2022 ABU. 15 - 07:05h Klima aldaketak gizakion gaixotasun infekziosoen %58 larriagotu ditzake Gainetik kendu ezinik gabiltzan bero itogarri hau betikotzeaz gain, krisi klimatikoak hondamendi handiak eragin ditzakeela –edo eragingo dituela– gauza jakina da, dagoeneko. Orain, zientzialari talde batek baieztatu du gizakiok pairatzen ditugun gaixotasun infekzioso gehienak okertu ditzakeela. Uretako bufaloak ia lehortuta dagoen ibaiaren ertzetik igaro dira Irakeko Basora eskualdean. Atzean, gas putzu bat lanean. (Hussein FALEH | AFP) Iker Bizkarguenaga Klima aldaketak gizakiak pairatzen dituen gaixotasun infekziosoen %58 larriagotu ditzake, urak transmititzen dituen birus arruntetatik hasi eta izurria bezalako gaixotasun hilgarrietaraino, hainbat zientzialarik “Nature” aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek erakusten duenez. Ingurumenean eta osasunean adituak diren ikerlari hauek patogeno ezagun guztiei buruz hainbat hamarkadatan idatzitako dokumentu zientifikoak berrikusi dituzte, klimarekin lotutako aldaketek gizakiak sufritzen dituen gaitzetan eragindako larriagotzea neurtu eta arrisku hauen gaineko mapa bat sortzeko. Eta zifrak harrigarriak dira: 375 giza gaixotasunetik 218k, erdiek baino gehiagok, beraz, klima aldaketaren eraginez okerrera egin dezaketela ikusi dute. Uholdeek, adibidez, hepatitisa zabal dezakete. Tenperaturen igoerak malaria daramaten eltxoen bizitza handitu dezake, eta lehorteek, hantabirusarekin infektatutako karraskariak erakar ditzakete komunitateetara elikagaien bila.Denetara egokitzea, ezinezkoa Horiek hala, klima aldaketak giza gaixotasunen mila transmisio modu baino gehiagotan eragingo lukeenez, eta klimarekin lotutako arriskuak mundu osoan areagotzen ari direnez, zientzialari hauek ondorioztatu dute gizartea arrisku guztietara arrakastaz egokitzea ez dela benetan «aukera errealista» bat. Eta, beraz, haien iritzian, munduak klima aldaketa bultzatzen duten berotegi efektuko gasen emisioak murriztu beharko ditu arrisku horiek murrizteko. Edonola ere, uste dute, helburu hori erdietsi bitartean, gizateriak, mundu mailako osasun krisiak aurreikusteko eta horiei egoki erantzun ahal izateko, sakon ezagutu behar dituela patogenoek eragindako gaitzei klima aldaketak eragin diezazkiekeen aldaketak. «Salbuespen gutxi batzuekin, arrisku klimatikoek giza gaixotasun patogenoetan duten eraginari buruzko aurreko azterketak patogeno talde espezifikoetan (bakterioak, birusak...), arriskuetan (beroa, prezipitazioak, uholdeak...) edo transmisio motetan (bektore-ak, elikadura, ur bidezko transmisioa...) zentratu dira», aipatzen dute, eta gaineratzen dute eskuragarri dagoen informazio horren integraziorik ezak eragotzi egin duela orain arte «klima aldaketak gaixotasun patogenoei dagokienez gizateriarentzat dakarren mehatxu guztia kuantifikatzea». «Lan honetan, hutsune hori betetzen saiatzen gara, literatura aztertzeko ikuspegi sistematiko bat aplikatuz, arrisku klimatikoak giza gaixotasun patogenoekin erlazionatu diren elkarreraginen multzoa bilatzeko», gaineratzen dute.Ildo honetan, txostenaren egileek klima larrialdiarekin lotutako hamar arrisku aztertu dituzte: atmosferaren berotzea, bero boladak, lehorteak, baso suteak, prezipitazio handiak, uholdeak, ekaitzak, itsas mailaren igoera, ozeanoen berotzea, eta Lurraren estalkiaren aldaketa. Ondoren, faktore horiekin lotutako gaixotasunen agerpenari buruzko ikerketak bilatu dituzte. Guztira 77.000 testu zientifiko baino gehiago aztertu dituzte, eta horietatik 830 inguruk denbora tarte zehatz batean gaixotasun jakin bati eragiten dion arrisku klimatikoren bat aipatzen dute. Horri esker, ikerlariek arrisku klimatikoen, transmisio bideen, patogenoen eta gaixotasunen datu base bat sortu dute. Klima aldaketak larriagotzen dituen gaixotasunen artean talde handiena bektore bidez zabaltzen direnak dira, hala nola eltxoek, saguzarrek eta karraskariek