GAIAK

Bere eredu turistiko birplanteatzen ari da Pazko Uhartea

Hainbat urtez turismoaren frenesitik bizi ondoren, Txileko Pazko Uhartea jasangarriagoa bihurtu zen pandemiaren ondorioz isolatuta egon zen bi urteetan, eta, orain, ikasitakoari so eginez, bere eredu turistikoa birplanteatu nahi du.

28 hilabetez itxita egon ostean, Pazko Uharteko turismo sektoreak ongi etorri beroa egin zieten bisitan etorritako atzerritarrei. (Hanga ROA | AFP)

Azken urteetan Pazko uharte txiletarreko biztanle gehienak turismotik bizi ondoren, pandemiak eragindako isolamenduak hainbat irakaspen utzi dizkiete pazkoarrei jasangarritasun eta ekonomiaren alorrean. Hori horrela, beren eredu turistikoari buelta bat emateko unea dela ebatzi dute herritarrek.

«Zaharrek iragarri zuten unea iritsi zen», azaldu dio AFPri Julio Hotus Pazko Uharteko Zaharren Kontseiluko kideak. Irla erabat isolatuta dago, kontinentetik 3.500 kilometrora baitago, Ozeano Barearen erdian. Adindunek aspaldlitik ohartarazi zieten: «Mantendu elikadura-independentzia, uneren batean isolatuta gera baitaitezke». Alabaina, azken belaunaldiek ez zioten aholku horri entzun, azaldu du Hotusek.

Koronabirusaren aurretik, eguneko bi hegalditan, urtero ia 160.000 turista iristen ziren uhartera, «jende olde bat», adinekoaren arabera. Baina 2020ko martxoan, tokiko agintariek ia 8.000 biztanleko uharte hau erabat itxi zuten. Joan den ostegunean, 28 hilabeteko aislamentuaren ondoren, turistaz beteriko lehen hegazkinak lur hartu zuen. Bizilagunek emozioz jaso zituzten atzerritarrak, hainbeste denboraren ostean, aurpegi berriak ikusteko gogotsu.

Ongi etorri beroa 28 hilabeteko isolamenduaren ostean iritsi ziren lehen turistei. (Hanga ROA/AFP)
Ongi etorri beroa 28 hilabeteko isolamenduaren ostean iritsi ziren lehen turistei. (Hanga ROA/AFP)

Dena den, irekiera pixkanakakoa izango da. Hasiera batean, astean bi helgaldi programatuko dituzte, eta hauen frekuentzia apurka apurka handitzen joango da. Erabaki honen aurrean, hotel handiek ixtea jarraitzea ebatzi dute.

Baratzera itzulera

Olga Ickapakarati artisauak turistei moaien oroigarri eta figuratxoak saltzen zizkien coronavirusaren pandmia iritsi aurretik. Turismoaren fluxua etetean, diru-sarrerarik gabe gelditu zen, eta nekazaritza eta arrantzari ekin zion bizirauteko. «Guztiok ezer gabe geratu ginen, baina landatzen hasi gienen», azaldu du Ickapakaratik.

Hori horrela, emakumeak bi baratze jarri zituen bere etxeko patioan, programa herrikoi bati atxikiz. Izan ere, ordura arte, uhartearen hornidura iturria kontinentea zen. Beraz, uhartea ixtean, aipatutako programak haziak banatu zituen herritarren artean, hauek beren kabuz bizirauteko gai izan zitezen.

Ickapakaratik espinaka, beterraga, zilindroa, zerba, apioa, albaka, anana, oreganoa eta tomatea landatu zituen. Kontsumitzen ez zuena beste familia batzuei ematen zien, eta haiek ere, jasotako uzta beste familia batzuekin partekatzen zuten, uharteko bizilagunen arteko laguntza-sare handi bat osatuz.

Olga Ickapakaratik bi baratze jarri behar izan zituen uharteko turismoa eten zenean. (Hanga ROA/AFP)
Olga Ickapakaratik bi baratze jarri behar izan zituen uharteko turismoa eten zenean. (Hanga ROA/AFP)

«Uharteko bizilagun guztiak horrelakoak dira, bihotz onekoak. Barazkiren bat soberan dudala ikusten badut, beste familia bati oparitzen diot», gehitu du Ickapakaratik, zeina bere seme-alaba eta hilobekin bizi den.

«Turismoarekin jarraituko dugu, baina pandemia etorkizunera begira aplikatuko dugun irakasgai bat izana espero dut», gehitu du bere semeak, Julio Hotusek.

Moai zaurgarriak

Autokontsumoaren sustapena lantzeaz gain, pandemia une aproposa izan zen klima aldaketak jomugan ipinitako baliabide naturalen garrantziaz jabetzeko, hala nola ura eta energia. Era berean, moaien inguruko hausnarketa batzuk egin zituzten pazkotarrek.

Moaiak giza forma duten harrizko eskultura erraldoiak dira. 900 baino gehiago daude 24 kilometroko luzera eta 12 kilometroko zabalera duen uharte honetan. Rapanuiar polinesiar zaharrek landutako toba (harri bolkaniko mota bat) estatua horiek 20 metroko altuera eta 80 tonako pisua izatera iritsi daitezke. Oraindik, ez da ezagutzen sortzaileek nola mugitu zituzten eskultura hauek egun kokatuta dauden puntu zeremonialetara.

Pazko uharteko moai estatuak. (Hanga ROA/AFP)
Pazko uharteko moai estatuak. (Hanga ROA/AFP)

Testuinguru honetan, Pazko uharteko Pedro Edmunds Paoa alkateak azaldu du lehentasuna «kode kulturalei» emango zaiela hemendik aitzina. Tapua jarri du adibide gisa, zeina elkartasunean oinarritutako aitzinako araudi bat den. «Gaurtik aurrera, turista bertoko lagun bat izatera pasatuko da, lehen gu bisitatzen gintuen atzerritar bat zen bitartean», gehitu du.

Bestetik, moaien etorkizunaren inguruko kezkak dituzte irlan, euri jasengatik, haize boladengatik eta olatuengatik, gero eta kaltetuago baitaude. «Arazoa da moaiak oso hauskorrak direla. Ikuspuntu turistikoa alde batera utzi, pieza asko jaso eta beirazko kupuletan gorde behar ditugu, balio kalkulaezina dute eta», adierazi du Hotusek.

Vairoa Ikaren, udalerriko ingurumen zuzenadiaren, ustez, «klima aldaketak, muturreko gertakari hauekin, gure ondare arkeologikoa arriskuan jartzen du». «Harria degradatzen doa, eta, beraz, parkeek neurriak hartu eta babestu egingo dituzte», aurreratu du.