2023 URT. 29 - 08:05h Elkarrizketa Mixel Etxekopar Musikaria «Zuberoan entsaiatzen gara mugitzen, bizi garenaren marka» Gotainen jaio eta Zuberoako herri horretan bizitzen jarraitzen du, bere eskualdeko kulturatik abiatuta pieza berriak sortuz eta, aldi berean, euskal artistekin proiektu berritzaileak eta tradizioa berrikusten dutenak egiten ditu. Eusko Ikaskuntza-Donibane Lohizuneko Ohorezko Musika Saria jaso du. Mixel Etxekopar musikaria, larunbatean Donibane Lohizunen. (Guillaume FAUVEAU) Idoia Eraso Beti plazera da Mixel Etxekoparrekin mintzatzea, bizitzaren haren ikuspegi poetikoak, haren umiltasunarekin batera, mundu liriko batean sartzen baitu solaskidea, ikuspegi artistiko sakona duten haren obrek bezala. Elkarrizketa honetan haren ibilbide oparoari begiratu dio, bizipenak eta esperientziak partekatuz. Zure ibilbide artistikoari ohore egin nahi dion saria jaso duzu. Nola hartu duzu? Sari bat. Nor naiz ni sari bat jasotzeko? Baina plazera da, norbaitek pentsatzea ongi dela. Batzuetan ostikoak jasotzen ditugu. Eskertzen da. Guk maite dugu lagunei opariak egitea, baina ongi da zuri ere ematea. Ibilbide luzea duzu musikan, sorkuntza anitz eta anitzak egin dituzu. Sailkatu ninduten gazte-gaztetik musika herrikoian txirularekin jotzen dudalako, eta pastoralean edo maskaradan egiten dudalako. Baina bertan, kontzientzia hartu nuen estuegi sentitzen nintzela halako kategorian. Ez nintzen asetzen betiko musika tradizionala errepikatzearekin, segur da errepikatu behar dela, gauzak ikasten dira, baina ez badira gure filtrotik pasatzen zerbait eskas da. Aldi berean, uste dugularik errepikatzen dugula aldatu gabe, baina beti aldatzen dugu. Konturatu nintzen tradizioa sortzen den zerbait dela, bertsolaritza bezala. Tradizioa eta traizioa aski hurbilak dira niretako. Zer da tradizioa? Duela 40 urte sorturikoa? 200 urte? 2.000 edo 20.000 urte? Horretaz konturatu nintzen Izturitzeko leizeetan atzemandako historiaurreko txirularen erreplikarekin musika jotzeko proiektua egin genuelarik. Hartzen duzu duela 25.000 urte norbaitek eskutan izan zuena eta zer egin zuen pentsatzen duzu. Grabaketarik ez da, arkeologoek ere ez dakite, nola egiten zen. Leizeetan aste batzuk pasatu ondoan, konturatu nintzen zer dugun batera: ez dira objektuak, baizik eta subjektuak. Onena da ni naizela cromagnon horren ondorengoa, eta biak garela cromagnon. Hori bai tradizio azkarra, gugan bizi dena. Zure sorkuntzak Zuberoatik abiatzen dira, Euskal Herri osora zabaltzeko gero. Sortetxetik 200 metrora bizi naiz, baina beti behar izan dut kanpoaren arnasa. Zorte handia dut, txirula baten gibeletik beste mundu batzuen itzulia egin baitut. Pasatzen dudalarik Biriatuko check-pointa, arnasa ematen dit; plazera da euskaldun izateko sentimendua. Horregatik sortu genuen Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa. Duela hamaika urte abiatu genuen; egonaldiak egiten ditugu. Azkena abenduan izan zen Getarian. Hiru egun pasatzen ditugu bertako ahotsak, soinuak eta doinuak grabatzen. Hirugarren egunean emanaldi efimeroa egiten dugu entzun dugunarekin