GAIAK

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Garuneko paralisia tratatzeko munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa frogatu dute Gipuzkoan

Proba pilotu baten testuinguruan, garuneko paralisia duten Gipuzkoako hamabost haur ari dira munduan sortu den lehen exoeskeleto pediatrikoa frogatzen, tratamendu pertsonalizatuak aplikatuz. Marsi Bionics enpresak egin eta Aita Mennik erosi du, Aspace eta Gipuzkoako Aldundiaren lankidetzari esker.

Exoeskeleto pediatrikoaren funtzionamendua azaldu dute Aspacen, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoan exoeskeleto pediatriko batekin banaka diseinatutako tratamenduaz hasi dira jasotzen herrialdean lehenenego hamabost haurrak. Munduan dagoen horrelako lehen aparatua da, eta dagoeneko erabiltzen ari dira garuneko paralisia eta antzeko mugimendu asaldurak dituzten umeekin. Goienetxe Aspace Gipuzkoak Donostian dituen instalazioetan egiten da terapia intentsiboa, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako profesionalen baterako lanari esker.

Exoeskeletoa Marsi Bionics enpresak egin eta Aita Mennik erosi du, Aspace Gipuzkoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren lankidetzari esker.
    
Gipuzkoako Aldundiak astelehen honetan ohar bidez azaldu duenez, iazko urrian hasi ziren terapia frogatzeko saioak egiten. Zehazki, hamabost adingabeak hiru taldetan banatu dituzte. «Proba pilotu hau amaitutakoan, ondorioak atera eta baloratuko da tratamenduarekin jarraituko den eta haur gehiagori zabalduko zaien».

Exoeskeletoaren ezaugarriak direla eta, 4 eta 13 urte artean dituzten eta autonomoki mugitu ezin duten adingabeek erabil dezakete. «Haur bakoitzari bere helburu pertsonala lortzen laguntzen dio tratamenduak, dela mugikortasuna hobetzea, dela oinez ibiltzea», adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako arduradunak astelehenen honetan bildu dira Aspace Gipuzkoaren Donostiako egoitzan, aurrerapenak partekatu eta lankidetza bide berriak aztertzeko.

Asistentzia programak 24 asteko iraupena du, eta 15 haurrek astean 4 saio egin dituzte 6 astez, nahiz eta azken taldeak oraindik ez duen tratamendua amaitu. Aurreikusten da, gainera, datozen asteetan laugarren talde bat eratuko dela 5 haur gehiagorekin eta, beraz, berrikuntza proiektu hori 20 adingaberi aplikatuko zaie. Aspace Gipuzkoatik azaldu dutenez, familiek harrera «bikaina» egin diote ekimenari, haur bakoitzaren behar eta helburuetara egokitzen delako.

Helburu nagusia martxa berreskuratzea ez bada ere, badira bizi-baldintzak hobetzeko oso garrantzitsuak diren beste helburu batzuk ere: artikulazio-maila handitzea, muskulu indarra hobetzea, goiko gorputz adarretan funtzionaltasun handiagoa izatea, hala nola arnasketa funtzioa hobetzea, interakzio soziala eta bizipen pertsonalak.

Zortzi urtez garatu den exoeskeletoa

Atlas 2030 exoeskeleto pediatrikoa modu autonomoan ibili ezin duten haurrentzat diseinatu da bereziki. Munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa da eta gailu elektromekaniko adimendun hau merkaturatu du Marsi Bionics konpainiak.

Zortzi urtez garatu ondoren, 2022ko maiatzean CE zigilua lortu zuen, ospitaleetan eta errehabilitazio kliniketan erabiltzeko. Robota zortzi artikulazio aktibok osatzen dute, muskuluen funtzionamendua imitatzen dute eta haurrei eusten eta ibiltzen laguntzen diete.
    
Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendari kudeatzailea itxaropentsu agertu da. «Espero dugu proba pilotu parte hartzen duten adingabeek bizi kalitatea eta espastikotasuna hobetuko dituztela exoeskeletoa erabilita, nerbio zentralaren nahasmendu horrek mina eta muskuluak gogortzea eragin eta mugikortasuna mugatzen baitu», azaldu du.

Gaineratu duenez, proiektuarekin zehaztu nahi da exoeskeletoa erabiltzeak haurren eguneroko bizitzako jardueren prozesuan eta errehabilitazio-ekintzetan duen eragina, bizi kalitatearekin, osasunarekin, gizarteratzearekin eta profesionalen eta familien balorazioarekin lotutako aldagaiak neurtuta.