2022 ABEN. 02 - 00:00h Neguan Krakovian Nazien infernutik bizirik atera zen Bigarren Mundu Gerran, eta gaur egun, Unescok gizateriaren ondare izendatuta, distira berezia du Krakoviak, baita neguan ere. Urteko hilabeterik hotzenetan Poloniako hiri hau helmuga paregabea da. Testua: Jonathan Martinez Argazkiak: Getty Images Krakoviara etorri nintzen lehen aldian turistek ez zituzten hotelak betetzen, eta kaleak ez zituzten bisitaldi gidatuz eta selfie kolektiboz itotzen. Niri behintzat ez zidan inpresio hori eman. Denborarekin, kostu txikiko hegazkin konpainiek ogien eta arrainen miraria egin zuten, eta Europar Batasuneko merkataritza estandarretan txertatuz joan da Polonia. Udako hilabeteetan alde zaharra -Stare Miasto- musikaz, malabaristez, fakirrez eta merkealdietako saltzaileez betetzen da, eta, beraz, hutsik gabeko estrategia bat trazatu behar izan nuen: neguan etortzea. Desabantailak ezagutzen ditut. Abenduan egunak laburrak dira eta tenperaturak izotz zifretara iristen dira. Hobe da maletan beroki arropa sartzea, eta ez da komeni irtetea kapa bikoitzeko eskularru eta txano on bat gabe. Bisitaria bertakotzat joko dute, zoru izoztuaren gainean irristadarik gabe ibiltzen ikasiz gero. Eta erraztasuna lortzen duenean, irrist egin nahi izango du urtero Jan Nowak-Jezioranski plazan, Krakowska Galeria merkataritza gunean eta Krakow Głowny tren geltoki nagusiaren ondoan jartzen dituzten patinaje pistetan. Neguko hilabeteetan, Wawel muinoko gaztelura igo eta hiri elurtua txori-begien bistarekin mirets liteke. Handik, teilatu zuriko maketa baten gainean dauden inurritxoen antzekoak dira oinezkoak. Vistula ibaiaren ertzetan, ontziratze lekuaren parean, kuzkurtuta paseatzen dute, eta oin arrastoak marrazten dituzte elur gainean. Esan al dut muinoaren erraietan haitzulo bat eta dragoi baten estatua bat daudela ahotik sua botatzen? Kondairak dioenez, Skuba izeneko zapatari batek leherrarazi zuen munstroa, sufrez betetako ardi bat jaten emanda. Getty Gastronomiaz ari garela, esango nuke Poloniako sukaldaritzak hotzaren aurkako erremedioak dituela. Gustu funtzionaleko pertsona naizenez eta menu diskretuak eskertzen ditudanez, Mleczny tabernetako parrandazalea bihurtu nintzen. Kantina proletarioak dira, komunismoaren garaian arrakasta izan zutenak eta oraindik KFCek eta McDonald’s batzuez inguraturik irauten dutenak. Grodzka kaleko mleczny tabernak eskola jantokia edo arrantxo militarra du. Hango langileak polonieraz bakarrik hitz egiten du, baina bidaiari galduak ikusi ditut keinuka komunikatzen. Interprete bizkorra da gosea. Lehenik eta behin, zurek zopa azidoa eskatu dut, zekale-irinezkoa, eta arrautza eta saltxitxa. Batzuetan ogi baten barruan zerbitzatzen da, eta erremedio ona izatearen ospea du ajearen kontra. Bigoak bigarrenerako. Ehiztarien errezeta zaharra da, kapusta kiszona (aza garratza), haragia, onddoak eta arana pasa. Kompot basokada bat: zenbait frutaz egindako zuku espeziatua. Postrerako, sernik edo gazta pastela. Sukalde ibilbidearekin segitzeko, merezi du Kazimierz auzo judu zaharrera joatea. Han, tradizioa eta modernizazioa, grafitiak eta industria panoramikak, terrazak eta sinagogak uztartzen dituen hipster giroa ernatu da. Jozefa kalearen inguruan, Tripadvisor zaleek gehien eskatzen dituzten jatetxeetako batzuk daude. Beraz, giroa gaztea da, ozarra, tarteka anglofonoa, eta amonaren plater zaharrak fantasia beganoekin eta boutique produktuekin lotzen dira, prezio merkean. Getty Barrutiko Plaza Berria -Plac Nowy- ezaguna da bere zapiekanka pizza itxurako ogitartekoarengatik. Kale kantoian Alchemia dago, auzuneko tabernarik ezagunenetako bat, non gazteek gaueko arratsaldeak kandelen argitan botatzen dituzten eta kontzertuak egiten diren. Handik metro gutxira, Les Couleurs kafetegian, grzane wino bat (ardo beroa) edan liteke; ingurune hain abegitsua da, nekez itzuli nahiko baituzu kaleko aire zorrotzera. Eta zer esan Singer izeneko tokiaz, mahai bakoitzak bere josteko makina daukan taberna tximiniaduna. Okaglak-en, Kazimierzen bihotzean bertan, azoka txiki bat antolatu da, non erosten ahal diren David Bowieren biniloak edo barazkiak, plastikozko abalorioak edo zazpi besoko argiak, Leninen bustoarekin egindako irudiak edo bildumazalentzako gurutze nazia ere. Ironia kezkagarria iruditzen zait Shoatik bizirik atera zirenek SSetako domina baten edo Daviden izarrarekin markatutako besoko baten prezioa borrokatzea. Kale haietan filmatu zen Schindlerren zerrenda, eta oraindik