hedatzen dituztenak. Gaixotasunengan eragin handiena duten arrisku klimatikoei dagokionez, gehienak atmosfera berotzearekin (160 gaixotasun), prezipitazio handiekin (122) eta uholdeekin (121) lotutakoak dira.Klimaren eragina patogenoen arrisku mailan Ikerlariek klima larrialdiak patogenoei eta gizakiei eragiten dien lau modu aurkitu dituzte. Kasu batzuetan, gaixotasun patogeno arriskutsuen bektore gisa jardun dezaketen animalien eta organismoen hedapen eremuak aldatzen ari dira klimarekin lotutako aldaketak. Adibidez, berotzeak eta prezipitazio patroien aldaketek gaixotasun patogeno askoren bektoreak diren eltxoen hedapena alda dezakete. Ildo honetan, azken urteetan, eltxoek transmititutako zenbait gaixotasunen –malaria, dengea...– agerraldietan atzeman diren aldaketa geografikoak aldaketa klimatiko horiekin lotu dira. Gerta daiteke, baita ere, katastrofe klimatikoek gizakien portaera ereduak aldatzea, modu horretan patogenoen eraginpean egoteko aukerak areagotuz. Adibidez, bero boladetan, jendeak denbora gehiago ematen du uretan, eta horrek urak transmititzen dituen gaixotasunen agerraldiak areagotzea eragin dezake. Hala, vibrioei –hauek aho-bidetik harrapatzen dira, ur eta janariak irenstean, eta hesteetako gaixotasunak eragiten dituzte, batzuetan oso larriak– lotutako infekzioak nabarmen ugaritu ziren Suedian eta Finlandian, 2014an Eskandinaviako iparraldean izandako bero bolada baten ondoren. Beste zenbaitetan, klimarekin lotutako faktoreek areagotu egin ditzakete patogenoek bektoreekin elkar eragiteko edo patogenoek gizakiengan gaixotasun larriak eragiteko duten gaitasuna handitzeko aukerak. Adibidez, prezipitazio handiek eta uholdeek uzten duten ur geldia hazkuntza-salda bihur daiteke eltxoentzat, eta, horren ondorioz, areagotu egiten da zenbait gaixotasunen transmisioa, hala nola sukar horia, dengea, malaria, Mendebaldeko Niloko sukarra eta leishmaniasia. Ikerketek erakutsi dutenez, tenperaturaren igoerak birusak beroarekiko erresistenteago bihurtzen lagun dezake, eta horrek gaixotasunaren larritasuna handitzea dakar, patogenoak hobeto egokitzen baitira giza gorputzaren sukarrera.Honekin batera, ikerketa batzuek iradokitzen dute tenperatura globalen igoerak patogeno fungikoen beroarekiko tolerantzia handiagoa izatea eragiten duela. Alde horretatik, kontinente askotan Candida auris onddoaren tratamenduarekiko erresistenteak diren giza infekzioak agertu dira bat-batean, eta hori tenperaturaren igoerarekin lotu da. Era berean, frogatu da hiri inguruneetako onddoak landagunekoak baino toleranteagoak direla beroarekin, eremu hauek hotzagoak izaten baitira. Laugarren elementu gisa, txostenak aipatzen du klimarekin lotutako baldintza desberdinek giza gorputzak patogenoei aurre egiteko duen gaitasunean eragina izan dezaketela. Eragin hori bi modu nagusitan islatuko litzateke: alde batetik, klima aldaketak pertsonak baldintza arriskutsuetan bizitzeko aukerak areagotu ditzake. Hori gertatuko litzateke, adibidez, hondamendiek eragindako kalteek pertsonak pilaketa egoeran bizitzera eramaten dituztenean, saneamendu egokirik gabeko lekuetan, agente infekziosoekiko esposizioa handituz. Bestetik, klima larrialdiari lotutako ondorioek patogenoen aurka borrokatzeko gorputzak duen gaitasuna murriztu dezakete, desnutrizioaren bidez, adibidez. Gainera, arrisku klimatikoko baldintzetan bizitzeak kortisolaren ekoizpena handitzea eragin dezake, estresaren ondorioz, eta horrek giza gorputzaren erantzun immunitarioa murriztea ekar dezake. Ondorio gisa, txostena egin duten zientzialariek nabarmentzen dute klima aldaketa mehatxu garrantzitsua dela gizakien bizitzarako, osasunerako eta ongizate sozioekonomikorako, eta beraiek egindako arriskuen mapak mehatxu horren tamaina erakusten duela. Horregatik, arriskua murrizteko, gizakiak berotze globala elikatzen duten berotegi efektuko gasen emisioak geldiarazi beharko dituela uste dute.