2022 UZT. 26 - 10:20h Tenerifera hegazti endemikoen bila Espezie bereko populazioak eremu desberdinetan, eta bata bestetik bananduak izateagatik gertatzen da espeziazioa, eta horrek ahalbideratu die, besteak beste, Iparraldeko Afrikatik gertu dauden irletako flora eta faunari horren natura-gune garrantzitsuak izatea. Kanariar txirta, Tenerifen. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Juan Luis Mugertza Unanue Urtarrilak 12, 07:10ean, Loiutik irten, eta 3 ordu eta 5 minutu hegan egin ostean, San Cristobal de La Laguna udalerriko lurretan dagoen Ipar Tenerifeko aireportura (antzina, Los Rodeos deitua) heldu gara. Maletak jaso, gure zain zegoen autobusa hartu, eta Los Realejosera abiatu gara hotelera, eguraldi ederra lagun. Egunari atarramendua ateratzeko asmotan, goiz bazkaldu, eta babestutako Rambla de Castro gunera zuzendu ditugu pausoak, hasierako tartean, etxez eta autoz apaindutako aldapak gora eta behera egin bitartean. Horrelako paraje batean txoriak ikusteak zaila dirudien arren, Sendero del Agua hasten den Maritim hotelaren lorategian Kanarietako ikurra den kanario batzuk (Serinus canaria) ikusi ditugu. Lehen karnabaren (Carduelis carduelis) edo etxe-txolarrearen (Passer domesticus) ahaidetzat hartzen bazen ere, egun, txirriskilarena dela badakigu. Azores, Madeira eta Kanaria uharteetan bizi dira, eta arrak lumarik gehienak berde horixkak eduki arren, emearen bizkarrekoak gris arreak izaten dira. Apurtxo bat aurrera, bidexka estu bat hartu dugu, eta Gordejuela izeneko labarrak azpian genituelarik, Castro, Fajana, eta Los Reyes hondartzak ikusi ditugu. Paraje hauetan tagarote belatza, belatz gorria, eta paseriformeak ere ikusteko aukera dago, eta migrazio sasoian, hondartzetan eta harkaitzetan, lertxun gorria, lertxuntxo txikia, harri-iraularia eta kurlinta bekainduna, bereziki, itsasbehera dagoenean. Gure begiak labarretan eskalada egiten saiatu dira tagarote belatza topatu nahian, baina… Hala ere, Kanarietako amilotx urdina (Parus teneriffae), kanariar txioa (Phylloscopus canariensis), biak endemikoak, eta afrikar eperra (Alectoris barbara) ikusi ditugu, eta pozik bueltatu gara hotelera. Las Cañadas ibilbidea, Teideko parke nazionalean. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Zalantzatan izan ginen etorri aurretik autoa non alokatu. Azkenean, hotelean bertan hartu dugu. Dirudienez, pandemia dela-eta, auto asko saldu behar izan dute, eta, egun, eskaintza nahiko murritza da. Dena den, ez dugu inolako arazorik izan, eta bi ateko Fiat 500 bat hartu dugu lau egun egiteko. Gaur, ez dugu kilometro askorik egin, eta Tenerifeko iparraldean hamar bat kilometrotara dagoen Barranco Ruiz delako xendra hartu dugu. Bidean, badaezpada, La Grimona begiratokian gelditu gara Kanarietako uso buztanzuria ikusteko. Hogei bat minutu egin ditugu aurrez aurre genuen paretari begira, baina haitz-usoak baino ez ditugu ikusi, eta alde egin dugu. Gero, bi kilometro egin, eta errepide bazterrean zegoen aparkalekuan auto utzi, eta aldapan gora egin dugu. Ibilbide osoa 3-4 ordutan egin daiteke, baina kontutan hartuta, edozein aitzakia ona dugula 450 metroko desnibeleko aldapetan txoriei kontua egiteko... Ordu erdi bat egindakoan, bideak sigi-saga egin du, eta paretek oso altuera handia hartu dute. Mazape izeneko begiratokiraino heltzean, tartetxo bat hartu dugu ikusmiratzeko, eta gure parajeetan oso ohikoak diren zapelatza, eta belatz gorriak ikusi ditugu. Gure asmoa Icod el Altora joatea zen, baina San Juan de la Ramblan, Orilla