GAIAK

I+Gan ari diren emakumeen kopurua igo da, baina %37,2 baino ez dira oraindik, Eustaten arabera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan I+Garen esparruan lan egiten duten pertsona guztien %37,2 dira emakumeak, Eustatek ostiral honetan jakinarazi duenez. Bioteknologiaren arloan bakarrik dira gehiengoa, %59,6. Ikasketetan, osasun-zientziek biltzen dituzte emakume gehien.

EAEn I+Gan aritzen direnen artean %37,2 baino ez dira emakumeak. (Getty Images)

Eustatek Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bezperan ezagutarazi dituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 12.497 emakume aritzen dira I+Garen (ikerketa eta garapena) arloan, esparru horretan diharduten pertsonen %37,2a.

Hala ere, azken urteotan zehar gero eta emakume gehiago sartu dira sektore honetan. Datuen arabera, 2003an emakumeak %31,3 ziren, beraz, emakumeen presentziak 5,9 portzentaje-puntuko igoera izan du 18 urtetan.

Emakume gehienak ikertzaileak dira (8.120). Nolanahi ere, kopuru hori gizonena (14.074) baino askoz txikiagoa da. Emakume teknikariak, berriz, 3.071 dira (gizonak 5.624). Azkenik, laguntzaileen kasuan, aldea txikiagoa da (1.305 emakume eta 1.390 gizon).

Diziplinaren arabera, I+Garen esparruan diharduten pertsona gehien biltzen dituen jarduera Ingeniaritza da. Guztira, 20.939 pertsona dira, hau da, guztien % 62,3. Haien artean, emakumeak 5.786 dira (%27,6), hau da, gizonak baino askoz gutxiago (gizonak 15.153 baitira), emakume gehien biltzen dituen zientzia-diziplina bada ere. Emakumeak gizonak baino gehiago diren diziplinen artean, berriz, alderik handiena agertzen duena Medikuntza Zientzien diziplina da. Kasu horretan, emakumeak % 59,8 dira (2.860), eta gizonak, berriz, %40,2 (1.922).

Zientzietako ikasle gehienak, osasun-zientzietan

Unibertsitate ikasleen erdia baino gehiago emakumeak dira. Zientzien adarrean, emakume gehienak, 7.140, Osasun Zientzietan matrikulatuta daude, 2.146 gizonekin alderatuta. Ingeniaritza, berriz, adarrik maskulinizatuenetako bat da eta 16.298 ikasletik 11.666 gizonak dira. Azkenik, parekotasunik handiena Zientzien adarrean agertzen da (2.245 emakume eta 2.172 gizon).

Lanbide Heziketan, emakumeak % 35 dira, eta, unibertsitatean bezala, gehienek Osasunaren adarra aukeratu dute (% 75,6k). Ikasle kopuru handia biltzen duen beste adar bat Kimika da. Kasu horretan, emakumeak % 58,7 dira. Ikasle gehien biltzen dituzten arloen artean, alderik handienak Elektrizitatean eta Elektronikan agertzen dira. Izan ere, emakumeak % 6,1 baino ez dira.

Batxilergoari dagokionez, Zientzien batxilergoan mutilen eta nesken proportzioa oso antzekoa da (neskak % 48,8 dira). Giza eta Gizarte Zientzietako batxilergoen kasuan, aldea handiagoa da, eta feminizatuago daude. Zehazki, Gizarte Zientzietan, emakumeak % 57,7 dira, eta gizonak, berriz, % 42,3. Era berean, Giza Zientzietan emakumeak eta gizonak % 57,7 eta % 42,3 dira, hurrenez hurren.