GAIAK

Minbiziaren inguruko ikerketa sustatzeko bandera erraldoi bat zabaldu dute Bilbon

Minbiziaren inguruko ikerketa bultzatu dadila eskatzeko bandera erraldoi bat zabaldu du Bilbon Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak ostegun honetan. Helburu nagusi bati heldu nahi dio elkarteak: 2030erako minbiziaren biziraupen tasa %70ekoa izatea.

Ikerketa bultzatu dadila aldarrikatzeko bandera erraldoia zabaldu dute Bilbon hainbat erakundeetako ordezkariek. (AECC)

Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak bandera erraldoia zabaldu du Bilbon, «munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena» den gaitzaren inguruko ikerketa indartu dadila aldarrikatzeko.

Minbiziaren inguruko datuak kezkagarriak dira: bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek izango du minbizia beren bizitzan zehar eta, aurreikuspenen arabera, 2030erako 16.000 kasu berritik gora egongo dira EAEn, iaz diagnostikatu zirenak baino mila gehiago.

Gaitzak gogor jotzen du, baina erdiak baino gehiagok gainditzea lortzen du: biziraupen tasa %55,3koa da gizonen artean eta %61,7koa emakumeen artean. Helburua, zehaztu du elkarte bizkaitarrak, 2030erako %70eko tasa lortzea da eta, horretarako, ikerketa ezinbestekoa dela aldarrikatu du.

Hain zuzen, minbiziaren inguruko ikerketa bultzatu dadila eskatzeko atera da kalera Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea ostegun honetan, diru-bilketaren egunean. Erakunde publikoak, ikerketa zentroak, elkargo profesionalak, ikastetxeak, unibertsitateak edo bestelako enpresak ere badu dira aldarrikapenera, 26 guztira. Zehazki, Bilboko Areatza pasealekuan zabaldu duten bandera erraldoia elkarte horiek guztiek sindatu dute.

Bandera zabaltzeko ekitaldian, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko burua den Mila Gullonek inplikatutako erakunde guztien konpromisoa eskertu du eta, era berean, «guztiok minbiziaren aurka batzeko eta gizarte osoari lankidetza eskatzeko» beharra azpimarratu du, ikerketa onkologikoa sustatze aldera.

Izan ere, elkarteak nabarmendu duenez, %70eko biziraupen tasa lortzeko, «beharrezkoa da ikerketa onkologikoa sustatzen jarraitzea, gaixotasun honek sortzen dituen desberdintasunak ezabatzea eta minbizia duten pertsonei ikerketaren emaitzak eta medikuntza eta tratamendu berritzaileenak eskuratzeko aukera bermatzea». Bide horretan sakontzeko, elkarteak ‘%70eko biziraupenaren erronka’ izeneko 10 milioi euroko laguntza deialdia zabaldu du biziraupen baxuena duten minbiziak ikertzeko.

Minbiziaren Aurkako Elkarteak 50 urtetik gora daramatza minbiziaren gaineko ikerketa sustatzen eta 104 milioi euroko inbertsioa egin du garapenean dauden 565 ikerketa laguntzatan. Egun, 20 ikerketa-laguntza babesten ditu, 4,6 milioi eurotik gorako zenbatekoa bideratuta.