eta ikusi dugunarekin, gehienbat manera poetikoan. Etxetaburu, Patxi Laskarai, Billi Fleflen gure soinu sortzailea eta lauok egon ginen Getarian. Hamabost aldiz egin dugu eta zazpi herri egiten ditugularik liburu bat ateratzen dugu. Oraingoz bi tomo ditugu. Hirugarrena ere egiten hasi gara eta itsasoari begira egiteko asmoa dugu: Ziburu, Getaria, Mutriku, Bermeo, Ea edo Plentzia. «Urtez urte laborategi ttipi bat bilakatu da. Herritik gure kultura herrikoia begi berriez ikusteko» Lanbidez, musika irakaslea zara. Non irakatsi duzu? Euskaratik irakatsi izan dut Zuberoako eskola publiko ttipietan, eta Baionako kontserbatorioan ere duela urtebete. Musika irakasten nuen elkarte munduan. Eskolak ematen hasi nintzen ezer ikasi gabe. Irakaskuntzan ez duzu irakasten dakizuna, baina zarena, akats eta dohainekin. «Euskaratik irakastearekin», zer esan nahi duzu zehazki? Eskola ttipietan Santa Grazin, Eskiulan, Gotainen... 3-11 urteko haurrekin ari nintzen; euskararen beherakada izugarria ikusi dut, geletan eta erraietan. Santa Grazin eta Eskiulan nire garaian hamarretik bederatzik bazekiten euskara; orain hamarretarik batek. Ingurumen horretan egin nintzen irakasle, eta pisua zen, jakinik ez duzula ahalik joera hori aldatzeko, baina aldi berean loturak egin ditut, katebegia egin dut aitona-amona eta haurrekin: haurrek biltzen zituzten doinu batzuk, eta altxor ttipi horiek grabatzen genituen. Kartzelan ere izan zinen irakasle: CD bat eta liburu bat atera zenituen bertako esperientziarekin, Musikartzela izenarekin argitaratutakoak. 2004an preso batek eskatu zidan txirula irakastea, Fleuris Merogisen, baina ezinezkoa izan zen. Beranduago, Lannemezanera ekarri zutelarik hasi ginen formalki ikastaldeak egiten 17 urtez. Ez dakit musika irakatsi nien, baina segurua da nik ikasi nuela gehien. Musikari batzuk etorri ziren jotzera: Niko Etxart, Amaren alabak eta beste batzuk. Lau-bost preso hasi ziren idazten eta musika asmatzen, eta ikusten zen zerbait gertatu zela; horregatik pentsatu nuen entsaiatzea grabatzea. Baimenak lortu arte urtebete edo pare bat joan zen, baina haiek kantak sortzea, grabatzea eta zabaltzea lortu zen. Flipatzen dut entzuten ditudalarik, Euskal Irratietan, Didieren ahotsa edo Xistorren ahotsa, kantuz eta mintzo. Fisikoki ez ziren ateratzen, baina gogoz eta hitzez bai. Mixel Etxekopar, larunbateko sariketan. (Guillame FAUVEAU) Elkarlan anitz egin dituzu zure ibilbide artistikoan zehar. Zorte handia da, nire kasuan pertsona ederrak atzeman ditut eta. Azkenetarik bada Euskal ‘Barrokensemble’, Enrique Solinis Azpiazu eta Miren Zeberiorekin. Horiekin ibiltzen gara Euskal Herrian eta Montreal aldean ere bai. ‘Txoriei’ ere egin genuen, François Rosse eta Et Incarnatus Orkestrarekin. Beste hainbatekin ere bai, noski: Jean Michel Bedaxagar, Jean Michel Arrotz, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Mathieu Mendizabal... Duela 33 urte sortu genuen Xiru jaialdi ttipia, ttipia eta inperfektu totala, baina egon da beti elkarlanerako gune bat, laborategi txiki bat. Marina Beheretche biolin jotzailearekin ere lan ederrak egin ditugu: berak ere saria jaso zuen atzo, Gazte Musikarena bere kasuan. Baditu gogoan hamaika eta bat gauza, indar eta intuizio izugarriak. Landu genuen disko bat, Vivaldiren ‘Lau Sasuak’, neska laukotearekin, orain Ezekiel kolektiboa denarekin. Proiektuan ez nuen sinesten, baina Marinarengan bai, baduelako indar musikala eta kulturala, dohaina zubiak egiteko. 