Alemaniako enpresariaren fabrika bisita daiteke, museo bihurtua. Han ehunka preso aritu ziren lanean, Piraszowko kontzentrazio esparruan. Leku horretan biktimentzako monumentu izugarri bat baino ez da geratzen. Krakoviako erakargarri turistikoetako bat da, hain zuzen ere, Auschwitzeko sarraski tokitik hurbil dagoela. Hirian bisitak egiten dira, eskaintze ezberdinekin: minibusa, hoteleko atean jasotzea, cicerone poliglota bat, larrialdiko mokadu bat. Abentura librera txangoa egitea ere ongi dago; kasu horretan, tren bat hartzea komeni da Oswiecim herriraino. Auschwitz du izena alemanez, eta poloniarrek ez dute gogoko inork nahasterik: hiria Oswiecim da, eta Auschwitz hiltegia da. Getty Bisitariak urtarrilean bidaiatzen badu, agian askapenaren urteurrenaren ospakizunekin bat egingo du. 1945eko urtarrilaren 27an, Armada Gorriak alanbre hesiak zeharkatu zituen, eta, naziak ihesean zihoazela, errausketa labeekin topo egin zuen. Auschwitz I.era sartzean, landa eremuko urbanizazio bat bisitatzeko sentsazioa izan genezake, lorategiekin eta harriztatuekin. Birkenau ondoko zelaian zanpatzen gaitu izuak. Trenbidea eten egiten da leku biluzi baten erdian, eta ez da beste azalpenik zertan eman. Badirudi Holokaustoaren tristurak jota dagoela Krakovia. Badakit bidaiari batzuk Bigarren Mundu Gerrako dokumentalen aurreiritzi kromatikoagatik txundituta geratzen direla eta estanpa hits bat aurkitzea espero dutela. Alderantziz. Krakovia argiari egindako omenaldi bat da, eta haren existentzia hutsa miraria da, batez ere kontuan hartzen badugu Varsovia bezalako beste hiri batzuk bonben azpian birrindu zituztela. Ez halabeharrez, Unescok Krakoviako gune historikoa Gizateriaren Ondare gisa onartu zuen. Hango harribitxia, noski, Merkatu Plaza da -Rynek Gäowny-, otsailera arte Gabonetako argitxoz edertuta egoten dena. Galde diezaiotela Adam Mickiewicz poeta erromantikoari, idulki baten gainean brontzez irudikatua. Auskalo zenbat mila bider entzun duen Santa Maria basilikako iparraldeko dorretik tronpeta melodia hau. Kondairaren arabera, XIII. mendean gezi tatariar batek kornetistaren eztarria zulatu zuen, inbasioaren berri emanez. Horregatik, gaur egun ere doinuak eten egiten dira, turisten gozamenerako eta bertakoen oinazerako, putz malkartsu batekin. Getty Erdigunetik, hiria kale eta plazatxoen bilbe batean adarkatzen da, non errege eta nobleziaren luxuzko elezaharrak dauden. Altxor arkitektonikoen zerrenda hain da luzea, hiru bizitza beharko liratekeela horiek guztiak ezagutzeko. Adibidez, Jagellonica Unibertsitateko Collegium Novum-etik has daiteke, Udaletxeko Dorrearen itzal gotikoaren azpitik igaro, Oihalen Lonjako anbar artisautza zeharkatu eta San Floriango atea zeharkatu Barbakanarantz, hiria inguratzen zuen harresi zaharraren espiritua hobeto ulertzeko. Juliusz antzokiaren inguruan, Florian Straszewskiren monolitoaren azpian sartzen bazara, mokadu bat eskaintzen dizun saltzaile ibiltariren bat aurkituko duzu, esan dezagun obwarzanek bat (ogi-erroskilla) edo oscypek bat (ardi gazta ketua). Ondo dator indarrak hartzea, antzinako elizak esploratzen jarraitu aurretik. Wawel katedrala, Hirutasun Santuaren basilika, San Pedro eta San Pabloren eliza... estatua apostolikoen armada batek zaindua. Ez dakit erdiguneaz aspertzea onargarria den, baina beti dago beste auzune batzuetan atseden hartzeko aukera, beharbada Zwierzyniec barrutiko toki bukolikoetan edo Podgorze inguruko eremuetan. Wieliczka gatz-meategira espedizio bat egin edo... Zakopaneko eski pistetan ibili nahi duenik ere egongo da. Beste egun batean hitz egingo dugu Poloniak kitscherako eta karaokerako duen joeraz. Getty Ni, orain, hiri zaharreko kalexketan nabil. Neguan, elurra haizearen nahierara jirabiraka dabilenean, arratsaldea noiz eroriko zain egoten naiz, eta jazz kontzertu baten bila ibiltzen naiz klubean edo Muniaka-n, oholtza bat daukan kobazuloan. Abaguneak merezi badu eta tradizioak hala eskatzen badu, vodka batekin topa egingo dut, zurrutada geldoez, segur aski Zolądkowa Gorzka batekin, belar mingotsaren gustuaz gozatzen. Une batez pentsatu dut Nikolas Koperniko izeneko ikasle bat ezagutu zutela kale hauek. Gogoan izango dut hemen ibili zela Bronislaw Malinowski antropologoa, Melanesiako natiboen bizitza sexuala aztertzera joan aurretik. Imajinatuko dut Wislawa Szymborska poeta, baso bat altxatzen bere lagunekin, Bracka kaleko Nowa Prowincja kafetegian. «Negua atzean uztea», dio Szymborskak, «paisaia bati agur esatea da».