2023 MAR. 09 - 16:55h ‘Hautsi da anphora’, Bilbo eta Arestiri idatzitako amodiozko kantak bizirik jarraitzen du «Munduan ibiltzeko poesiak behar du ibilgailu bat. Onenetarikoa musika da: poema bat kanta bihurtzen denean, badoa gizartean barrena», aipatu du Bernardo Atxagak. Hori gertatu zaio Ruper Ordorikaren ‘Hautsi da Anphora’-rekin, klasikoa bihurtzeraino iritsi arte. Diskoak bigarren loraldia bizi du. Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika, Bilboko kaleetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Amaia Ereñaga Bilbo Ruper Ordorikak berak ez du gogoan lau hamarkada luze hauetan zenbat berrargitalpen izan dituen ‘Hautsi da Anphora’ (1980) diskoak. Baina asko dira, ugari, denborarekin klasiko bihurtu baita. Ostegunean, Bilboko Loraldia jaialdiren 9. edizioaren baitan, Pamiela argitaletxeak kaleratu berri duen ‘Hautsi da Anphora zuzenean’ bertsio berrituaren cd-a aurkeztu dute. Orain 43 urte Oñatiko musikari gazte batek plazaratutako bere lehen disko honek –«nire lehen disko pirata izan zen, inork ez zekielako argitaratuko genuenik», aipatu du Ruper Ordorikak– gure kulturan tsunami antzeko bat sortu zuen. Egun gure kantagintzaren ernamuintzat hartzen da lan hau. Asteasutik ‘kapitalera’ iritsitako Bernardo Atxaga izeneko beste idazle gazte baten poema surrealistak, berritzaileak, ordura arte euskal poesiagintzan pentsaezinak zirenak, 80. hamarkadako Bilbo gris eta bizi hartan bor-bor atera zen mugimendu kulturalaren isla izan ziren. Beste mundu bat zen, rock eta folk doinuz hornitua. Zazpi Kaleetan Bilboko Zazpi Kaleetako Bira kulturgunea jendez lepo zegoen ostegun goizean diskoaren aurkezpenean. Ikusleen artean, euskal kulturgintzako aurpegi ezagunak, besteak beste Pott banda hartako partaideak izan zirenetariko batzuk. 2022an diskoaren kanta guztiak berreskuratu eta plazarik plaza eraman zituen Loraldiak Korrika Kulturalaren eskutik, arrakasta handiko bira txiki batean. Pott bandakoak ere batu zitzaizkien oholtza gainera Ruper Ordorika eta Mugalaris bandari: Josemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla... beste hainbat lagunekin batera; Josu Zabala, Joseba Irazoki eta Iñigo Goldaracena kasu. Diskoak ‘Hautsi da Anphora’ haren jatorrizko hamar kantak biltzen ditu, zuzeneko bertsioan, eta gehitu zaizkio Bernardo Atxagak oholtza gainean egindako sei irakurtaldiak. Oinarrizko azala, Juan Carlos Eguillor handiaren irudi ikonikoa zuena, cd-aren barnean azaltzen da; eta cd berri honetan bere beste irudi bat ezarri dute, Bilboko beste marrazki bat. Ez du zerikusirik Galdakaon ia artisau erara grabatutako disko harekin: «Musika ere antipodetan zegoen, beste parametro batzuk zeuden», esan du Ruper Ordorikak. Oroitzapenak, falta direnak eta daudenak Bilbok eta Gabriel Arestik, Arestik eta Bilbok protagonismo berezia dute lan honetan, istorio honetan. «Gabriel Arestirengandik jaso genuen Bilbo, ez Arantzazu, ulertzen didazue [begirada maltzurra]. Eta Arestirengandik jaso genuen ere haren euskara, oso desberdina zena, ordura arte euskal kulturan ibiltzen zen euskara hornitu eta kristautik oso desberdina zena», aipatu du Bernardo Atxagak. 