoak argitzea. Sarituaren hitzetan, «transkripzioaren faktore sarea aztertzea lagungarria izango da metastasien garapenean zerikusia duten mekanismoak argitzeko eta diana terapeutiko berriak identifikatzeko ateak irekiko ditu». Zientzien arloan emakumeek duten presentziari dagokionez, Mitxelenak zera nabarmendu du: «Nire ikerketa arloan minbizia ikertzen ari direnen %60 emakumeak dira, baina goi erantzukizuneko hamar postuetatik bitan baino ez daude emakumeak». Ildo horretan, adierazi du «lanbide zientifikoko etapa guztietan lehentasuna izan behar da gizon eta emakumeen berdintasuna gobernuentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat» eta berriro nabarmendu du «karreran mantentzea dela erronka, potentziala garatu ahal izatea eta erantzukizuneko karguetan parte hartzea». L'Oréal-UNESCO ‘For Women in Science’ programak bi hamarkada baino gehiago daramatza martxan Estatu espainiarrean eta tarte honetan 77 emakume zientzialari baino gehiagoren lana sustatu du, 1.245.000 euroko balioa duten laguntzekin. Maila globalean mundu osoko bost emakumezko zientzialari eminente saritzen ditu, kontinente bakoitzeko bat. 1998an sortua eta 117 herrialdetan kokatua, programak 3.900 emakumezko zientzialari aitortu ditu sortu zenetik, tartean Nobel saridun batzuk ere bai. Aurtengo beste lau sarituak honako hauek dira: Melissa Garcia ikertzailea, Malagako Unibertsitatekoa; Ana Belen Perez Oliva, Ikerketa Biosanitarioen Murtziako Institutukoa (IMIB-FFIS); Natalia Sanchez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa; eta Nerea Mendez Barbero, Fundación Jimenez Diaz ikerketa sanitarioen Institutukoa.