2022 ABU. 01 - 09:05h Kuusamo, basoilarren dantzalekuak Kuusamo oso ezaguna da neguan Rukako eski estazioari esker, eta bertako parke nazionalek aukera amaigabeak eskaintzen dizkiete urte osoan naturazaleei. Umeekin joanez gero, jarduera asko dago egiteko: Angry Birds jolas-parkera joan, elur oreinen haztegiak bisitatu edo huskyen leran ibilaldiak egin. Lira-oilarra (Lyrurus tetrix). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Juan Luis Mugertza Unanue Kuusamo Finlandiako ipar-ekialdean dago, Errusiatik oso gertu, Ipar Ostrobotnia eskualdean. Ruka-Kuusamo eskualdeko klima Finlandiako beste leku batzuetako baino kontinentalagoa da. Urteko batez besteko tenperatura 0°C ingurukoa da, eta lurra elurrez estalita dago urriaren amaieratik maiatzaren erdialdera. Mendi ibilbideak ezin hobeak dira edozein sasoitan egiteko. Karhunkierros bidea (Hartzaren Ibilbidea) ezagunena da, eta Oulanka Parke Nazionala eta Ruka inguruak zeharkatzen ditu; guztira, 80 kilometro. Hartzak behatzeko bisita gidatuak daude, eta egokitutako egurrezko kabinak, dirutza ordainduta, eta argazki makina erabilita, hartzak «ehizatzeko» leku aproposak dira. Elur-oreinek edo huskiek tiratutako leran ibiltzeko, eta iraupen eskia, eski alpinoa eta snowboard-a egiteko aukera ere badago. Iraupen eskia Finlandiako kulturaren partea da, bertako kirol nazionala. Gainera, oso nekatuta egonez gero, saunazaleek parada bikaina dute sauna tradizionalaren bizipena ezagutzeko, eta saunari lotuta, izoztutako laku bateko zulo batean bainatzeko. Zalantzarik gabe, Finlandia bisitatzen duenak, gutxienez behin probatu beharko lukeen esperientzia da saunarena. Ruka eski estazioa. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Oulanka erreserba nazionala Errusiako Paanajärvi Parke Nazionalarekin egiten du muga, Zirkulu Artikotik oso hurbil. Inguruko lehen biztanleak samiak ziren, finlandiar kolonoek XVII. mendearen amaieran kanporatu arte. Mendeetan, ehiza, arrantza eta nekazaritza ziren lanbide nagusia, baina, gaur egun, jarduera nagusia turismoa da, bertako batzuek elur-oreinen hazkundean badihardute ere. Oulanka parkean Valtavaara muinoa dago, Kuusamoko altuena, itsas mailatik 482 metrora, eta oso leku ona da hegazti espezie preziatuak ikusteko. Txantxangorria baino apur bat txikiagoa, eta urtero habia egiten duen urretxindor buztanurdina bertako ikurtzat hartu arren, pinu-gailupa, okil hiruhatza, basoilar arrunta, larreoiloa eta lira-oilarra, oso estimatuak dira txori-zaleen artean. Urretxindor buztanurdina (Tarsiger cyanurus). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Okil beltza (Dryocopus martius). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Basoilarren dantzaldiak Europako baso hegaztirik handiena da basoilar arrunta. Ugaltze garaian (martxoa–maiatza) «kantaleku» izeneko basoko eremu txikietan biltzen dira, eta bertan ar bakoitzak bere espazioa hartzen du emeak erakartzeko eta parekatzeko, batzuetan bakarka, besteetan taldeka. Bikotekidea topatzeko, behin baino gehiagotan, borrokan aritzen dira, eta min handia egiten diote elkarri. Horren ostean, ar indartsuena emeekin binatuko da, baina hori baino lehenago erakustaldi erritualari ekingo dio: buztanak haizegailu itxura hartuko du eta bere burua gora, zirkuluan bueltaka ibiliko da. Basoilar arrunta, arra (Tetrao urogallus). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Basoilar emeak ikusteko basoetako pistak oso onak dira. Izan ere, goizean goiz (2:30-4:00), lur-bideetara joaten dira hareharriak topatzeko, eta jateko (harritxoek sabelean errota baten lana egiten dute, eta liseriketa egiten laguntzen du, nonbait). Basoilar arrunta, emea (Tetrao urogallus). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Egun, hamabi azpiespezie ezagutzen dira Eurasia boreal zabalean, Europako kontinenteko mendigune nagusietan banatuta. Iberiar penintsulan Tetrao urogallus cantabricus Kantauri mendilerroan, eta Tetrao urogallus aquitanicus Pirinioetan bereizten ditugu. Nafarroan bi bikote omen daude. Katalunian, Asturiasen eta Leonen kopurua handiagoa da, baina oso egoera larrian dago basoilar arrunta. Kuusamon, berriz, oso erraza da, autoan zoazela, basoilarrak pistetan ikustea. Hori dela eta, ornitologo askok paraje hau dute helmuga udaberrian, eta ez bakarrik basoilar arruntaren bila joateko, familia bereko (tetraonidae) beste bi oilar basati mota ere ugariak baitira Finlandiako eremu hauetan: lira-oilarra eta larreoiloa. Basoilar arruntaren gorteatzea zirraragarria delarik ere, lira-oilarrarena ere txundigarria da. Espezie honetako arrak lumaje beltz distiratsua du, batez ere, lepoan eta bizkarrean. Hegoen eta buztanaren azpialdeak zuriak dira, eta isatsak lira forma du; hortik izena. Otsailaren bukaeran maiatza bitartean, buztanaren elur-lumak zabal-zabal dituztela, arrek indarra elkarren aurka neurtu bitartean, errituala egiten dute, eta beste ar batzuekin karranka eta borrokan aritzen dira emeak aukeratuak izateko. Erritual hauetan, arrak oso urrutira entzuten den kexa-hotsa erritmikoa egiten du. Europan zaurgarri gisa sailkatuta dagoen arren, egonkor dago Asiako okupazio eremu guztietan. Guk 42 lira-oilar ikusi genituen izoztutako laku handi batean haien dantza-borroka egiten, lo egiten genuen etxolaren ondoan. Basoilarretan txikiena den larreoiloa behatzeko, Toranki lakuaren inguruak eta Valtavaara ondo arakatu behar, baina ez autoan, aurreko espezie biak bezala, baizik eta oinez, eta basoan. Eper baten tamainakoa da, baina buztana luzeagoa du. Europako eta Asiako baso epel eta borealetan bizi da. Bi sexuek elkarren antza dute, baina arrak emeak baino gandorra handiagoa du. Gainera, eztarria beltza du, eta emeak marroia. Larreoiloa (Tetrastes bonasia). (Juan Luis MUGERTZA UNANUE) Bere populazioa 5.000.000 eta 6.300.000 indibiduo artekoa da, eta ez da mehatxatutako espezietzat hartzen, nahiz eta bere populazioak behera egin duen. Sedentarioa, territoriala, monogamoak, eta urte osoan bikoteka bizi dira. Udaberrian gorteatzearen erakustaldia egiteko, arrak enbor bat edota leku altu bat aukeratuko du. Gero, buztana zabaldu, gangarra tentetu, lepoko uztaiak puztu, eta harrokerietan arituko da. Emeak zarata erakarrita, binatzen dira. Ar batek eme batzuk estal ditzake. Pirinioetan 1990eko hamarkadara arte egon zen presente, baina, gaur egun, desagertutzat jotzen da. Gurean, azken behaketa, Iratiko basoan, 1971. urtekoa da.