1978an argitaratu zuen ‘Etiopia’ poesia liburua Atxagak, ordura arteko euskarazko poesia moldeekin hausten zuen liburua eta Kritika saria jasoko zuena. Bi urte beranduago, Pott Banda literatur taldean bidaide izandako Ruper Ordorikak diskoa osatu zuen liburu hartako poemekin. «Hi hintzena / bi arraia zaharren gurutzaketa / galdu da, galdu haiz / hautsi da anphora / eta mila ispilutan multiplikatua / ez haiz / azken irudi ezabatua baino / ilunaz zipriztinatuz bekokia / eta hausterrez / laberintoaren harri-txintxarretan / zauritzen hire oin birjinak, dio ‘Hi hintzena’. «Eta ‘Hautsi da anphora’, zergatik? –galdetu dio bere buruari idazleak– Anphorak ardoa eta espeziak gordetzeko balio zuen, baita etxe bateko hondarrak eta etxe hartako hildakoen hondarrak gordetzeko ere. Beraz, etxe bateko memoria ere bada. Bilbora etorri eta hiriaren eraginez, kolpetik ulertu nuen nire eta ni bezalakoen ordura arteko bizimodua bukatuta zegoela. Alegia, guk frankismoaren garaitik jasotakoa bukatuta zegoela, ez zegoela hor etorkizunik. Eta ez zegoen etorkizunik, alegia, lehengo ildo eta hari horretatik ezin zelako ezer funtsezkorik edo garrantzizkorik esan, bizitza dagoeneko beste toki batean zegoelako. Eta hizkuntzak berak, euskarak berak, eta guk ere bizitza horren atzetik joan behar genuela». Memoria edo anfora hura puskatu behar zuten, bide berriak eta lengoaia berriak aurkitu. Esaterako, ordura arteko euskararen konbentzioekin. Ordorikak gogora ekarri ditu Bilbo langile, gatazkatsu, gris koloreko hartan bizi izandako garaiak, kale haietan beste hainbat lagunekin ezagututakoak: Txema Larrea, Jon Juaristi, Jose Julian Bakedano... Hiriari idatzitako maitasun gutun bat kontsidera daiteke diskoa: «Garai bateko gizakiek kobazuloetan marrazkiak egiten zituzten eta baliatzen ziren harkaitzen pitzadura edo konkorrak zaldiak marrazteko. Nik uste dut Bilbo guretzat kobazuloetako pitzadura edo konkor haiek izan zela, baliatu zitzaigulako Bilbo hutsetik abiatu eta eraiki nahi genuen lenguaje berri hori burutzeko». «Eta Bilbo zer da?», gehitu du. «Bilbo Gabriel Aresti da». Poeta handi honengandik jaso zuten beste euskara bat, euskara modernoa. «Esparta Liliput, higan bainatzen ditun kokodriloak, eta ez haunat inoiz negarrez ikusi» esaldiarekin hasten da ‘Esparta Liliput’ kanta. Surrealismoa eta hitanoa... «Nik aurreneko aldiz Gabriel Arestik bere emaztea Meliri eskaini zizkion poemetan ikusi nuen hitanoa erabiltzen poesian. Joer! Niretzako hitanoa oso hurbilekoa da!». «Bilbok eman zion Bernardori abiapuntua, baina nik uste dut gaia haratago doala, anitzagoa da ‘Etiopia’-n agertu zena. Hizkuntza, lengoaia edo mintzaira bat erdiesten da liburu horretan. Oraingo hizkuntza estandarrean etengabe ditugun ‘soilik’ edo ‘abian’ hitzak lehenengoz entzuten genituen. Behar zen gure egia kontatu eta horretarako behar dira hitzak egokitu, eta nik uste dut hor dagoela ikaragarrizko jauzia. Ezin daiteke egungo perspektibatik ikusi. Esaterako, 80. hamarkadan entzuten zutenean ‘Esparta Liliput, higan bainatzen ditun kokodriloak’, esaten zuten: ‘Zer pasatzen zaio mutil honi? Zoratu da?», gehitu du Ruper Ordorikak.