2022 IRA. 15 - 14:25h ‘Black is beltza II: Ainhoa’, bizitzari gorazarre egiteko soinu banda Fermin Muguruzak zuzentzen duen animaziozko bigarren lanerako, ‘Black is beltza II: Ainhoa’, Mursego musikariari egin dio soinu banda sortzeko enkargua. Ia 30 kantuz osatua, 80. hamarkadako Euskal Herrira eta munduko zenbait lekuetara egingo dugu bidaia. Kabuletik Iruñeara, Beirutetik La Habanara. ‘Black is beltza II: Ainhoa’ filmaren soinu banda aurkeztu dute Donostian ostegun honetan. (Jon URBE | FOKU) Oihane Larretxea Donostia Aitortu duenez, Iñigo Muguruza anaia zendu zenetik, orain hiru urte, denak du zerikusia harekin. Aitortu duenez, amestutako solasaldiak ditu anaia txikiarekin, eta etengabe pentsatzen du: «Berak zer iritzi izango luke honen aurrean?». Fermin Muguruza eszenara itzuli da bere bigarren animaziozko filmarekin: ‘Black is beltza II: Ainhoa’. Zinema aretoetara datorren irailaren 30ean iritsiko da, eta Zinemaldiaren baitan Belodromoan eskainiko da hilaren 23an, datorren ostiralean, beraz momentuz apurka ari dira proiektuaren inguruko nondik norakoak deskubritzen. Ezin da spoilerrik egin. Ostegun honetan musika bandaz mintzatu dira Zurriola pasealekuko NAIZ gunean. Pelikula honek «bihotz handi bat du atzean», esan du zuzendariak, eta bihotz handi hori anaiarena da. «Iñigoren bihotza dago honen atzean taupaka. Balio sentimental handia du». Maite Arroitajauregiri egin zion musika banda osatzeko enkargua, musikari eibartarrarena izan baitzen Muguruza anaiek elkarrekin zuzenean ikusi zuten azken kontzertua. «Berak izan behar zuen». ‘Black is beltza’ aurreko filmean bezalaxe, hemen ere protagonista nagusi bat dago, dena lotzen duen elementu nuklearra: musika. Neurri batean, eta erratu gabe, esan daiteke musika bera dela beste pertsonaia bat. Animaziozko lan honetan Ainhoa da protagonista, Amanda eta Manexen alaba. Gurasoak indarkeria poliziak erahilak, 21 urteak betetzear dela bere iniziazio bidaiari ekingo dio munduan barrena. 80. hamarkada da, eta fikziozko eta ez fikziozko pasarteak eta pertsonaiak nahastuko dira, musika izanik guztia uztartzen dena. «Musikak irudikatuko du pertsonaien bidaiaren sugea», adierazi dute Elkar argitaletxetik. Soinuak, doinuak, kantuak, ia 30 guztira. Ainhoak emango duen urrats bakoitza jantzita doa. Kabul, Iruñea, Marseilla, Beirut eta La Habana agertuko dira, besteak beste. Euskal Rock Erradikalaren parte izandako Kortatu, Cicatriz edota Barricadaren aldarrikapen kantuekin egingo dugu salto 80ko hamarkadako Euskal Herrira. Gehienak kantu orijinalak izan arren, badira ere gaur egungo begiradatik egindako bertsio «ederrak». Pelikularen amaieran ere, kredituetarako, «abesti zoragarri bat» prestatu dute, baina ezin ezer gehiago aurreratu. Kanpora ere begiratzen du filmak, eta abesti eta egile ederrak jaso ditu. Muguruzak berak egindako abesti sortan inor ez dago kasualitatez. Hunkiduraz mintzatu da guretzat urrutiko lurraldeetakoak direnen zenbait musikariz. Hala nola Beiruteko Tania Saleh eta Soapkills. The Pogues Londreseko talde irlandarra, Redskins Erresuma Batutik eta Bakht Zamina eta Khan Qarabaghi Afganistanetik. «Fundamentalistek itzali zituzten haien ahotsak», oroitu du Muguruzak. Eta Marseillan egingo du eztanda istorio guztiak, aurreratu du zuzendariak. Hiri hartan ezagutuko dugu «Frantzia mestizoa eta matxinatua». «Salvador Allendek esaten zuen ez dagoela iraultzarik musikarik gabe. Eta pelikula hau bizitzaren ospatze bat da», egilearen hitzetan. Soinu banda egiteko erronka Enkargua jaso zuenean, kontatu du Mursegok, erreferentziak bilatzea izan zen lehenengo lana. «‘A ze erronka!’, pentsatu nuen. Pelikula oso musikala da, musikak ematen digu lekukotasuna historikoki, geografikoki eta tenporalki ere. Eta bilaketa horretan eman zidan aholku bat Ferminek: Peaky fucking Blinders». Telesail hori buruan, Kill Bill pelikularen baitan ere asko harakatu zuen Arroitajauregik soinu banda diseinatzeko. Esperientzia berriak ekarri dizkio proiektuak, 90. hamarkadan hain hedatua zegoen sanplerra asko erabili duelako, eta instrumentu birtualak ere probatu dituelako aurrenekoz. Youtuben hamaika tutorial irentsi ditu, kontatu duenez, eta animatu zen probatzera. Ahotsa, pianoa eta txeloa ere erabili ditu. «Abestien arteko pasarteak nola lotu izan da lanik handiena», zehaztu du. Mikel laboaren ‘Ihesa zilegi balitz’, Imanolen ‘Lau haizetara’, eta Kortaturen ‘Zu atrapatu arte’ edo ‘Sarri Sarri’ Martuteneko ihesaldiaz mintzo den kantuak, besteak beste, irudikatuko dute giro bat, testuinguru politiko eta sozial bat. Fikziozko eszenak egiazkoak izan diren beste batzuekin nahastuko dira. Horregatik pertsonaiak ere hala dira, batzuk sortuak, beste batzuk izandakoak. Iñigo Muguruza bera agertzen da. Hari Gorka Otxoak jarri dio ahotsa.