2022 URR. 07 - 13:05h Arima Soul taldeak bere lehen lan luzea aurkeztu du Laukote soulzalearen estreinako lan luzea da, fresko eta txinpartatsua. Zortzi kantuz osatutako albuma da; natura, maitasuna eta giza aldarrikapenak nagusitzen dira letretan. Arima Soul taldea azken albuma aurkezten, Donostian (Maialen Andres | FOKU) Iraitz Mateo «Arimarekin entzutekoa» omen da Arima Soul taldeak Elkar ekoiztetxearekin grabatutako bere lehen albuma. Gaur aurkeztu due CD, LP eta formatu digitalean. Soul soinuak euskaraz sortzea da taldearen helburu nagusia. Aurreko lanekin alderatuz garapena ikusten dela uste du Insaustik: «Definizio puntu bat gehiago du, pertsonalagoa da». Lidia Insausti (ahotsa), Mikel Makala (baxua), Paul Martin (teklatua) eta Gorka Gaztanbidek (bateria) osatzen dute taldeaAurkezpenean azaldu duten bezala, zaila da musika estilo bakarrean definitzea beraien musika, baina Neo-Soul gisa definituko luketeela esan dute. Blues, Soul, Funk eta Jazz Groove iturrietatik asko edan dutela adierazi du Makalak, eta albumeko zortzi abestietan zehar estilo horietako abestiak ere aurkituko ditugu. 60 eta 70. hamarkadetan Estatu Batuetan egiten zen musika erreferentzia bazala hartu izan dute, baina beraien helburua estilo hori landu eta euskarara ekartzea izan dela azaldu du taldeko baxuak. Eta egungo eszena musikalari begiratuta «soul garaikidea» sortzen dutela diote.Hitzen inguruan hitz egin du Insausti taldeko ahotsak, eta abestietako letrak hiru zutaberen baitan eraiki ohi dituztela azaldu du: natura, maitasuna eta gizakien arteko hausnarketa eta aldarrikapenak. Naturako elementuak oso presente daude laukote soulzalearen kantuetan; ‘Ilunabarra’ abestia horren adibide argiena dela adierazi du Insaustik: «Ipuin bat balitz bezala dago kantua, metaforaz beterik». Pieza guztiek dute maitasunarekin lotura, ‘Zerbait’ abestiak «puntu erromantikoa eta sexya» du abeslariaren iritzirako. Gaiei dagokionez, hirugarren zutabea aldarrikapen edo hausnarketena dela azaldu dute. ‘Gu Andereak’ kantua da «berezienetakoa» taldearen ustez, emakumeen ahaldunutzeaz hitz egiten du, eta atzo ateratako bideoklipean ikus daitekeen bezala, adin eta eredu ezberdinetako emakume asko elkartu ditu. «Behar dugun, eta merezi dugun tokia aldarrikatu nahi izan dugu; urrats asko eman dira, baina asko falta da egiteko».KolaboratzaileakLaukotea ez da bakarrik aritu lanean, kolaboratzaile ezberdinak izan dituzte ondoan. Lide Hernandoren eta Noa Egigurenen koruak entzun ditzazkegu ‘Gu andereak’ eta ’Lokatza dantzan’ abestietan.Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestino tronpeta jotzaileak eta Adrian Martinez tronboiak ere hartu dute parte albumean, ‘Arima du’ eta ‘Gu andereak’ kantuetan hain zuzen ere. «Abestiei sekulako indarra eman zieten», Makalaren ustez. Bartzelonako Lalo Lopezen gitarra ere sumatu dezakegu kantu batean baino gehiagotan. Musikan ez, baina «ezinbesteko» bidelagun izan dute Txarli Brown Bartzelonako diseinatzailea. Zuri beltzean osatu dute azala: «Batetik, zuriak garelako musika beltza egiten. Eta bestetik, azken proiektu hau momentu ilun batean abiatu zelako pandemia tarteko».Victor Sanchezi esker borobildu zuten soinua. Elkarreko estudioan grabatu zuten, estudioko lanak «xarma berezia» izan zuela adierazi du Gaztanbidek, duen akustika onagatik, zein kokalekuagatik. Aurkezpen biraDatorren ostiralean hasiko dute aurkezpen bira, Imanol Lartzabal aretoan, Donostian. Kontzertu berezia izango dela aitortu dute, «gonbidatu eta sorpresa» batzuk tarteko. Aurki iragarriko dituzte datozen kontzertuak publiko, baina Aretxabaleta, Chillida Leku, Durango eta Getxo zapalduko dituztela aurreratu dute.