2023 OTS. 16 - 22:20h New Orleans, berpiztuta eta beti bizi AEBetako hegoaldean egiten den edozein bidaiatan geltoki garrantzitsuenetakoa da, eta hala heldu gara gu ere. Urtzi Urrutikoetxea Alabama iparraldetik hegoaldera bisitatuta eta Mississippiko estatuko kostalde laburra zeharkatuta, iluntzen ari zuen Louisianako seinalea agertu zenean. Berehala autobidea utzi eta Ponchartrain aintziratik doan errepidean 9th Ward-etik sartu gara, Katrina urakanaren ostean urpean geratu eta mundu osoan ezagun bihurtu zen Bederatzigarren Barrutitik. New Orleanseko lehen geltokia, ordea (bakarra, bisitari askorentzat), Frantses Auzunea da. Estatu Batuetako ohiko hirietatik kanpo zauden sentipena dakarkizu auzuneak; oinezkoak nagusi diren hiri batean zabiltza, Kuba, Martinika edo Karibeko beste txoko batean bazeunde legez, arkitektura kolonial espainiar zein frantseseko eraikinen artean paseoan. Bi eta hiru solairuko etxeak nabarmentzen dira, burdina forjatuz apaindutako balkoi-galeria dotoreekin... Kaleen ingelesezko errotulazioaren azpian frantsesezko izendapena ere ageri da; hormetan, berriz, zeramikazko plaketan Espainiako garai kolonialean karrikak zeukan izena gogorarazten du. Parrandan ari diren turistaz betetako Bourbon Street-ek “Calle de Borbón” izena darama, esate baterako. Ikasleen graduazioetatik 40 edo beste edozein urteurren bete izana ospatzeko elkartzen diren beteranoetara, milaka estatubatuarren jomuga da Bourbon Street, tarteka gustu handirik gabea ere bai. Maison Bourbon jazzeko gune mitikoa kale horretan dago oraindik, baina musika zaleak beste txoko batzuk bilatu ohi ditu, Auzune Frantsesean asko urrundu gabe. Preservation Hall historikoa, kasu. Mississippiren handitasuna St Louis katedraleraino helduta, Jackson plaza zabala irekitzen da Mississippi ibairaino. Turistak, bertakoak, musikari taldeak eta beste jende askoren biltokia da. Decatur kalea igarota dator tranbia, eta ibai zabala, milaka kilometro eginda deltan itsasoratzeko prest, hiria bera itsas-mailatik behera uholdeen mehatxupean dagoela gogorarazten. Aldameneko azokak frantses kutsua dauka, izenetik hasi (Marché) eta inguruko guneetara. Amaieran jazzaren museoa ageri da. Interesgarria da, zelan ez, baina ezin ahaztu museotik kanpo musika bizi-bizirik dagoen hiri batean gaudela. Frantses auzunearen mugara iritsi gara izan ere, eta Marigny auzunearen sarrerako Frenchmen kalea sentimenen gozagarri suertatzen da: Bourbon Street inoiz zena irudikatu dugu, egungo neurrigabekeria eta gustu txarreko turismoa kenduta. New Orleanseko zuzeneko musikaz giro atseginean gozatzeko txokoa da Frenchmen, hogei lokal baino gehiago (The Spotted Cat Music Club ezaguna tartean), egunero daude zuzeneko emanaldiak. Gainerakoan, liburu eta disko dendak, jateko leku atseginak eta mural ederrez jositako lekua da hau. Iritsitakoaren lilurarekin, badakigu datozen egunetan ere behin baino gehiagotan ibiliko garela Frenchmen kalean. Hiriaren kutsu karibetarra arkitekturatik harago doa, eta halaxe bilatu dugu bigarren konexio garrantzitsua: sukaldaritza. Gastronomia maite duenarentzat gutxi baitira Hegoaldeko bazter hauek baino egokiagoak, cajun eta kreole plateretan itsaskiak, arroza, indabak, zapore minak eta postre goxoak tartekatu ohi dira. Po-boy otarrainxkaz betetako ogitartekoetatik jambalaya indartsura (arroza, barazkiak, haragia edo itsaskia eta pipermina), egunik egun Louisianako platerak ezagutzeko borondatea dakarkigu, sabela beteta eta ahoa bero-bero irtenda ere jatetxetik. Gumbo izenak gorde ditzakeen saltsa, karramarro, piper