2022 URR. 28 - 06:25h Teknologia burujabea: ezagutu, erabakitzeko Globalizazio basatiak eskubide digitalak irentsi ditu, baina aunitz dira horiek borrokatzeko saretzen ari direnak. Horietako batzuk elkartu ziren atzo Euskarabildua jardunaldian, Donostian, elkar ezagutzeko eta baita egitasmo zehatzak martxan jartzeko ere. Kataluniarrek Xnet proiektua ekarri zuten. Tokiko burujabetzen solasaldia. Ezker-eskuin, Elisabeth Pombo moderatzailea (Iametza), Gorka Ovejero, Xabier Lertxundi, Leire Udabe eta Josu Harismendy. (Gorka RUBIO | FOKU) Maider Iantzi Gure bizimoduak inguruak ematen dizkigun baliabideak gainditzen ditu, eta teknologia ez da salbuespena. Baina egoera onartu ordez, gauzak ezberdin eginez soluzioak bilatzen ari dira hainbat. Donostiako San Telmo museoa lagun horietako batzuen topaleku izan zen atzo. Izenburuak ederki jaso zuen Euskarabildua jardunaldiaren mezua: “Utopia existitzen da. Teknologia burujabea herritik eta herrira”. Euskara eta teknologia batzen dituen jardunaldi dibulgatzaile eta praktikoa da Euskarabildua. Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak antolatzen dute 2012tik. 11. edizioan, mendekotasun teknologikoa murrizteko tokiko eragileak saretzeak duen indarrari eman zioten balioa. Eta talde dinamikak egin zituzten, antzeko kezkak dituzten lagunak ezagutu eta elkarlanean aritzeko. Xnet proiektua Teknologia burujabea xede duten egitasmo ugari aurkeztu zituzten San Telmon, bertzeren artean, Bartzelonako Xnet. Google eta Microsoften gisako multinazional handien mendeko ez izateko eskoletako alternatiba da. Abiarazi zutenetako bat Simona Levi italiar ekintzaile polifazetikoa da; 2017an ‘Rolling Stone’ aldizkariak etorkizunari forma ematen ari diren 25 pertsonen artean aukeratu zuen. Bideodei bidez egin zuen bat Euskarabilduarekin eta digitalizazio demokratikoa zer den argitu zuen lehenbizi. «Software librea izan behar du, tresnak zer egiten duen jakin behar dugu, bertatik alde egiteko aukera izan behar dugu gure datuak eta edukiak galdu gabe, eta gure datuen jabe izan behar dugu. Zerbitzu digital publikoetan ez da baldintza horietako bakar bat ere betetzen. Eta krimen bat da hori, literalki», salatu zuen. Simona Levi: «Zerbitzu publikoek ez dute digitalizazio demokratiko baten baldintza bakar bat ere betetzen. Krimen bat da» Kontatu zuenez, 2019an digitalizazio demokratiko baterako plan bat diseinatu zuten Bartzelonako zenbait ikastetxetan. Ez zuten ezer asmatu, zegoen software librea aprobetxatu zuten. Xneten, «zerbitzari guztiak burujabeak dira eta zentro bakoitza sartu eta erabakitzeko gai da», nabarmendu zuen Levik. Horretaz gain, tresna erabiltzeko erraza eta arina izan dadin ahalegindu dira. «Instituzioei proposatu diegu, baina ez digute jaramon handirik egin. Badakizue, %90 kaka zaharra dira eta %10 onak. Azken hauekin lan egin behar da aurrera egiteko». Gutxiengo horretan sartzen du Bartzelonako Udala, Xneten lagun dutena, zehazki Donostiara etorri zen Arnau Monterde. Levik esperimentatzeko aukera ematen ari zaien aurreneko ikastetxe horiek eskertu zituen eta erran zuen konbentzituta dagoela bide bat irekiko dutela Europan. Gasteizko Legebiltzarrak interesa agertu omen du, baita Kataluniako erakunde batzuek, Madril eta Pariseko gobernuek, Danimarkakoak eta Europar Batzordeak berak ere. Familien kezka Arnau Monterde Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Demokratikoko zuzendaria da, eta Xneten bultzatzailea. Nabarmendu zuenez, egitasmo hori beren seme-alaben datuekin gerta daitekeenaz kezkatuta dauden familiengandik sortu zen, «testuinguru larri batean». Baieztatu zuenez, urtetik urtera indartsuagoak dira teknologia arloko multinazional handiak eta geruza guztiak kontrolatzen dituzte. Azpiegitura kutsakorrak dira eta eragin handia dute klimaren krisian. Googlek, erraterako, 15 milioi tona CO2 kontsumitzen ditu. «Non dago hor kontrol demokratikoa?». Hezkuntzan muturreko bi jarrera sumatzen ditu: batetik, teknologia guztiaren soluziotzat hartzen duten baikorrak, eta, bertzetik, teknologiatik urrundu nahi dutenak. «Teknologia gelditzeko etorri da eta borrokatu beharreko esparrua da», aldarrikatu zuen. Entzuna dugu arriskuen berri: adikzioak, Interneten pasatzen den gehiegizko denbora, kontsumitzen diren eduki motak, sare sozialetako indarkeria eta jazarpena... Zabaltzen dituzten aukerak ere handiak dira. Jakintza eta hainbat balio eskuratzeko atea dira. «Borrokatu eskubide digitalen alde!», egin zuen dei aditu katalanak. Xnet egitasmoaren dohainen artean erregistro bakar batekin hainbat zerbitzutara sartzeko ematen duen aukera aipatu zuen, eta instituzioentzat eredu izateaz gain pedagogia egiteko aukera ere ematen duela azaldu zuen. Tokiko burujabetzak Gurean ere badira tokiko burujabetzen esperientziak. Horren isla, mahai-inguruan bildu ziren Xabier Lertxundi eta Gorka Ovejero, Hernaniko eta Arruazuko alkateak, hurrenez hurren; Leire Udabe Lakari kooperatibako kidea eta Josu Harismendy Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko partaidea. Lertxundik agertu zuenez, Hernaniko Udalak herriko eragileekin batera martxan jarritako egitasmoa da Hernani Burujabe, tokikoak beharrak hobeki asetzen dituela sinetsita sortua. «Elkarlanerako eta esperimentatzeko aukera eskaintzen dugu. Denak batera esperimentatzen eta paperean idatzia dagoena moldatzen ari gara, beldurrak galduta». Bi galdera dituzte abiapuntu: «Zer nolako Hernani nahi dugu? Eta, batez ere, nola eraiki nahi dugu?». Partaidetzarekin lotzen dute bidea, komunitatea indartzearekin. Xabier Lertxundi: «Denok batera esperimentatzen eta paperekoa moldatzen ari gara, beldurrak galduta» Gobernantza eredu berri bat abiatzen ari dira ondoko hirukia gauzatzeko: herri antolatua, Udala eta ehun ekonomikoa. Sektore bakoitzeko burujabetzen mahaietan hartzen dituzte erabakiak, eta burujabetzen foroak barne hartzen ditu denak. Beharrezko zeharlerroa dute teknologia, eta eredu ahalik eta burujabeena bilatzen ari dira. Ovejerok ez zuen ezkutatu Sakananet telekomunikazio sare mankomunatua behar batetik sortu zela, kontzientziaziorik gabe. Eskualdeko 14 herri zuntzik gabe zeuden eta horiei estaldura ematea izan zen asmoa. Gaur egun, Sakanako lurraldearen erdia hartzen du sare honek. «14 udalerrietatik zortzi gaude, Wifinet fundazioa, Sakanako Mankomunitatea eta erabiltzaileekin batera. Guztiek egin dugu dohaintza. Sare librea da eta Internet duten herri handixeago horietan muturra sartzea dugu orain erronka». Udabek Zarauzko Lakari kooperatibako esperientzia partekatu zuen. Duela zazpi urte sortu zuten lau kidek. Gaur egun sei dira. Elikadura kontsumo jasangarria dute helburu eta ehun ekonomikoan kokatzen dira baina «bestelako eredu batean». «Burujabetza ezberdinen arteko gurutzaketa ezinbestekoa» dela ohartu dira, baita «ikuspegi sistemikoa eta konplexua» izatea ere. «Lankidetza-kultura berri bat sortu behar dugu eta ehun ekonomikoak ardura dugu horretan. Dirua lortzeko ala herritarren zerbitzurako gaude?», planteatu zuen. Eta elikagaiak banatzeko plataforma digital bat sortzea interesgarria litzatekeela bota zuen amu gisa. Harismendyk Lau Haizetara elkarteak egindako partaidetza prozesuaren berri eman zuen. «Komunikazioa hobetzeko eraldaketa digital baten beharra ikusi genuen eta burujabetzaren kontzeptua agertu zen. Tresna eta baliabideak ezagutzea da, erabakiak hartzeko. Bestela Googlen sartzen gara hausnartu eta beste tresnak ezagutu gabe». Euskal komunitatea erdian jarriz, eraldatzea, erabakitzea eta partekatzea da asmoa.