GAIAK

EHZ festibala Irisarrin egingo da ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean

Aurten Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare, besteak beste, izanen dira Euskal Herria Zuzenean festibalean. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean egingo da, Irisarrin, eta sarrerak salgai daude jada.

Aurtengo edizioa Larzabalen aurkeztu da, prentsaurreko batean. (Patxi BELTZAIZ)

Sugea bezala sigi-saga segitzen du bere bidea EHZ-k. Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondoren, aurten, laugarren urtez, Irisarrin egingo da. 27 urtez eraikitako ondarean sustraituz, EHZ etengabe azalberritzen da: «gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar-korapilaturik, EHZ-ren Herensugea gorpuzten» dutela nabarmendu dute antolatzaileek larunbat honetan eginiko prentsaurrekoan. Beraz, Euskal Herria Zuzenean festibalaren edizioa berria heldu den ekainaren 30etik eta uztailaren 1/2an iraganen da, Irisarrin.

Urratsez urrats eta herriz herri, ‘EHZren Herensugeak’ ideia, «praktika eta soinu anitzak zintzilikatzen segitzen ditu ibiltariaren gerrenaren adarretan», azaldu dutenez. «Biharko belaunaldiek Herensugea xingola berriekin janzten segi dezatela. Berriz ere, denek osatzen dugun Herensugea plazara jautsiko da, Irisarrin, kulturaren pindarrak zazpi haizetara ufatzeko, auzolanaren sua pizteko eta euskaratik euskarara arnasteko», gaineratu dute.

Hala, azpimarratu dute urtean zehar EHZ-ak Euskal Herriko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramaten dituela. Horien artean, joan den urtean Ipar Euskal Herriko ikastetxe ainitzetan euskal kulturaren inguruko saio pedagogikoak antolatu genituen, urririk, eta aurten esperientzia hori errepikatuko dute.

«Oroitarazten dugu ere urtean zehar Erasoen Kontrako Brigada-k (EKB) eta laguntzaileek erasoen kontrako protokoloa lantzen dutela, festibal denboran izan daitezkeen jarrera sexistak, homofoboak eta arrazistak saihesteko. Festibalean ez dugu inongo erasorik onartuko», azpimarratu dute.

Antolaketa

Aurtengo edizioari dagokienez, formula bera mantentzen dute. «Egunean zehar ‘Urririk’ izanen den plazan mota ezberdinetako animazioak izanen dira (zirku, kontzertu, haurren xokoa etab.). Ondoko Ospitalea kultur etxean gaur egungo erronken inguruan trukatzeko parada izanen da hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren bidez.

Arratsean, iaz bezala bi eszenatan banatua izanen den pentzean segituko dute kontzertuek. «Kapitalismoak eragindako krisi bete- betean garen honetan, gure ahalegin guztiak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin», nabarmendu dute. Azkenik, Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituzte.

Lehen izenak

Egitarauari dagokionez, azken urteetako ildotik segitzen dute, «ahal bezain musika estilo anitza oholtzarat eramanez, doinu eta adierazpen mota ezberdinak deskubriaraziz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz», adierazi dute. Besteak beste, aurten talde hauek izanen dira oholtza gainean: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak, Muare. Antzerki, zirko edota dantza ikusgarriek ere programazioa osatuko dute. Horien artean Ertza konpainiaren ‘Otempodiz’ dantza sorkuntza izanen da ikusgai.

Gaurtik goiti eta martxoaren 12ra arte, hiru eguneko sarrerak 40 eurotan salgai dira EHZ festibalaren webgunean. «Ondotik, apirilean ekinen diogu berriz sartzen salmentari, egunez eguneko sartzeak berantago etorriko dira eta festibalean laguntzaile izaiteko izen-emateak apirilean zehar irekiko ditugu», adierazi dute.