de la Vera izeneko auzoan, buelta eman behar izan dugu, bidea itxita baitzegoen. Egin gabe utzitako sakanean laurisilva zuhaitz eremua handia da, eta bertan Kanarietako uso buztanzuria, eta uso buztanbeltza daude. Espezie bi hauen biziraupena bermatzeko laurisilva basoak zaindu behar dira. Izan ere, bertako fruituak ezinbesteko dituzte elikatzeko. Nahiz eta munduan inongo lekutan espezie bi hauek ikusteko aukerarik ez izan, eta sasoi bateko egoera txarrak hobera egin, oraindik, espezie mehatxatutako zerrendan daude. Alabaina, izandako ustekabea arratsaldean zuzendu dugu. Icod el Altora autoan joan gara, eta gero baso zatia oinez egin dugu. Plan aldaketa honek Garachicon turismo pixka bat egiteko, eta bertako janaria probatzeko (gazta errea mojo erara, patata zimurtuak, eta ahuntz okela) parada eman digu. Arratsaldeko ordurik txarrenak Garachicon egin ditugu, eta San Miguel gaztelua ikusi dugu. XVI. eta XVII. mendeen artean Tenerifeko itsas-portua garrantzitsuena izan zen, eta 1706ko maiatzaren 5ean Trevejoko sumendiaren erupzioa izan zen; labak ia herri osoa azpian harrapatu zuen, itsas-portua guztiz estalita geratuz. Teide, gaizkiaren indarren etxea Icod el Alton, La Fajana errepidetik piknik-gune batzuetaraino doan bidean, uso endemiko biak (buztanzuria eta buztanbeltza), behin baino gehiagotan hegan ikusi ditugu, eta, batean, gugandik nahikoa gertu Kanarietako uso buztanzuria (Columba junoniae) pausatuta ikusi dugu. Kanarioa. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Hirugarren egunean, Teide (3.718) ikustera joan gara. Munduko hirugarren sumendi handiena da, Hawaiiko Mauna Loa, eta Mauna Kearen atzetik. Bertako aborigen kanariarrek Etxeide esaten zioten, eta haientzat gaizkiaren indarren etxea zen. Hoteletik Teideko parke nazionalera dauden 46 kilometroak egiteko, ordu bete eta hamaika minutu markatzen du gure GPSak. Bihurguneek umeak gineneko txapa jolasa itxura hartu dute etengabe, eta pendizek zati askotan %18ko desnibela. La Orotava eta Aguamansa atzean utzi, eta Caldera izeneko olgetarako zonan utzi dugu autoa aparkatuta. Pinudian sartzean, okil handiaren (Dendrocopos major) tok! tok! sarkorrek, eta zuhaitzen adarretan etengabe mugitzen diren Kanariar erregetxo (Regulus regulus teneriffae) batzuen txio-txioek eman digute ongietorria. Kanariar irletan dagoen mendi-erregetxoa penintsularen azpiespezie bat da. Tenerife uhartearen sinbolo gisa hartzen duten txonta urdina (Fringilla teydea) ikusteko denbora luze behar izan dugu, baina azkenean, apur bat gorago, Ramon Caminero askaldegiaren inguruan bikote bat topatu dugu. Neguan, Kanarietako eta espainiar Estatutko mendirik altuenaren gailurra sarri askotan elurtuta egoten da, baina gaur, lotsatu antzera, magal batean baino ez digu zuriaren arrastoa erakutsi. Zenbait unetan gas-erupzioak eta ur beroa irteten bada ere, azkeneko laba-erupzioa 1879an izan zen. Teide sumendia. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Hurrengo geralekua El Portillo bisitari-zentroan izan da; inoiz zozo paparzuria (Turdus torquatus) bertan ikusi dute, eta Pirinioetan ikusteko aukera egon arren, gustura ikusiko genuke. Gainera, bertan lorategi botanikoa dago, eta landaredia aberatsaren gainean informazioa: Teideko parkean dauden 168 landare espezieetatik 58 endemikoak dira, antza. Horien artean daude tajinaste gorria (Echium wildpretii) eta 2.400m-tik gora hazten den Teideko bioleta (Viola cheiranthyfolia). Bulegoan zegoen emakumeak zozo paparzuriaren gainean ezer gutxi