2023 MAR. 06 - 19:22h Hazparneko La Maison de Pierre jatetxeak lehenengo Michelin izarra eskuratu du Hazparneko La Maison de Pierre jatetxea Michelin gidan sartu da. Biarritzeko Le Palais-etik heldutako Nicolas Montceau sukaldariak eta Julien Bonnal gozogileak partekatzen duten egitasmoak lehen izarra eskuratu du. Orotara 12 jatetxe izardun badira Ipar Euskal Herrian. Nicolas Montceau sukaldaria eta Julien Bonnal gozogilea. (Facebook) NAIZ Hazparneko La Maison de Pierre jatetxea Michelin gidan sartu da. Nicolas Montceau sukaldariak eta Julien Bonnal gozogileak partekatzen duten egitasmoak lehen izarra eskuratu du. Biarritzeko Le Palais-en hiru urtez elkarrekin lan egin ondoren Montceau eta Bonnal badira sei urte bere ateak zabaldu zituen La Maison de Pierre jatetxeari lotu ziren. Herriko mozkinetan oinarrituz sukaldaritza sortzailea aldarrikatzen dute biek ala biek. Estrasburgen eginiko ekitaldian jakinarazi dute astelehen honetan Michelin Gidako kudeatzaileek aurtengo izarren uzta. Orotara Ipar Euskal Herrian kokaturiko 12 jatetxe izanen dira izar preziatu baten jabe. Horietatik 11k lehenagotik bazuten aipaturiko ikurra atxikitzea lortu dute. Berez beste jatetxe batek bazuen Michelin izarra. Izan ere L'Atelier d'AB jatetxeak berriki bere ateak hestea erabaki du. Ondorioz Biarritzeko jatetxeak utzitako izarra Hazparnera joan da. Hauek dira 2023ko Michelin Gida begiraturik izarra gorde duten Ipar Euskal Herriko jatetxeen zerrenda: - Ainhoa: Ithurria - Arrangoitze: Moulin d’Alotz - Biarritz : La Rotonde - La Table d’Aurelien Largeau - Biarritz : Les Rosiers - Biarritz : L’Impertinent - Bidart : La Table des Freres Ibarboure - Donibane Lohizune: Kaiku - Ezpeleta: Choco Ona - Getaria: Briketenia - Senpere: L'Auberge basque - Ziburu: Ekaitza Hamaika jatetxe horiek osatzen duten zerrendari gaurdanik Hazparneko Urkurai auzoan kokatzen den La Maison de Pierre jatetxea gehitu behar zaio.