2023 URT. 18 - 16:29h Ska eta reggaea gidari, erritmo berriak dakartza La Topadorak ‘Karma’ lanean Bigarren lana aurkeztu du La Topadora talde nafarrak, ‘Karma’. Diskoak dakartzan 10 kantetan nagusi dira ska eta reggae doinuak, baina cumbia eta elektronikari ere ireki diete atea. Asteazken honetan bertan kaleratu dute diskoko azken kantua eta plataforma denetan dago eskuragarri dagoeneko. Bigarren lana aurkeztu du La Topadora taldeak. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Nerea Lauzirika Bilbo La Topadora talde nafarrak bigarren diskoa kaleratu du. ‘Karma’ deitu diote, datorrenaren aieru izango denaren esperantzaz, Ruben Anton tronpeta joleak azaldu duenez: «Jotzen hasi eta astebetera etorri zen itxialdia, espero dugu disko honekin zorte hobea izatea». 10 kanta sortu dituzte album berrirako eta lehendabizikoz Enrikko Rubiños bateria jolea arduratu da abesti baten letra egiteaz: «Itxialdian sortutako kanta da ‘Inoiz ez’, eta guk jotzeko eta jendeak entzuteko geneukan gogo hori islatzen du». Skalariak eta Vendetta taldeetako kideak dira La Topadorako musikari gehienak, baina jakin badakite ez dagoela nostalgiatik bizitzerik. «Egunetik egunera egin behar dira gauzak», azaldu du Luisillo Kalakandra baxu joleak. Ukaezina da ska eta reggae doinuak direla ‘Karma’ lanaren bizkarrezurra, nahiz eta erritmo desberdin ugari jaso dituzten diskoan, Kalakandrak nabarmendu duenez: «Badago ska 60, ska 70, ska-metal, dena berdina balitz aspertuko ginateke». Kalakandraren hitzetan, norberaren bidea aurkitzeari buruzkoa da diskoa orokorrean, bereziki ‘Busca y destrulle’ kanta, «toxikoa den hori bilatu eta paretik kentzeari buruzkoa da». ‘Vamos primo’ diskoko hirugarren kanta da, baina argitaratu zuten lehena. Ska erritmoei ukitu elektronikoa emanez, heldutasunaz eta esperientziaz hitz egin dute, Mexikoko hildakoen gauaren testuinguruan kokatuta. ‘Al calor’ zabaldu zuten gero, 60ko hamarkadako ska estiloan. Norbere ingurukoak zaintzeaz hitz egiten due eta Swingaraia taldeko Eva Mindiren parte hartzea izan dute. Horren ostean plazaratu zuten ‘Muxu’, euskaraz den bi kantetako bat, Manu Gomez Genuaren letrarekin eta Amets Larrazaren ahotsarekin. ‘La sombra del ángel caído’ tentazioei buruzko abestia da eta erritmo hinduen kutsua dauka. Taldeak lotura dauka Hego Amerikarekin, izenetik hasi (Topadora deitzen diote Argentinan induskatzeko makinei) eta ‘A toda vela’ kantuarekin jarraituz. Pertsonen arteko laguntzari eta bazterkeriarik ezari egindako doinua da, rock kutsua duena. ‘Ya ves tú qué tontería’ kanta berezia da, Gloria Fuertesen olerki bati musika jarriz sortu baitute, Javiero Etxeberria gitarra joleak azaldu duenez: «Haren berri bageneukan, baina sakonago ezagutu genuen neskato batzuek egindako antzerki baten harira, eta pertsonaia interesgarria iruditu zitzaigun». 70eko hamarkadako skari heldu diote ‘No dejes que lo hagan por ti’ kantuan, pandemian bizitakoan oinarritutako letrari doinua jartzeko. ‘Frenético’ izan da atera duten azken kantua, asteazken honetan bertan plazaratu dutena. Brigi Duke abeslari eta gitarra jole nafarrak parte hartu du abestian eta ska-metala bada ere, elektronikotik ere badauka zerbait. Gaizka Otsoa taldeko tronboilariarekin batera, datorren urtarrilaren 20an daukate hurrengo kontzertua, Madrilgo Hangar 48 aretoan. Bilbon, Zorrotzako gaztetxean arituko dira otsailaren 4an eta 18an Sopelako inauterietan. Martxoaren bukaeran egitekoak diren Iruña Rock jaialdian ere joko dute.