GAIAK

Hamasei urte pedalei eragiten: bost kontinente eta 124.000 kilometro

Aspaldi zuen ideia buruan bueltaka Igiñitzek: lagunak, familia eta lana uztea eta bidaiatzea. Baina ausardia behar da horretarako. Ametsa 2006an bete zen, bizikleta hartu eta ekialderantz egin zuen urte baterako, baina hamasei urte iraun du abenturak. «Orain, beste modu batean mugituko naiz», dio.

Aitor Igiñitz. ( Aitor Igiñitz)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Gaurko saioak ezin zuen bestelako izenburua izan: bost kontinente, 124.000 kilometro zeharkatu baititu Aitor Igiñitzek pedalei eragiten, hamasei urtetan. Aspalditik, barruan zuen bidaiatzeko grin horri, har horri jaten ematea erabaki zuen 2006. urtean elkarrizketatuak, eta, hantxe abiatu zen, plan zehatzik gabe, Himalaietako magalera. Aurreikuspenak aurreikuspen, urte dexente gehiago luzatu zaio bizipena, urte bateko bidaia zena 16 urte urteko bizipen bihurtu da. Orain, bueltan da Euskal Herrian, bukatutzat eman baitu etapa.



Alforja onak edukitzeaz gain, badira gauza batzuk ezinbestekoak Igiñitzentzat horrelako bidaia bat egiteko: «Kanpin-denda on bat, su txiki on bat eta kalitatezko ur iragazlea. Bizikleta konpontzeko baliabideak ere garrantzitsuak dira» eta horren guztiaren gainetik dago malgutasuna, «bidaiatzeko malgutasuna oso garrantzitsua da», aitortu du ‘NAIZ Bidaiari’ saioan. Alforjak beteta, hortaz, bizitzari aire frexkoa emateko borondatez jo zuen Nepalera, Katmandu aldera, haren hitzetan, «mundua arnastu nahian».

Zergatik, baina, herrialde hori? «Betidanik izan dut gustuko mendia», dio bidaiariak, «bada, munduko tontorrik altuenak ezagutzeko gogoa nuen; horregatik, ideia ederra izan zen bertatik hastea». Tamalez, saioa motz gelditzen da bizikletariak munduko mapan zeharkatu dituen erpin guztietan geldialdia egiteko.

Hori horrela, abentura bat aipatzeko esan eta azkar baino lehen eman du erantzuna, Zetaren Bidea: behinolako garaietara, aintzinera egin dugu salto zuzen-zuzenean. Lehengaiak garraiatzeko bidea ez ezik, ohiturak, gaixotasunak, hizkuntzak zein erlijioak ere zabaltzeko modu ziren bidexketara, hain justu. Bi bider gurutzatu du bidea protagonistak, baina, guk, lehenengoan ipini dugu begirada: Nepal, India, Pakistan, Txina, Kirgizistan, Tajikistan, Uzbekistan, Turkmenistan, Iran eta Turkia. Hamar herrialde, orotara, zein bere parajeekin, ohiturekin eta erlijioekin.

Hala nola Pakistan iparraldean geldialdi laburra egin dugu, Kalash herria ezaguteko: «Hiru bailaratan kokatzen den herrixka da, musulmanen erdian bizi den komunitatea. Dioetenez, Alejandro Magnoren soldaduen ondorengoak dira: azala zuri-zuri eta begiak urdin-urdin. Beste erlijio bat praktikatzen dute». Jarraian, ezin aipatu gabe utzi Txinan aski zigortua den Uigur etnia: «Politikoki, txinatarrak dira, mugak horrela esaten duelako. Gobernuak Tibetekin egin zuen gauza berbera egin zuen hauekin: beraientzat hartu ziuzten».

Bidean aurrera eginda, Sobietar Batasunaren zantzu nabariak dituzten Erdialdeko Asiako herrialdetan segitu zuen pedalei eragiten, eta guk ere pausua jarraitu diogu hari: «Persiar eragin handia dute», Iran bizilagun baitute. Kuttuna du elkarrizketatuak azken hori: «Jakintza handia dute irandarrek; oso aberasgarria da beraiekin hitz egitea».

Bakarrik, batzuetan, bidean ezagututako Laura Martinezekin, beste hainbatetan, tripak ikusi
dizkio zapaldu duen herrialde bakoitzari Igiñitzek. Tarteka ere egin du Andoainera salto, etxekoekin nahiz lagunekin ere denbora igarotzeko.

Oraingoan, ordea, berarekin batera ekarri du bizikleta: «Orain arte, ezagutu dudan jendearen etxean utzi izan dut bizikleta. Orain, amaiera eman diot bizikletari: beste gauza batzuk egiteko gogoz nago; horrenbestez, datorren atala bizikletarik gabe izango da». Nepalera joko du berriro ere, duela hamasei urte bezalaxe, baina beste abentura bati ekiteko prest.