2022 ABEN. 23 - 06:15h SKA: Unibertsoaren sorkuntzaren galderei erantzunak bilatzen Australia antena sorta zabal bat eraikitzen hasi da bere barne basamortu erraldoian, munduko irrati-teleskopiorik handiena osatzeko. Eraiki ondoren, antena horiek SKA (Square Kilometer Array) izeneko parabola birtuala osatuko dute, Hegoafrikan eraikitako antzeko sarearekin batera. Zuhaitz itxura duten antena horiek munduko irrati teleskopiorik handiena osatuko dute. (AFP) Gurutze Anduaga Hogeigarren mende amaieran, 1990eko hamarkadan sortutako proiektu hau atzeratu egin zen finantzaketa arazoengatik eta zailtasun diplomatikoengatik. SKA erakundeko zuzendari nagusiak, Philip Diamondek, obraren hasiera hau une erabakigarritzat jo du, beraz. Teleskopioa «gizateriaren ahalegin zientifiko garrantzitsuenetako bat» izango dela iritzi dio. SKAk fenomeno kosmiko bortitzenetako batzuk aztertu behar ditu, hala nola supernobak, zulo beltzak eta big bang-aren lehen arrastoak, duela 13.000 milioi urte baino gehiago unibertsoa sortu zuen leherketa erraldoiarenak. Zuhaitz itxura duten antena horiek munduko irrati teleskopiorik handiena osatuko dute eta fenomeno kosmiko bortitzenetakoak ikertzea izango da helburu nagusia. Haren izena diseinatzaileek bilatzen duten helburutik dator: kilometro karratu bateko bilketa eremua duen teleskopioa. Hegoafrikako eta Australiako zatiek, ordea, eremu horren erdia baino gutxixeago duen bilketa eremu konbinatua izango dute. Bi herrialdeek desertu zabalak dituzte, irrati-uhinen eraginpean ez daudenak, eta baldintza ezin hobeak dira teleskopio mota hauentzat. Hartara, zuhaitz itxurako 130.000 antena baino gehiago jarriko dira Australia mendebaldean, Wajarri herri aborigenaren lurralde tradizionalean. Guneari ‘Inyarrimanha Ilgari Bundara’ izena jarri zioten, hango hizkuntzan ‘zerua eta izarrak partekatzea’ esan nahi duena. Hegoafrikako eremuak, bere aldetik, 200 antena paraboliko inguru izango ditu urruneko Karoo eskualdean. Proiektuak «galaxien sorrera eta heriotza arakatuko ditu, grabitazio uhin mota berriak bilatuko ditu eta unibertsoari buruz dakigunaren mugak zabalduko ditu», aditzera eman du teleskopioaren zuzendari Sarah Pearcek. Adibide bat jartzearren, teleskopio honek Marten dagoen astronauta baten poltsikoan telefono mugikor bat detektatu ahal izango du, 225 milioi miliara. Lehen behaketa zientifikoak hamarkada honen amaieran egitea espero dute. Erakundeak hamalau kide ditu: Britainia Handia, Australia, Hegoafrika, Kanada, Txina, Estatu frantsesa, Alemania, India, Italia, Zeelanda Berria, Estatu espainola, Suedia, Suitza eta Herbehereak.