zekien, baina aste honetan bertako putzuan ikusi izan dutela esan digu. Zatitxo bat baino ez dugu falta Teideko Las Cañadas paradorera heltzeko. Gorako bidean, eskuma aldean, auto ilara handia ikusi dugu aldapa batean aparkatuta, La Rambleta (3.555) estaziora funikularrean joateko, eta sumendiaren tontorra 163 metrotara ikusteko. Las Cañadas Las Cañadas paradorean ibilbide asko daude oinez ibiltzeko. Jende askok Ruleta begiratokian hasten den Roques Garcia izeneko xendra borobila (3,6 km.) egiten du. Izan ere, Teideren eta Roque Cinchadoren argazkia egiteko oso leku egokia da. Roque Cinchadok aspaldiko mila pezetako formazio bolkaniko itxura du, eta horrek jende asko erakartzen du. Jendea eta hegaztiak uztartzen ez direnez, guk paradorean hasten, eta El Portillo bisitarien zentrora (16 km.) heltzen den Las Cañadas ibilbidearen zatitxo bat baino ez dugu egin, eta bete-betean asmatu dugu, parajearen ederra ibilbide guztian bidaide izan baitugu. Gainera, gure zerrendari beste espezie bat handitzeko aukera eman digu: kanariar txirta (Anthus berthelotii). Eguzkiaren epelak indarra galdu duenean, El Portillora abiatu gara, eta hantxe izan gara putzuaren ondoan isilik, ohiko zozoarekin (Turdus merula) ahaidetuta, eta egarritutako zozo paparzuria noiz etorriko zain. Eta hantxe ikusi dugu hurbiltzen, bere kantua esaldi labur desberdinez osatzen, eta behin eta berriro errepikatzen (tac-tac-tac, chuc-chuc-chuc-chuc), uretara zuzendu aurretik. Gustura izan gara zozoa ikusten, baina gauaren ilunak bere tapakia zabaldu aurretik alde egin dugu. Tenerifeko txonta urdina (Juan Luis MUGERTZA UNANUE). Hurrengo bi egunetan, Anagako natura-parkea, eta Monte del Agua egin genituen, baina ez genuen aipamen berezirik merezi zuen espezierik ikusi. Biak oso leku onak dira uso endemikoak ikusteko, eta ederrak ibiltzeko. Bata, San Cristobal de la Lagunatik gertu dago, ipar ekialdean. Bestea, Erjosetik hurbil, ipar mendebaldean. Dena ez dira txoriak Ez dugu modurik txoriekiko adikzioa alde batera uzteko. Atzo autoa entregatu genuen, baina, gaur, autobusean Santa Cruz de Tenerifera joan gara, eta Palmetum lorategian sorbeltz unikolorea (Apus unicolor), eta Garcia Sanabria parkean Kramer papagaia (Psittacula krameri) ikusi ditugu. Alabaina, dena txoriak ez izateko Natura eta Gizakiaren museora ere joan gara guantxeen historia apurtxo bat ikasteko. Izan ere, XV. mendean Espainiak konkistatu aurretik, guantxeak ziren bertako biztanleak. Dirudienez, hasieran batean Tenerife uhartekoei bakarrik esaten zitzaien guantxe. Horregatik, zenbaiten ustez, egokiagoa da kanariar indigenak izena, guantxeak baino. Uhartediko konkistak ia 100 urte iraun zuen, 1402tik 1496 arte, hain zuzen ere. Jean de Bethencourt merkatari normandiarrak ekin zion konkistari, Gaztelaren zerbitzura. Ospea du ‘Acentejiko Lehen Gudak’, ‘Sarraskia’ izenaz ere ezagunak, guantxeek egin zuten erresistentzia ikusgarria zela eta. Portugal ere saiatu zen uharteak bereganatzen, baina errege-erregina katolikoen aurrean atzera egin zuen. Guantxera hizkuntza XVIII.enean galdu zen. Tamazight edo berbereen mintzairari parekatu izan zaio. Ikerlari batzuk, tartean, Federiko Krutwig herri horien hizkuntza eta euskara lotzen saiatu ziren, baina gaur egungo hizkuntzalaritzan teoria hori erabat baztertuta dago. Gu bihar bagoaz etxera. Tagarote belatza ez dugu ikusi, baina balantzea oso ona izan da, eta kanariar indigenek espainiarrek zapaldu aurretik esango zuten bezala, «tanemmirt hullan» (Eskerrik asko!) Tenerife.