2023 URT. 26 - 10:45h Artikutza, hosto zaparrada Artikutza Nafarroa iparraldeko txoko magikoa da. Iberiar penintsulako lekurik hezeena da, eta udazken bukaeran pagoetatik jausitako hosto zaparrada ikaragarria da bertan. Andoni Urbistondo Artikutza 3.700 hektareako eremu babestua da. Nafarroako Gobernuak Babes Bereziko Gune moduan izendatua du, Natura 2000 sarearen barne, eta horri esker, bere zuhaizti, errekasto, fauna eta landaredia erabat babestuta daude. Nafarroa esan dugu, Artikutza Goizuetako lurretan dagoelako geografikoki. Administrazio mailan, ordea, Artikutza Donostiako Udalaren jabetzakoa da. 1919an erosi zion lur eremua Donostiako Udalak Goizuetakoari, Gipuzkoako hiriburuak behar zuen ur gezaren premiaz ohartuta. Enobieta presa eraiki zuen aurrena, baina harekin nahikoa ez, eta Añarbe urtegi erraldoia eraiki zuten ondoren, 1975ean. Añarbek 37,279 Hm3-ko gaitasuna du. Alegia, 37.279.000.000 litro ur, eta Artikutzan jausten den euri prezipitazio handiari esker bete samar egoten da ia beti. Ur falta baino ur sobera izaten da sarri Añarben, eta ura Urumea ibairantz askatzeko ateak ireki behar izaten dituzte tarteka. Ura, zuhaitzak eta historia. Horiek dira Artikutzako altxorrak. Uraren garrantziaz bidean jabetzen da oinezkoa, zuhaitzekin gertatzen den bezala. Artikutzan sei milioi zuhaitz daude. Sei milioi, eskualdeak naturan duen garrantzia ulertzeko. Kopuru biribilagoa: Artikutzako eremu osoaren %90 zuhaiztia da. Pagoak, asko, erdia pasatxo, baina haritza eta hagina ere ohikoak dira. Deigarria da gizakiak Artikutzako zuhaiztian daukan interbentzio eskasa. Xendak trabatzen dituzten adarrak edo enborrak kentzen dituzte langileek, baina bestelakoan prozesu naturalak agintzen du. Hiltzen edo usteltzen diren zuhaitzak prozesu naturalaren bitartez desagertzen dira. Bidean pago benetan erraldoiak ikus daitezke, baina txango bukaeran harrituko gara gehien, begien aurrean agertuko zaigun ikuskizunarekin. 2019an ziklogenesi leherkor batek Artikutzako zuhaiztiko %12 txikitu zuen, dozenaka urteko zuhaitzak errotik atera, 120 kilometro orduko haizeteen ondorioz. Xendak garbi daude, eta alboetan diametro ikaragarriko enbor eta zuztar festa ikusiko du bisitariak. Horiek guztiak modu naturalean desagertu edo birsortuko dira. Artikutza eremu babestua da. Autoz sartzeko Donostiako Udalaren baimena behar da derrigor, urteko egun batean izan ezik: abuztuaren 28a, San Agustin eguna. Orduan festa handia izaten da Artikutzan. Urteko beste egun guztietan, ordea, oinezkoek bidea libre dute, eta bizikleta gainekoek ere bai, baimendutako bideetan barrena ibiltzen badira. Artikutza ezagutzeko modu polita da Exkax aparkalekuan hasi eta bukatzen den txangoa: 13 kilometro eta 400 bat metroko desnibel metatua. Exkax aparkalekuan utzi behar da autoa, eta martxari ekin, PR NA 124 xenda hartuz, aparkalekutik kilometro erdira. Artikutzako etxe multzora bidean, beti beherantz, hosto alfonbra baten gainean ibiliko gara, errekasto ugari zeharkatuz. Haien izen bitxiak mapan ikustea ere gauza polita da: Pixatoki, Eskaspe, Argaratako erreka… Ordu erdiko bidea egin ondoren, Erroiarriko ur jauziraino iristen da xenda, 20-25 metroko ur jauzi ikusgarrira. Behatoki bat ere badu; komeni da banaka edo binaka hurbiltzea, malkarra gertu baitauka. Ur jauzia atzean utzi eta berehala Enobietako presara iritsiko gara. Enobieta izan zen Donostia urez hornitzeko eraiki zen lehen urmaela, baina XX. mendeko erdialdean agerikoa izan zen ez zela nahikoa izango, eta Añarbe eraikitzea lehenetsi zen. Azken urteetan Enobietako presa kentzeko lanak egin dira, errekastoek bere jatorrizko bidea berreskuratu eta bertako ekosistema eta fauna bere kabuz birsortu dadin. Enobietako ertz batetik bost minutuan iritsiko gara Artikutza auzora, 315 metrora. Planoburu eta meategi lanak Artikutzan bada sabela berdintzeko makinarik, motxilan zer jan edo edan ez badugu. Txanponak eraman. Exkax aterpera daraman bidean gora, berehala hartuko dugu izen bera erakusten duen mendi bidea. Gorantz egiten du nabarmen ordu erditxo batean, eta halako batean Artikutzak iraganean izan zuen garrantzia erakusten duen tokira iritsiko gara: Planoburu tren geltokia. Izan ere, eskualde hartan ikatza, burdina eta lur zuria atera ziren lurraren erraietatik, eta haiek guztiak Lezoko tren geltokiraino garraiatzen ziren. Garraio sistema benetan ikusgarria izan zen, XX. mende hasieraz ari garela aintzat hartuta. 1905 eta 1918 urteen artean Penintsulako meatzaritza bide luzeena izan zen Artikutzakoa. 30 kilometro denera, eta egunean lau trenek egiten zuten joan-etorria: Elamako meatzetan hasi eta Lezo-Errenterian buka. Artikutza zuloan sartuta dago, 800-1.000 metroko mendiak inguruan, eta garraio horretan desnibel handiko tarteak libratu behar izan zituzten. Trenean ezin, noski, eta uraren bidez, sistema hidrauliko baten bitartez garraiatzen ziren mineralez beteta zeuden bagoiak. Bagoi zahar zenbait eta azalpen interesgarriak topatuko ditu bisitariak Planoburu gunean. Trenbidea izan zen bide beretik egiten da Exkax aparkalekurainoko itzulera. Ziklogenesi leherkorrak eragindako triskantza gertutik ezagutu aurretik, begiratoki eder bat eskainiko digu bideak. Artikutzako aterpea ikusiko dugu goitik, eta gainean Izu, Loitzate, Ekaitza eta Bortzirietako beste gailur batzuekin batera. PR NA 124 bidegurutzera iristearekin bat sumatuko dugu guardaren etxea, eta autoa utzi dugun aparkalekua, Bianditz mendiaren magalean.