2015. urtean landu genuen aipatu lana, eta oraindik ere 2023an behar dugu eman Baionako Antzokian, Urdiñarben… Marinak ondoren esan zuen aztarnak utzi behar genituela musikan, eta horretarako ‘Aztarnak’ egin dugu: Euskal Herrian bizi diren bost konpositoreren obrak moldatu, ikasi eta agertzen ditugu. Soinu oso eklektikoak dira, gero plazan emateko. Xiru festibala zure proiektu handienetakoa da, aurten 33 urte eginen dituena. Duela 50 urte sortu ziren lehen kantaldiak Iparraldean Etxamendi eta Larralde, Peio eta Pantxoarekin... eta horren bidetik, 20 urte berantago, sortu zen Xiru. Zein espiriturekin sortu zenuen jaialdia? Artista lagunekin aski parada gutxi genuen elkar ikusteko plazetan, aski zubi gutxi ziren, eta orduan Baztango lagunak, Biarnokoak eta txirula eta horrelako soinu herrikoiak egiten zituztenak deitu, eta elkartu ginen publikoarekin. Ohartu ginen bazela espazio bat gauzak herrikoitasunetik sortzeko. Gauzak egiten genituen, eta emankizun berriak sortzen ditugu oraindik ere. Ez da oso ortodoxoa, beti forman bitxia da, eta artisten artean beti bada elkarrizketa bat. Urtez urte laborategi ttipi bat bilakatu da. Herritik gure kultura herrikoia begi berriaz ikusteko. Duela 30 urte utopia banuen Gotaine euskaldunduko genuela, baina gero ikusten duzu biziak beste bide batzuk dituela, gure espazioa mantendu dugula eta hori ez dela gutxi. «Euskal Herriko Atlas Geopoetikoaekin duela 11 urte hasi ginen: hiru egunez ahotsak eta soinuak grabatzen ditugu herri batean, eta hirugarren egunean emanaldi efimeroa egiten dugu» Bertsolaria ere bazara, eta Xilaban parte hartu zenuen. Ez dut lehia maite, baina inprobisatzea bai; banekien ez nintzela gai, baina hara joan nintzen oreka pixka bat galtzera. Maite dut zirrara hori; musikan egiazko inprobisazioak bezala, eskatzen du tentsio bat, eta oreka galtze bat, baina baikorra. Helduen bertso eskola sortu genuen duela 15 bat urte Zuberoan, eta ikusten dut gazteak ateratzen direla, baina bertsozaletasuna, euskara bezala, ez da erraza Zuberoan. Argia piztua da, ordea, eta hori pozgarria da. Etorkizunera begira, zer beste proiektu duzu? Aurten nano pastorala sortu dugu, eta Xirun aurkezteko asmoa dugu. Hebentik elkartean, Maulen, berriz ere hasi behar dugu emanaldiak egiten, covidaren ondotik motorrak pizten. Baditugu xantiera batzuk, ekoizpen xumeetan ere bai; Urepelen sortu genuen kabaret moduko ikuskizun bat, Etxahun Barkoxeri buruzkoa, eta "Gaztelondon zer berri?” disko bidez atera nahi genuke. Lau lagun gara: Galtxetaburu, Ttittika Rekalt eta Pierre Vissler, betiko lagun zaharrak. Gure txokoan, Zuberoan antolatzen ditugu gauzak, Hebentik elkartearekin. Entsaiatzen gara mugitzen, bizi garenaren marka.