2023 URT. 12 - 21:01h Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileek ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu’ proiektua abiatu dute Plentziako Itsas Estazioko zenbait ikertzailek izaera pedagogikoa duen proiektua jarri dute martxan: ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu’. Hondartzen ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzea du xede. Laginak nola hartu irakatsiko diete parte hartzaileei. (UPV/EHU) NAIZ Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) zenbait irakasle eta ikertzailek ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektua jarri dute abian. Ekimenak izaera pedagogikoa du, eta hondartzen ingurumenaren garrantziaz kontzientziatu nahi du. Proiektu hau lehen hezkuntzako azken urteetako eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago (Curriculum Aniztasuneko taldeak barne), baina bere izaera inklusiboa hezkuntza arautuaz haratago zabaltzeko, mota guztietako aisialdi erakunde eta elkarteei eta kultura, gizarte edo ekintza komunitarioko talde inklusiboei ere luzatu zaie parte hartzeko aukera, ezagutza zientifikoan aurrera egiten lagundu eta STEAM proiektuetan parte hartu nahi badute. STEAM hezkuntzak honakoa lortu nahi du: Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika Artea eta Humanitateekin bateratzea, diziplinako oinarrizko zein zeharkako gaitasunak garatuz eta ikasleak ahaldunduz erantzukizunez gure gizarteko erronkei aurre egin diezaieten. «Ekimenak euskal kostaldeari buruzko ezagutza zientifikoa hobetzen lagundu nahi du, batetik, eskala mikroskopikoko biodibertsitatean (meiofauna eta mikroalgak) eta, bestetik, biodibertsitate hori arriskuan jartzen duten arriskuetan (mikroplastikoak, kasu honetan) arreta jarriz. Hori guztia helburu nagusia lortzeko: Hondartzen eta itsasoen ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzea», adierazi du Miren Bego Urrutiak, proiektuaren ikertzaile nagusiak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak. ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ ekimenaren xedea zientzia jendartera gerturatzea da, haren benetako erakargarritasuna erakutsiz eta parte hartzaileen jakin mina piztuz. 900 ikasletik gora 2022ko abenduaren 23ra arte egon da irekita proiektuan parte hartzeko izena emateko epea, eta hezkuntza arautuko taldeen artean «harrera bikaina» izan duela adierazi dute antolatzaileek: 20 ikastetxek agertu dute parte hartzeko asmoa, eta guztira 900 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte proiektuan. «Hezkuntza arautuaz kanpoko zenbait elkartek ere helarazi digute parte hartzeko nahia, guztira ia beste 100 parte hartzaile gehituz. Hezkuntza ez formaleko taldeentzat epea irekita egongo da berriro ere urtarrilaren 16tik 23ra arte», jakinarazi du Urrutiak. Behin izen–emate epeak bukatu ondoren, Plentziako Itsas Estazioko ikerketa-lerro desberdinetako irakasle eta ikertzaileek doako prestakuntza eskainiko diete parte hartuko duten taldeetako irakasle eta arduradunei STEAM proiektu hau gauzatzeko. Prestakuntza ikastaro teoriko-praktiko baten bidez egingo da, bertan parte hartzaileei euskal kostaldeko hondartzetan laginak modu autonomoan nola hartu azalduko diete, diziplina anitzeko protokolo zientifikoei jarraiki. «Parte hartuko duten taldeek laginak hartu eta aztertu ondoren, euren emaitzak proiektuaren bukaerako ekitaldi nagusian aurkeztuko dituzte, 2023ko ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean. Bertan, parte hartzen duten zentro eta elkarte guztiek biltzeko aukera izango dute, proiektuan ikasitakoa partekatzeko», adierazi du Urrutiak. Proiektu hau Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak – Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa– eta UPV/EHUren Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak finantzatzen dute.