2023 API. 19 - 11:15h Ziurgabetasun garaietan itxaropenak duen balioa goraipatu du Orsaik ‘Tu estrella’ singlean Itxaropenari egin dio gorazarre Orsai musika taldeak ‘Tu estrella’ singlean. Kantua Aspanovas, minbizia duten Bizkaiko haur eta nerabeen elkarteko kideekin batera osatu du Athleticeko jokalariek osatzen duten musika taldeak, eta biltzen duten dirua elkarteari laguntzeko baliatuko dute. NAIZ Orsai musika taldeak eta Aspanovas, minbizia duten Bizkaiko haur eta nerabeen elkarteak eskutik helduta osatu dute ‘Tu estrella’ kantua. Singlea eta bideoklipa asteazken honetan sareratu dituzte eta, azaldu dutenez, abestiaren bidez ziurgabetasun garaietan itxaropena mantentzeak duen balioari egin nahi izan diote gorazarre. «‘Tu estrella’ une zailetan ematen den laguntza da; iluntasunean argia aurkitzera animatzen gaitu, une oro elkarren ondoan egoteko hitza emanez, oztopoak elkarrekin gainditzearren», azaldu dute. Orsai rock taldea Athleticeko futbolari profesionalek osatzen dute, zehazk Oscar De Marcos, Mikel Balenziaga, Mikel Vesga, Dani Garcia, Iñigo Lekue eta egun Alavesen utzita dagoen Asier Villalibre dira taldekideak eta, ‘Tu estrella’ kantua osatzeko, Aspanovas elkarteko kideen partaidetza izan dute. Kantua eta bideoklipa plataforma nagusietan sareratzeaz batera disko bat ere argitaratuko dute, apirilaren 28tik aurrera eskuratu ahalko dena Athletic Club-eko dendetan, kioskoetan eta osopolita.org webgunean. Aurreratu dutenez, singlearekin eta diskoaren salmentarekin biltzen duten diru guztia minbizia duten haur eta nerabeentzat eta haien senideentzat ingurune duin bat sortzeko programak bultzatzera bideratuko dute, gaitza gainditzeko prozesua errazte aldera. ‘Tu Estrella’ abestiaren bideoklipa TAOMek grabatu du Orsai taldeak entseguak egiten dituen lokalean, eta taldekideak Aspanovas elkarteko gurasoekin batera agertzen dira, elkarrekin abesten eta jotzen. Bideokliparen amaieran, Mikel Laboraren ‘Txoria txori’ abesten dute denek batera.