2023 URT. 17 - 11:06h ‘Hemen berriro’ diskoari izena ematen dion singlea argitaratu du Sara Azurzak ‘Hemen berriro’ album berriaren aurkezpenaren atarian, Sara Azurza abeslari donostiarrak diskoari izena ematen dion kantua eta bideoklipa aurkeztu berri ditu. Abeslari donostiarrak urtarrilaren 27an argitaratuko du diskoa. NAIZ Sara Azurzak bere album berriaren bigarren aurrerapena argitaratu berri du. Diskoari izena ematen dion abestia da ‘Hemen berriro’ eta, aldi berean, albumeko kantu «ezberdin eta dantzagarriena», poparen eta elektronikaren artean mugitzen baita. Abestiaz gainera bideoklipa ere aurkeztu du Azurzak. Zea Mays edota Bulego bezalako euskal artistekin egindako lanengatik ezaguna den Barbara Fernandezek zuzendu du bideoklipa eta, ohar bidez azaldu dutenez, madrildarrak, «bere taldearekin batera, bi pertsonaren arteko maitasunaren lehen urrats lotsatiak eta fase honetan agertu ohi diren beldurrak itzel ondo transmititzea lortu du». Bideoklipa Sara Azurzaren Youtubeko kanalean ikus daiteke eta album berria, aldiz, urtarrilaren 27an argitaratuko du abeslari donostiarrak. Oholtza gainean, otsailaren 10ean aurkeztuko du lehen aldiz diskoa, Donostiako Lugaritz kultur etxean eskainiko duen kontzertuan. Azurza 17 urte zituela igo zen lehen aldiz oholtzara eta lehen urratsak Iker Lauroba musikariarekin batera eman zituen. Ondoren hainbat talderekin egin zuen lan, tartean Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley, eta bere bakarkako lehen lana 2018. urtean argitaratu zuen. ‘Theorein’ izeneko disko horretan euskarazko eta ingelesezko bost abesti bildu zituen, ia denak berak idatziak.