Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. 2023 OTS. 23 - 09:21h «Etenaldi mugagabea» iragarrita, 2024ko otsailean jarri du Huntza taldeak azken dantzarako zita 2014an hasi zuen ibilbidean «etenaldi mugagabea» egingo du Huntza talde gipuzkoarrak. Jaiotzatik hamar urtera, hain zuzen, 2024an esango dute agur. Otsailaren 3rako jarri dute hitzordua, Miribillan (Bilbo). Huntza taldearen NAIZ Kontzertua, 2020ko ekainean, Durangoko Plateruenan. (Gaizka PEÑAFIEL) NAIZ Sarean milioika ikustaldi lortu dituen ‘Aldapan gora’ kantaren bideoklipa grabatu zen toki beretik iragarri dute Huntza taldeko sei kideek (Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Aitor Huizi, Aitzol Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altube) «arnasa hartu eta indarberritzeko astia» iritsi zaiela. «Etenaldi mugagabea» egingo du taldeak, baina ez berehalakoan. Azken emanaldia urtebete barru eskainiko dute, 2024ko otsailaren 3an, Miribillan (Bilbo), ‘Azkena balitz bezala’ lemapean. Laster jakinaraziko dituzte zita horren inguruko xehetasun guztiak, baina adierazi dute, lelo horri jarraiki, horrela bizi nahi dutela ordura arte eszenatoki gainean emango duten une bakoitza. Azkena balitz bezala. Ez da denbora asko pasako, gainera, iragarpen hau ezagutarazi eta Huntzakoak taula gainean ikusten ditugun arte. Izan ere, larunbat honetan Durangon egingo den 40 Minutu Rock jaialdian izango baitira. Unibertsitate garaian, Bilboko Alde Zaharreko kaleetan osteguneroko triki-poteotan, elkartu ziren sei gazte gipuzkoarrek osatu zuten Huntza, 2014. urtean. Bi urte beranduago, 2016ko martxoaren 8an, lehen kantua plazaratu zuten ‘Harro gaude’, oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omentzen zituena. Ordutik honakoak aski ezagunak dira, baina ez dator gaizki gainetik bada ere gogoratzea, urteotan lortu dituztenei tamaina hartzeko bada ere. ‘Aldapan gora’ abestiarekin sekulako arrakasta lortu zuen taldeak bost lan kaleratu ditu: Ertzetatik (2016), Lumak EP-a (2017), Lasai lasai EP-a (2018), Xilema (2018) eta Ezin ezer espero (2021). Argentina, Uruguai eta Japonian ere emanaldiak eskaini zituen taldeak NAIZ Kontzertuak ekimenean ere parte hartu zuen, 2020ko ekainean. Julieta Venegas artista mexikarrarekin kolaborazio bat ere egin zuten, ‘17:21’ abestian. Agurrerako data jarrita dago eta beraz, taldekideek beraiek agindu bezala, bide bakarra dago hura iritsi arte. Kontzertu bakoitza azkena balitz bezala gozatzea. «Argiak itzaltzean –eskatu du taldeak– piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen».