GAIAK

‘Denak begira daudelaik’ kantua erreferentzia musikalez jantzi du Olaia Inziartek

Olaia Inziarte abeslari nafarrak besteen bizitzen gidari lanak egiten dituztenei kritika egin die ‘Denak begira daudelaik’ single berrian. Euskal kantuen erreferentziez betetako abestia eta bideoklipa sareetan daude jada.


Askapen pertsonalaren gaineko oihu bat da ‘Denak begira daudelaik’, Olaia Inziarteren kantu berria, besteen bizitzen gidari lanak egiten dituztenen aurkako kritika. Panda Artistetik nabarmendu dutenez, Oronozko abeslariaren lan berriak «gainontzekoen espektatiben morroiak garela» islatu nahi du eta norbanakoaren ekintzen atzean dauden asmoak utzi nahi ditu agerian, egiten den hori «nori edo zeri begira egiten dugun hausnartu».

Kantuan beste artista batzuen erreferentziak ere egiten ditu Inziartek. Zehazki, Itoizen ‘Espaloian’ kantuko ‘gu, gu kalean zehar, erropa iluna, aurpegi txuria’ esaldi aski ezaguna baliatu du, eta Sorotan Bele talde gipuzkoarrari ere egiten dio keinu, ‘sorora jautsi dira beleak, eta ni zerura begira’ esaldiarekin.

Panda Artistetik nabarmendu dutenez, Rosalia da kantari nafarraren «inpirazio iturrietako bat» eta, hala, artista katalanaren ‘Sakura’ kantuko esaldi moldatu bat ere erabili du kantu berria osatzeko. Rosaliaren ‘La que sabe sabe, que si estoy en esto es para romper’ esaldiari itzulia eman eta ‘Badakienak badaki: ni ez nintzake honetan sartuko bazterrak nahasteko ez balitz’ aipatzen du kantuan.

Errepikarako ere baliatu ditu euskal kantutegiko erreferentziak. ‘Txiki-txikitik’ kantu tradizionalaren aipamena egiten du eta, horrekin batera, «norberaren azken orduan ‘zeru’ propiora nor (eta zer) eramanen genukeen inguruan gogoeta egin du; azken batean, garrantzia duena eta dutenak zeintzuk diren nabarmendu» nahi izan du Inziartek.

Kritika egiteko ere baliatu du kantua. Batetik, mezu itxuratiak arbuiatu ditu, ‘irinak sobran eta falta duzue mamia’ gisako esaldiekin, eta, bestetik, merkatua artisten irudiaz baliatzen dela ere salatu du. Hausnarketa horretan, «arerio» sentitzen duen munduarekiko babesa ere bilatu du: ‘A ze mundua iragarri den, emaidazu besarkada bat. Agintarien dolua hemen, erne segitzen duzulako’.