eta bestelako osasgaiak ezagutzen bakarrik oporraldi oso bat eman liteke, plater bera behin ere errepikatu gabe. Euskal konexioa Louisianako gastronomian badago ezagun egiten zaigun izen bat, New Orleansen sortuta ere Estatu Batuetako leku gehienetan aurki daitekeena: Zatarain. Poydrass kaleko mural handi batek gogorarazten du 1889an hemen sortu zela Zatarain’s (bai, ’s eta guzti), Pasai Donibaneko arbasoak zituen Emile Zatarainen eskutik. Idahora joandako artzainen eta Floridara etorritako puntisten aurretik, New Orleansek eta inguruko eskualdeak izan zuen euskaldunekin harremanik, eta egun ere nabari da begi-belarriak pixka bat zorroztu eta kaleen izendegiari erreparatuz gero. XVIII. mendean Bilboko portuak lotura zuzena izaten saiatu zen Louisiana Frantziaren eta Espainiaren menpe egon zen urteetan, eta euskal jatorriko gobernadore eta agintari ugari izan zituen lurraldeak, AEBen menpe geratu arte. Hiriaren kanpoaldean Mississippiren ertzean dauden etxaldeetako batzuk ere ageri izan zuten lotura hori, “Roncal” edo “Rienzi-Egania” izenekoak, kasu. Plantation edo etxalde dotore horietara txango ugari antolatu ohi dira New Orleansetik, zalantzarik gabe AEB Hegoaldeko eraikin bereizgarrienetakoak dira, baina memoriarik lazgarrienaren adibide ere bai, esklabotzatik eta esklabotzarako altxatutako etxeak izan baitziren. New Orleansen ezin lapurtar ondarerik ere falta, noski. Hiriko eta eskualdeko izenik ezagunenetakoa, baionar jatorriko kortsario batek emana da: Jean Lafitte. 1803an hiria eta Louisiana AEBetara igaro zirenean, aldameneko bayou (aintzira) batean “Barataviako erresuma” sortu zuen Lafittek, Pierre anaiarekin batera. Kontrabandoaren gune garrantzitsu bihurtu zen. Egun, behin eta berriz ageri zaigu izena hirian: Lafitte's Blacksmith Shop, esaterako, hiriko eraikinik zaharrenetakoa da, eta Estatu Batuetan erregistratutako tabernetan ere antigoalenetakoa. 40ko hamarkadan Cafe Lafitte giro bohemioen gunea izan zen, eta herrialdeko gay tabernarik zaharrena dela esaten dute. Historia eta natura Tabernatik bertatik Louis Armstrong parkearen argiak nabari dira, Treme auzunean sartuta dagoeneko (izen bereko telesail bikaina hirira joan aurreko abiapuntu ezin hobea da. A, eta auzunearen izen ofiziala… Treme-Lafitte da). Jazzaren figurarik garrantzitsuenari omen egiten dion parke atsegina izateaz gain, Congo plaza ere badu bere barnean, izenetik bertatik agerian afrikar lotura. XIX. mendean beltz esklabo zein liberatuen topagunea izan zen, vudua, hoodooa egiten zen, eta brass-band musika bandek jotzeko txokoa ere izan zen. Jazzaren jaiotzarako ezinbesteko lekua da Congo plaza. Baina lapurtar kortsarioaren izena inon gorde bada, Jean Lafitte National Historical Park and Preserve gune naturalean da. New Orleanseko leku askotan aurki daitezke hiriaren inguruko bayou eta ibaiadarretan ontziz txangoak egiteko aukerak, baina norbera ere erraz asko joan daiteke Jean Lafitte parkera, autoa izanez gero. Doakoa da sarrera, eta hiri ezin bereziago honen kontrapuntua jartzen du, Louisianako paisaian murgilduz, hitzaren esangura betean, paduren gainetik eraikitako egurrezko pasabideetan txango ezin hobea da. Kontu pixka batekin eta errespetuz ibili behar da, hori bai, gutxien espero dugunean aligatore handiren bat topatzeko bide bazterrean. Hiria ez dago urrun, tartea txalupa turistikoen motorren hotsa entzuten da, baina era berean parkean zeure erritmora zoaz Louisianako ikuspegiez gozatuz. Itzuleran New Orleans beti bezain bizi egongo da, musika lagun kaleetan berriz galtzeko.